Aste Santuan tabernen barnealdeak ixteko agindu du Nafarroako Gobernuak

Nafarroak koronabirusari kontra egiteko neurriak gogortuko ditu apirilaren 1etik, eta apirilaren 8ra arte izanen dira indarrean. Muga berriek ostalaritzari eta merkataritzari eraginen diete, batik bat.

Tabernen barnealdeak itxiak izanen dira Aste Santuan Nafarroan. Irudian, Iruñeko ostatu bat. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 26a
11:57
Entzun

Nafarroako Gobernuak zorroztu eginen ditu izurriteari aurre egiteko neurri murriztaileak; hala jakinarazi du Osasun kontseilari Santos Indurainek. «Datozen egunak bereziki kalteberak izanen dira pandemiaren inpaktuari dagokionez, eta premiazkoa da mugak gogortzea». Gobernuak iragarri duenez, Aste Santuan tabernetako barnealdeak itxiak izan beharko dira herrialdean, eta, gainera, murriztu eginen da komertzioetan gehienez bil daitekeen lagunen kopurua. Zehazki, merkataritza gune handietan gehienezko edukiera %40 zen orain arte; neurri berriak indarrean sartutakoan, berriz, %30 izanen da.

Indurainek zehaztu duenez, neurri berriak apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, «beranduenez», eta hilaren 8ra arte izanen dira ezarriak, oraingoz. Kontseilariaren esanetan, gobernuak orduan erabakiko du neurriei eutsi edo ez.

Hilabete joan da Nafarroako Gobernuak ostalaritzako neurri murriztaileak leundu eta barnealdea zabaltzea baimendu zuenetik. Irekiera baimendua egon den asteetan, gobernuak %30ean zuen ezarria gehienezko edukiera espazio horietarako. Guztiz itxita egonen dira datorren astetik aurrera, eta Indurainek onartu du neurria «kolpe latza» izanen dela sektorearentzat. Dena dela, argudiatu du besteak beste hori dela kutsatzeak eteteko bidea. «Ez da gehiagotan errepikatu beharrik; jakina da mugikortasunaren eta harreman sozialen areagotzeak kutsatzeen goraldia dakarrela berekin», azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.