Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak atzeratu egin du hezkuntzako graduen ikasturte hasiera —kirol arlokoa, ez—. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek gaur eta bihar dituzte aurkezpenak —lehen bi mailetan, aurrez aurre, eta beste bietan, Internetez—, baina ez dute eskolarik izango aste honetan. Igor Camino Ortiz de Barron fakultateko dekanoak BERRIAri adierazi dio erabaki hori hartu dutela lehen astea «patxadaz» hartzeko, eta hartara «hasiera egokia» bermatzeko.
Goizean jaso dute mezua hezkuntza ikasketetako irakasleek eta ikasleek. Dekanoaren arabera, egoera aztertzen aritu dira azken egunetan, eta eskolak atzeratzea erabaki dute. Haren arabera, azpiegiturak prest daude, baina «azken ukituak» falta dira, batez ere ekipamendu teknologikoei dagokienez.
Izan ere, ikasturte honek aldaketa nabarmenak ekarriko ditu EHUra. Besteak beste, mugatu egin dute geletako gehienezko ikasle kopurua, eta aukera emango dute eskolak Internet bidez jarraitzeko. Gainera, gel hidroalkoholikoa jarri dute sarreretan, eta unibertsitateko kideei aholkatu diete ez ditzatela «musuak eta besarkadak» eman. Sintomak dituztenei eskolara ez joateko ere eskatu diete.
Hezkuntza eta Kirol Fakultatean soilik ez, aldaketak izango dira beste zentro batzuetan ere. Adibidez, Gasteizko Letren fakultatean eta Ingeniaritza Eskolan lehen asteko eskolak ez dituzte aurrez aurre emango, Internetez baizik.
«Irakasleok haserre gaude»
Azken orduko aldaketek ezinegona eragin dute unibertsitateko komunitatean. Ainhoa Ezeiza Hezkuntza Fakultateko irakaslea, adibidez, Gasteizerako bidean harrapatu du eskolak atzeratzeko erabakiak. «Ari dira ea gauzak hobera doazen, baina ez da kasua. Erabakiak ez hartzeagatik atzeratzen da dena». Ohartarazi du ikasturte hasiera «kaosa» izaten ari dela, eta «ezer jakin gabe» ari direla.
Eskolak aurrez aurre emateko erabakiarekin kritiko da Ezeiza —irakasleei online prestakuntza ematen ari da urte luzez—: haren ustez, izan ere, oraingo egoeran ez dago modurik aurrez aurre aritzeko. Ohartarazi du ikasle batzuk izango direla gelan, baina erdiak etxetik arituko direla, eta eskolan bertan daudenei ez hitz egiteko gomendatu dietela. «Klase magistralak emateko, zertarako behar dute etorri?». Badituzte bestelako eragozpenak ere: jantokietan mugak dituzte, gelan ezin dira mugitu, garraiobideak ez dituzte ugaritu...
Egoera ikusita, Ezeizak dio «eztanda» egingo duela egoerak unibertsitatean. Ezinegona nabari du. «Beharbada, ikasleek planto egin dezaten zain gaude irakasleok». Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan grebara deitua dute sindikatu guztiek elkarrekin datorren asterako, eta ikasleen artean ere ari dira mobilizaziorako deia zabaltzen —Ikasle Abertzaleek egin dute deia, adibidez—.