Euskararen normalizazioan aurrerapausoak emate aldera, garrantzi handiko dokumentua da Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. planaren zirriborroa. Idatzita dago, eta eragileen artean banatzen hasi da orain osasun zerbitzu publikoa. Euskalgintzak eta alorreko langileen ordezkariek testuko hainbat mezu ontzat jo dituzten arren, berebiziko zalantzak dituzte izango duen eraginkortasunaren inguruan. Hona haien hitza:
KARLOS IBARGUREN OEEko lehendakaria
«Luze-zabalago erreparatzen die eragingarriak izan daitezkeen eremuei»
OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakari Karlos Ibargurenek, elkartearen gogoeten berri eman du. Uste du, oro har, balorazio «positiboa» merezi duela idatziak. «Plan berriak aurrekoaren eskarmentua argiro biltzen du, eta askoz zorrotzagoa da bai normalizazio neurriak zehazterakoan, bai neurrion jarraipen eta kontrol mekanismoak zehazterakoan ere. Gaien aldetik, luze-zabalago erreparatzen die eragingarriak izan daitezkeen eremuei; xeheago dabil, beraz». Plana egiteko orduan hainbat iritzi aintzat hartu direla dio, baikor: «Euskaldunen zenbait elkarteren iritzi eta proposamenei kasu egin die, eta, hala, administrazioaren ohiko mesfidantza eta autismo sozialetik aldendu da». Nolanahi ere, badira hutsuneak idatzian. «Planaren jarraipen batzorde orokorra, eragile eta ildo-markatzaile nagusi izan behar lukeena, zehaztu gabe geratzen da; hutsune handia, gure aburuz». Kritiko ikusi dute, halaber, hizkuntza eskakizunen sistemari «bete-betean» eutsi zaiola zirriborroan. Eta aldaketa ezinbestekoa dela uste dute: «Kezkatzeko modukoak dira orain arteko esperientzia antzu samar asko». Plana «eremu latz eta malkar» batean garatu beharko dela argi dute, eta fruitua eman dezan oso garrantzitsua iruditzen zaie «euskaldunen bilguneekin lankidetza zintzoa» sustatzea; «Uemarekin, besteak beste». Izan ere, «ingurune euskaldunak babestea» lehentasunezko egitekotzat dute.
PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia
«Proposamena onartezina iruditzen zaigu, hizkuntza eskakizunei dagokionez»
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok leitu ditu, testuan, aintzakotzat hartzeko moduko hainbat mezu. «Proposamen honetan zenbait neurri berri irakur daitezke, praktikan jarriz gero, euskararen normalizaziorako interesgarriak izan daitezkeenak, euskalgintzak urte hauetan guztietan aldarrikatu izan dituenak: bezeroei euskarazko zerbitzu integrala eskaintzeko zirkuituak osatzea, pediatra eta familia-mediku euskaldunak bermatzea, Osakidetzaren eragin esparrutik harago osasun arloko beste organismoei planak eragitea…». Hainbat eduki zerrendatu ditu. «Baina, zenbait gai erabakigarritan, egiturazko gabeziak errepikatzen dira. Kontseiluak askotan jarri izan du mahai gainean, halako normalizazio planek emaitza baikorrak izan ditzaten, besteak beste, ezinbestekoak direla helburu eta neurri zehatzak eta horiek gauzatzeko epe zehatzak. Oraingo plangintzan, berriro ere, errepikakorregiak suertatzen zaizkigu, egin ahal izango da, ahalegina egingo da, interesgarria litzateke, pixkanaka, arian-arian... eta antzeko planteamenduak. Horrek plangintza osoari eragiten dio, eta bere eraginkortasuna kolokan jartzen du». Beste gai batekin ere kritikoa da: «Proposamena onartezina iruditzen zaigu, hizkuntza eskakizunei dagokionez». Arazoaren berri eman du: «Kontuan hartu behar da, 45 urtetik gorakoak salbuetsita geratzen direla eta oraindik orain ez zaiela langile guztiei derrigortasun egunik jartzen. Beraz, zein balio du balioztatzeko derrigortasun datarik gabeko hizkuntza eskakizunak? Datarik jarri ezean, hizkuntza ezagutza maila bat ezartzen zaie lanpostuaren arabera, baina, maila hori ez eskuratzeak, ez du inolako ondorio praktikorik. Datu eguneratuak izan ez arren, gogoratu behar dugu, Osakidetzan, 20.000 langile inguru izanda, aurreko plangintzan adinarengatik salbuetsi zituztela 5.000 lagun eta hizkuntza-eskakizuna betetzeko derrigortasun data ezarritakoak 3.500 soilik direla. Plangintza berriarekin zulo horiek estaltzeko aukera galtzen da». Elkarlanerako deia plazaratu du: «Proposamen oso bat prest dugu Osakidetzako arduradunek nahi dutenean eurekin partekatzeko».
LEIRE GARRO LABeko osasun alorreko arduraduna
«Hitz politak eta errezeta zaharrak ditu plan honek»
LAB sindikatuko osasungintzako arduradun Leire Garrok arretaz erreparatu dio testu berriari. «Guri orain gutxi pasatu digute». Behin-behineko balorazioa egiteko prest dira. Elementu baikorrak ahotan ditu: «Positiboa da euskararen erabilera sustatzea duelako helburu. Norabide egokia du helburuetan». Baina ahulgune nabarmenak ere atzeman dituzte, sakonegiak; plana errotik «baldintza» dezaketenak. «Hitz politak eta errezeta zaharrak ditu plan honek». Ikusi dute, esaterako, osasungintzako eragileen «parte hartzea» ez dagoela bermatuta ez planaren diseinuan, ezta garapenean ere. Planaren zirriborroak euskararen normalizazioaren lidergoa, batez ere, erakundearen zuzendaritzaren esku jartzen duela dio Garrok, eta ez dutela horretan federik: «Arduradun hauek, gehienak, aurrekoak dira, elebakarrak dira, eta planaren lidergoa ezin da soilik haien esku utzi». Harago egin beharraz ohartarazi du. «Osasun zerbitzuan parte hartzen duten subjektu guztiek parte hartu behar dute plan hori ezarri ahal izateko». Diru faltarekin dago lotuta testua leitzean otu zaien beste kritika nabarmena: «Baliabiderik ez da aurreikusten». Krisiak ia dena irentsi duen garaiotan, hori oso arriskutsua dela ohartarazi du. «Aztertzen ari gara atzo EAJk onartutako aurrekontuetan hau islatua dagoen». Baina ezkor dira, testuinguruari ez zaiola erreparatu uste baitute, eta «bermerik» ez dela izango edukiak lantzeko. Osakidetzako langileen adinaren batez bestekoa handia izateak, esaterako, arazoa zailtzen duela gogorarazi du. «45 urtetik gorakoak salbuetsita daude euskara ikasteko, eta agian plana oso ondo dago, baina testuinguru hori ez bada kontuan hartzen eraginkortasunak muga errealak izango ditu».
JESUSMARI LARRAMENDI ELAko Osakidetzako arduraduna
«Jarraipena da. Aurreko planaren akatsak ditu»
ELA sindikatuko Osakidetzako arduradun Jesus Mari Larramendiren arabera, plan berriaren zirriborroan ez dute itxaropen handirik. «Plana aurrekoaren jarraipena da, eta aurrekoaren akatsak errepikatzen ditu. Orokorregia da edukietan eta planaren hurrengo fase batzuetarako uzten dira erantzukizun asko», aditzera eman du. «Ez da zehazten plana aurrera eramateko baliabiderik. Hau da, ez dago aurrekonturik plana garatzeko. Beraz, aurrekontu eta baliabiderik gabe, paperean jasotakoak ez dauka garatzeko aukerarik», ohartarazi du. Kezka du, halaber, langileen euskalduntzeari buruzko xedeen harira. «Langileak denboraren eraginez euskaldunduko direla uste da, era natural batean, langile erdaldunak erretiroa hartuz doazen heinean. Hau akats larria da, langileak euskalduntzeko neurri zehatzik ezean, euskalduntze prozesuak ez direlako emango». Ezkorra da: «Planak ez du bermatuko herritarrok Osakidetzako zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubiderik. Era berean, euskara Osakidetzan lan hizkuntza izatetik ere urrun geratuko da».
Asmo onak gainditzeko deia
Ez ditu asebete sindikatuak eta euskalgintza guztiz Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. planaren zirriborroakIkusi dituzte hainbat mezu egoki idatzian, baina zehaztasun falta ere leporatu diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu