Txertaketa abiada hartua da Euskal Herrian; ezinbestean, gero eta handiagoa da birusaren kontrako dosi bat hartua duten biztanleen kopurua. Ziztak jasotzeko bidean, beste mugarri bat erdiestear da Hego Euskal Herrian: kanpainak egungo erritmoari eutsiz gero, aurki herritarren erdiek izanen dute jarria dosiren bat. Azken datuen arabera, ehunekoa %47,34n dago orain; beraz, asteburuan gainditu liteke %50. Gainera, agintariek zehaztu dute %29,38k bi dosi dituztela hartuak.
Halere, COVID-19ari dagokion immunitateaz, prozeduren eta jarraitu beharreko urratsen gaineko azalpenak zehaztugabeak dira oraindik; asko dira zalantzak.
Gaitza jada izan dutenei emango zaie txertoa?
Bai, baina ñabardurak dira adinaren arabera. Hegoaldean, 65 urte baino gutxiago izan eta kutsatuak izan direnek txertoaren dosi bakarra hartuko dute; soilik lehenbizikoa hartuta, osatua izanen dute pauta —65 urte edo gehiago izanez gero, ohiko prozedurari eutsiko zaio, eta bi dosiak emanen zaizkie—. Iparraldean ez da adinaren araberako irizpiderik; zernahi edadekoa izanik ere, behin baizik ez dituzte ziztatuko. Bada beste jakingarri bat: osasun sistemek gomendatu dute sei hilabeteko tartea uztea gaitza pasatu denetik txertoaren dosia hartu arte. Zehazki, Iparraldeari dagokionez, sei hilabeteko tartea uztea hobetsi du Frantziako Osasun Aginte Gorenak, baina hiru hilabetean ezarri du muga, berez.
Hala, gaitza pasatu duten horiei atzeratu eginen zaie txertoa hartzeko eguna; printzipioz, osasun sistemek ez diete pertsona horiei deirik eginen sei hilabeteko denbora tarte hori iragan arte, ondorioztatuta baitago babesa badutela birusaren aurka. Sei hilabeteko tartea pasatutakoan eginen dute hots txanda emateko.
Zenbatekotartea utzi behar da dosien artean?
Janssen markako txertoak izan ezik, gainerakoek bi dosi behar dituzte, eta horrek egutegian bi txanda jartzeko beharra ekarri du, ezinbestean. EMA Sendagaien Europako Agentziak jasotako irizpideen arabera, AstraZenecaren bi dosien artean 4 eta 12 asteko epea gomendatzen da. Moderna txertoaren dosien artean, berriz, 28 eguneko tartea utzi behar da. Pfizerri dagokionez, 21ekoa.
Txertaketak oporrekin kointziditzen badu?
Hegoaldean, osasun sistema bakoitzaren esku dago txertaketa kanpaina. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, astelehenean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txertoa hartzeari «lehentasuna» emateko dei egin zien herritarrei, eta lehen dosian AstraZenecarena hartu eta bigarrenean hori bera nahi zutenei emandako oharpen bera eman zien: atzeratzen badira itxaron zerrenda batera joango zirela iradoki zuen. Nafarroan, momentuz ez dute horrelakorik proposatu.
Beste erkidego batean oporretan egonda, ziztada han har liteke?
Hainbat erkidegotako agintariek aukera hori proposatu dute: beste erkidegoetako turistei txertaketa erraztuko dietela aurreratu dute. Espainiako Osasun Ministerioaren eta erkidegoen arteko bileran argitu beharreko puntuetako bat zen hori asteon, baina, azkenean, ez zuten gai horren inguruko erabakirik hartu.
Bidaia baten dirua berreskura daiteke?
Bidaia egiteko aseguru bat kontratatu dutenei dirua bueltatuko diete COVID-19az kutsatu badira edo kutsatutako norbaitekin kontaktuan egoteagatik berrogeialdian egon behar izan badute. Baina, Izargi Bidaiak agentziako arduradun Roberto Roblesek ohartarazi duenez, aseguru horiek berez ez dute jasotzen txertoa hartzeko orduei lotutako atzerapenak argudiatzeko aukera. «Txertoa hartzeagatik bada, hori ez dago berariaz jasota kontratuetan, eta, seguruenera, aseguru etxeek kontratuaren hitz txikiei erreparatuko diete».
PCR probak doakoak izango al dira?
Ipar Euskal Herrian, PCR probak doakoak dira. Hego Euskal Herrian, berriz, arlo pribatuan egin behar dira, baldin eta medikuak berariaz eskatzen ez badu. Kasurako, Osakidetzak maiatzaren amaieran bidalitako barne zirkular batean lehen arretako unitateei ohartarazi zien ezin zutela eskatu PCR probarik bidaia bat egin nahi zuten pertsonentzat, ezta gurean egon eta jatorrizko herrialdeetara bueltatu nahi zuten turistentzat ere. Europako Batzordeak 100 milioiko diru laguntzak agindu zituen PCR proben prezioa arintzeko, baina, momentuz, ez dira gauzatu. Herrialde gehienetan sartzeko, PCR probek gehienez 72 ordu lehenago egindakoak izan behar dute. Zenbait herrialdetan antigeno testak ere onartzen dira, 48 orduko iraupenarekin.
Zer betekizun daude Europan bidaiatzeko?
Uztailaren 1ean COVID ziurtagiria herrialde guztietan erabilgarria izan arte, estatu kide bakoitzak bere irizpide propioak ezartzen ditu bidaiarien sarrera arautzeko. Gainera, bidaiariek duten abiapuntuaren arabera, betebeharrak desberdinak izan daitezke. Oraingoz, jatorrizko eta helburuko herrialdearen araberako betekizunak reopen.europa.eu webgunean kontsulta daitezke.
Bigarren dosia hartuta, trabarik egongo al da?
Bigarren dosia hartuta ere, ziztada horretatik aurrera bi asteko epea eskatzen dute Europako herrialde gehienek, PCR proba egin behar izan gabe oztoporik gabe bidaiatu ahal izateko.
Koronabirusa
Astea hasterako, %50 ziztatuta
COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina aitzina doa; erritmoari eutsiz gero, aurki Hegoaldeko herritarren erdiek izanen dute hartua lehen dosia. Immunitatearen gaineko dudak asko dira oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu