EAJko presidente Andoni Ortuzarrek aste gutxi barru abiaraziko ditu alderdien arteko lehen harremanak, «etorkizuneko autogobernuari buruz hitz egiten hasteko». Bilera sorta bat izango da, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin; «zailtasunak» ez ditu ezkutatu Ortuzarrek, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, baina uste du badaudela «prozesua egiteko baldintzak». Aurretik, ordea, «albisteak» espero ditu Gernikako Estatutua «ondo ixteko». Estatutuak jasotzen dituen eskumen «guztiak» nahi ditu EBBko buruak, «baita zailak ere».
Horiek horrela, alderdi politikoetako buruzagiak irail amaieran edo urri hasieran hasiko dira elkartzen, Ortuzarrek ikusi nahi baitu «zer-nolako prestasuna» dagoen «estatus berriaren inguruko eztabaida egiteko». «Sakoneko gai hori nola aztertzen duten» azaleratzea litzateke bilera horien helburua, baina baita prozesuak zer-nolako «forma eta egutegia» behar duen zehaztea ere: «Tenperatura hartzea» da kontua.
«Etorkizuneko autogobernuaren inguruan hitz egiteko baldintzak badaude Euskadiko politikari begira, baina baita Espainiako politikari begira ere»
ANDONI ORTUZAREAJko EBBko presidentea
Loturik baina bakoitza bere bidean ikusten ditu estatus berria eta Gernikako Estatutua. Iñigo Urkullu lehendakariaren aroan bazterrean utzitako edukiaren eztabaida iritsi aurretik, Ortuzarrek «albisteak» espero ditu «garrantzitsua den beste bidean», Gernikako Estatutua «ondo eta behingoz ixteko». «Pradales lehendakariak eta Sanchez presidenteak bilera bat egingo dute, eta aldebiko batzordea ere egingo da», gogoratu du Ortuzarrek.
Kostaldearen eskumena
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak gaur berretsi du «urtea amaitu aurretik» kostaldeari dagokion eskuduntza eskualdatzea espero duela Gasteizko gobernuak. «Guretzat, herri gisa, eskumen hori oso garrantzitsua da, eta urtea amaitu aurretik edukiko dugulako konpromisoa dugu. Nahiago genuke azkarrago izatea, baina garrantzitsua da eskualdatzea, Euskadin eragin handia baitu».
Bada, EAJko buru Ortuzarrek ziurtatu du «egungo estatutuaren amaiera nola izango den gutxi gorabehera argi dagoenean» ekingo diotela eztabaidatzeari «estatus berriak nolakoa izan beharko lukeen». Prozesu horretan, «etorkizuneko autogobernuak noraino» heldu beharko lukeen hitz egingo da, jeltzaleen buruzagiaren arabera. «Uste dut etorkizuneko autogobernu horren inguruan hitz egiteko baldintzak badaudela Euskadiko politikari begira, baina baita Espainiako politikari begira ere, zailtasunak dauden arren».
Hala, urri hasierarako beranduenez, «estatutua ixteko bide orria» izatea espero du Ortuzarrek: «Akordioa bat eginda dago PSOEren, Sanchezen eta EAJren artean». Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko itunean, «bi urteko epea» ezarri zuten Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztien transferentzia egiteko.
Nafarroa Garaia ere bai
EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik gaur bertan erantzun dio Ortuzarri, hark esan ondoren ikusi nahi duela estatus berriaren auzia zertan den beste alderdietan. Koalizio subiranistaren Mahai Politikoaren osteko agerraldian, Otegik esan dio «ur nahikoa» badela gaiari heltzeko. Gogoratu du Eusko Legebiltzarrean 75 legebiltzarkidetik 55 direla abertzaleak, «gehiengo absolutu handia» dela hori, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan ere gehiengo absolutu hori badela, «baita udaletan eta sindikatuen alorrean ere».
Bestalde, koalizio subiranistako buruak azaldu du «Nafarroa Garaia ere» sartu behar dela estatus berriaren eztabaidan. «Nafarren erabakiak» errespetatzen dituztela gaineratu du, eta haiek ez dituztela bere geroari buruzko gauza bakan batzuk erabaki behar, «baizik eta dena, baita beste lurraldeekin zer-nolako harremana eduki nahi duten ere». Hala esan du Otegik: «Badago ura; orain akordio zabal bat lortu behar dugu abertzaleen artean eta ez-abertzaleekin; gu prest gaude».
Ortuzarrek hartu du bilera sorta horren gidaritza, eta Otegik esan du ez duela «ika-mikarik nahi» horren inguruan. «Esan dute lehen indarra direla; ondo, egin dezatela». Eta erantsi du EH Bilduk ikusi nahi duela EAJn gauzak zertan diren, Ortuzarrek esan eta gero alderdien barruan zer «tenperatura» dagoen ikusi nahi duela «estatus berriari dagokionez».