Zortzi urte eman ditu Euskadiko Ezkerraren (EE) historia ikertzen Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak (Barakaldo, 1981). Horri buruzko doktore tesia egin du, eta Tecnos argitaletxearekin argitaratu du Héroes, heterodoxos y traidores. Historia de Euskadiko Ezkerra (1974-1994) liburua.
Lan akademiko gutxi daude EEren historiari buruz. Zergatik?
Izan daiteke Euskadiko Ezkerraren ibilbideak ez duelako bat egiten egun denon ahotan dabilen kontakizunarekin, abertzaleen kontakizunarekin edo ez abertzaleenarekin. EEk asko eboluzionatu zuen, eta horrek kontraesanak sortzen ditu batzuen eta besteen kontakizunetan. Horri gehitu behar zaio porrot baten historia dela EErena, eta horrek ez duela erakartzen historialarien arreta.
Zure liburuaren tesia da EEk «sekularizazio» prozesu bat egin zuela. Zer esan nahi duzu horrekin?
Mugimendu politiko batzuk esparru zibileko zenbait kategoria sakralizatzen dituzte: ETAren kasuan, aberria, edo leninismoan, langile klasea. EEko kideek aurkako bidea egin zuten. Hau da, erlijioa uzten duten sinestunen antzera, lehenengo, gurasoen fedearen inguruan zalantzak agertu zituzten, eta, azkenean, agnostiko bilakatu ziren, bai aberriarekin, bai leninismoarekin.
EEk zergatik ez zuen jaso gerora Herri Batasunak izan zuen babesa?
EE beti izan zen abertzalea, baina oso kritika gogorrak egin zituen abertzaletasunaren dogma edo oinarri batzuen gainean. Hori egin zuenean, abertzaleen komunitateak bizkarra eman zion, bai ezker abertzalearen sektore handi batek eta bai EAJk. Hori komunitate politiko guztietan gertatzen da. Ildo politiko nagusia zalantzan jartzen denean, komunitateak ez ditu onartzen kritikak, eta baztertu egiten ditu horiekin bat egiten dutenak. EEren kritikek, gainera, pisu handiagoa zuten, alderdia ETAtik eta ezker abertzaletik zetorrelako. Kritikek zilegitasun osoa zuten, beraz. Eta horrek arriskuan jar zezakeen ezker abertzalearen hegemonia. Baina hori ez zen inolaz ere gertatu, abertzaleek heresia edo heterodoxia baten moduan ikusi zutelako prozesu hori.
Nola eragin zuen ETA politiko militarra desegiteak EEren ibilbidean?
EEko kideek diotenez, ETApm-ren existentzia oztopo bat izan zen urratsak egiteko, alderdiko kide asko ETAtik zetozelako, bertan lagunak zituztelako edo lotura emozional-afektibo bat zutelako talde armatuarekin. Baina polimiliek beren jarduna utzi zutenean, presoak espetxetik atera zirenean edo Iparraldetik itzuli zirenean, bizkortu egin zen eboluzio ideologiko hori.
Ekar daiteke ideia hori gaur egungo egoerara?
Ziur asko bai, nahiz eta gaur egun ez den asko nabari. Sorturen idatzietan, halere, eboluzio bat ikusten da. Sorturen ponentziek gogora ekartzen dituzte EIAk [EEren sorrerako alderdia] eta Perturrek [Eduardo Moreno Bergaretxe ETAko kidea] 1976an esaten zituzten hainbat gauza. Ezker abertzalea egiten ari den prozesuak antz handia du EIAk 70eko hamarkadan egin zuen trantsizioarekin. Uste dut ETA guztiz desagertzean bizkortu egingo dela eboluzio hori, Sortu instituzio demokratikoetan dagoelako eta behartuta dagoelako akordioak egitera. Joko parlamentarioaren ondorioz, alderdiek utzi egiten dute botere guneetatik kanpo defendatzen duten erradikalismo erromantikoa. ETA desagertzean, eboluzio hori bizkortu egingo da, nik uste, behintzat ezker abertzalearen alde politikoan. Oinarri sozialean, berriz, uste dut denbora gehiago beharko dela.
«Bakea presoen truke». Hala laburbildu zen ETApm-ren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio prozesua. Madrilek ez zuen eskatu taldea desegiteko, armak ez zituzten entregatu... Egun, ezinezkoa dirudi horrelako prozesu bat izatea.
Hasieran, baldintza politiko batzuk jarri zituzten polimiliek, baina, azkenean, ez zen halakorik izan. Presoak kalera irten ziren, epaitu gabe zeudenak ez zituzten epaitu, eta Iparraldean zeudenak itzuli ziren, eta inolako arazorik gabe gizarteratu zituzten. Eginiko krimenak ez zituzten epaitu; ahaztu egin ziren. Ezkutuko amnistia bat izan zen. Legeak ez zuen amnistiarako aukerarik ematen 1977an bezala, baina de facto amnistia bat izan zen. Zein da ezberdintasuna? 1982an aktore guztien artean —aktore politiko, judizial eta polizialen artean— erabateko adostasuna zegoela, Herri Batasunean izan ezik. Epaile batzuek, adibidez, legez kanpokoak izan daitezkeen erabakiak hartu zituzten. Gaur egun, ezinezkoa da hori; besteak beste, orduan ez bezala, ETAren biktimek eragin politiko eta sozial nabarmena dutelako.
1986an lehendakaritza eskuratzeko zorian egon zen EE, EArekin eta PSErekin batera. Azkenean, sozialistak EAJrekin batu ziren. Nola eragin zuen horrek EEren ibilbidean?
EEkoek diotenez, Ardanzaren gobernuek egin zuten haiei egitea gustatuko zitzaien politika. Arlo sozialean, ukitu progresista bat eman zioten, eta arlo kulturalean ildo abertzale moderatu bat. Konbinazio horrek espazioa kendu zien. Haiek defendatzen zutena beste batzuk egiten ari ziren, eta, horrenbestez, hauteskundeetako tarterik gabe geratzen hasi ziren.
Gaur egun, zenbateko eragina dauka EEk PSE-EEren barruan?
Alderdi berri bat egitea zen EEko kide batzuen asmoa, PSCren antzekoa-edo, baina, azkenean, PSEk beretu egin zuen. Militante gehiago zituen, pisu instituzional handiagoa eta diru gehiago. EEtik siglak baino ez ziren geratu. PSEko agintariek ez zuten egoki jokatu EEkoekin. Ez zieten kargurik eman, beren diskurtsoa defenda zezaten. Herrietan salbuespen txiki batzuk egon ziren, Zarautzen, Andoainen... Baina leku horietako alderdi sozialistak ez dauka zerikusirik Bizkaiko ezkerraldeko PSErekin eta PSErekin oro har. 90eko hamarkadaren erdi aldera, halere, EEren diskurtsoaren zati bat hartu zuen PSEk, baskistagoa. Hala ere, hauteskundeetako emaitza txarren ostean, Ramon Jauregik buruzagitza utzi zuenean, Nicolas Redondok hartu zuen alderdia, eta erabat baztertu zuten hori. Patxi Lopezen agintaldian esan daiteke diskurtso baskista hori berreskuratzeko ahalegin partzial bat egin zela, baina horrek ez du emaitzarik izan, eta zer gertatu da? Egun, EEko bi kide baino ez dira geratzen Eusko Legebiltzarreko talde sozialistan. EEren ondarea erabat lausotua dago PSEren barruan. Ez dauka inolako pisurik.
Zer ekarpen egin diezaioke EEren historiak gatazkaren konponbideari?
Indarkeria elikatzen duen kontakizunetik irten daitekeela erakusten du EEren ibilbideak. Ez zela derrigorrezkoa indarkeria, lehenago utz zitekeela. Polimiliek bezala, ETAk ere orduan utzi izan balu bere jarduna, ez zen hainbeste hildako izango, hainbeste preso, hainbeste sufrimendu. EEk erakutsi du alderdi politikoak gai direla eboluzionatzeko, baina horrek ausardia eskatzen duela, eta prezio politiko bat duela. EEk erakutsi du nola utz daitekeen gorrotoaren diskurtsoa bizikidetzaren mesedean. Baina beste ondorio bat ere uzten du: asmo onenek ere huts egin dezakete, hauteskundeetan porrota ekar dezakete. EEren kasuan, alderdiak eta haren ideiek ez dute arrakastarik izan.
Gaizka Fernandez Soldevilla. Historialaria
«Asmo onenek ere huts egin dezakete»
Fernandez Soldevillak uste du ausardiak eta arrakastak ez dutela bat egiten euskal politikagintzan. Komunitate politikoek pisu handia dutela dio, eta horrek oztopatzen dituela aldaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu