Kexu ginen, betiereko kanpaina nekosoan harrapatuta geundelakoan, eta hara non joan zaigun kanpainaren erdia ia kanpainarik gabe. «Benetako kanpaina orain hasten da», esan zuen herenegun Errenterian Imanol Pradales lehendakarigai jeltzaleak, garai bateko elkarretaratze jendetsuen ordezko ekitaldi portatil horietako batean. Hori horrela bada, eta baiezkoan nago, ez dakidana da astebete nahikoa izango ote duten hautagaiek inoiz baino beharrezkoagoak dituzten mantenuerdiko hautesleengana iristeko, 21eko azterketa gutxieneko lasaitasunez gainditzeko ez baita aski botoa helbideratuta dutenen sostengua. Horiekin ere ez asko fio.
Bala-bala dabilen ereduaren eta horri atxikitako proposamen zehatzen arteko aldeak —baliteke nahikoa izatea ñabardura hitza— nabarmentzeko kapaz izateaz gain, izango ote dute hautagai berriok berezko irudi bereizgarria eraikitzeko astia eta gaitasuna? Atzokoan Ainhoa Villañok zioen moduan, «biztanleriaren zati handi batek ez ditu ezagutzen».
ETB1eko debateak izan zuen audientziaren arabera (noizko hauteskunde-eztabaiden eta El Conquis-en ingurukoen arteko crossover-a?), erakusleihoak ere ez dituzte langintza horretarako aproposenak. Datu txarraren alde onean, berriz, han gertatutakoak ez du eragin handirik izango hautagaiak identifikatzeko zailtasunak dituztenengan. Lagundu ere ez gehiegi, janzkera-kode bateratzailetik hasita: amerikana zuria emakumeentzat; alkandora zuria eta jaka iluna gizonezkoentzat; balekoak bakeroak; utikan gorbatak!
Lehen begi-kolpean —bigarrena ez hartu ziurtzat—, hantxe Antonio, Lorentxo eta Joxe Mari, Xabier Leteren eskutik hiru nagusiak aurkeztearren. Gizon itxuraz arruntok egin zuten lanari erreparatuz gero, txukunetik gorakoa iruditu zitzaidan Pello Otxandianoren eta Imanol Pradalesen jarduna. Bakoitzak beretik, eta berea jasotzen. Hirukoa osatzeko, Eneko Andueza ere ederki, Eneko Anduezaren rolean. Esperantzari kantua gainerakoena.
Astebeteren faltan, nekez aldatuko dira alkandoren eta jaken tonuak. Mezuenak, seguruenik, bai. Mundua ez bada gauetik goizera bestelakotu, zakartu egingo da. Bigarren mailako aktoreren batzuk ari dira egiteko horretan nabarmentzen. Geziak jaurtiko dituzte alde guztietara, baita gutxien espero diren jomugetara ere, adiskidetasunak bezain ezustekoak izan baitaitezke, beharrak estutzen duenean, areriotasunak. Izan prest aterkiak. Ea ez diren ezinbesteko bilakatzen ezkutuak.