Atzo 67. aldiz ospatuko zuten Igaratzaren eguna Aralarren. Tolosarren Aralarko Adiskideak elkarteak eraiki zuen ermita, 1947an, bertako artzainek inora joan beharrik gabe meza entzuteko aukera izan zezaten. Atzo ere jendetza bildu zen Done Mikel Aralarkoaren eta Ama Birjina Aralarkoaren irudiak nola elkartzen diren ikusi, meza entzun eta erromeriaz gozatzera. Askok, ordea, ez dute ezagutuko Ama Birjina Aralarkoaren atzean dagoen istorioa.
Aralarko mendilerroan Igaratzako zelaian dagoen ermita eraikitzeari 1946an ekin zioten Aralarko Adiskideak elkartekoek. Hango idazkari izandako Francisco Tuduriren seme Jose Marik eta Franciscok aitari entzunda gogoan dutenez, "Aralarko artzainek igandeetan mezatara joateko Amezketara edo Zaldibiara jaitsi beharrik izan ez zezaten" eraiki nahi zuten ermita. 1946an, lehen zatia, aldarea babesten zuen estalpea soilik egin zuten. Lehen meza irailaren 15ean izan zen, eta Lazkaoko beneditar batek eman zuen, Alberto Begiristain aitak. Hurrengo urtean, ermita osoa eraiki zuten, eta gaur egun dagoen moduan utzi.
Eraikitakoan, buruhausteak eman zituen lana barruan jarri beharreko iruditegia izan zen. Jose Marik azaldu du Aralarko Adiskideek bi santu zalantzarik egin gabe hautatu zituztela: "San Martin Loinazkoarena, Beasaingo patroiarena, batetik, Igaratzako lur saila Beasaingo Udalarena delako; eta San Bernardo Mentongoarena, bestetik, mendizaleen patroia delako". Baina iruditegia osatzeko elementuren bat falta zitzaien, eta hutsune hori betetzeko ideia elkarteko lehendakariari otu zitzaion, Franciscok kontatu duenez: "Pantxo Labaienek ama birjina bat asmatu zuen: 'Ama Birjina Aralarkoa, artzainen zaindaria'". Geroztik, ermitaren kokaguneagatik, Igaratzako Ama Birjina esaten zaio.
Vatikanoaren baimena
Iruditegia osatuta, asmatutako ama birjina haren estanpak eta bertsoak ere atera zituzten, eta 1947ko irailaren 21ean inauguratu zuten ofizialki ermita. Mezak eta bestelako ekitaldiek iraun zuten artean, Aralarko Adiskideak estanpak banatzen aritu ziren. Horietako bat Tolosako Juan Gurrutxaga apaizaren eskuetara iritsi zen, eta hura bere onetik atera zen. Aralarko Adiskideei esan zien ezin zutela besterik gabe ama birjinarik asmatu, horretarako Vatikanoaren baimena behar izaten zela. Franciscok ez du ahaztuko Labaien lehendakariak Gurrutxagari emandako erantzuna: "Zuk uste duzu hemendik 50 urtera inork jakingo duela Vatikanoaren baimenik bazen edo ez?". Jose Marik, berriz, Gurrutxagak harago jo zuen irudipena du: "Ez dut egiaztatzerik izan, baina etxean beti entzun dut goikoei jakinarazi ziela, eta Labaienek Gasteizko gotzaindegira joan behar izan zuela azalpenak ematera". 1950era arte ez ziren bereizi Bilboko eta Donostiako gotzaindegiak Gasteizkotik.
Edonola ere, arrakastatsua izan zen ermitaren lehen eguna. Zaila bazirudien ere, tolosarrek lortu baitzuten Done Mikel Aralarkoaren irudia santutegitik atera eta Igaratzara eramatea egun horretarako. Jose Mariren hitzetan, hainbat arrazoi egon ziren hori lortzeko: "Tolosako jendeak beti eduki du harreman estua Done Mikel Aralarkoaren santutegikoekin, 1839an Uharte Arakilen jaio eta 1896an Tolosan hildako Felipe Gorriti musikagile ezagunaren garaitik. Gainera, Aralarko Adiskideek antolatutako 14 orduko mendi martxa santutegitik igarotzen da". Haren anaia Franciscoren ustez, horrek guztiak Done Mikel santutegiko kapilau Inozentzio Aierberekin harremana izatera eraman zituen Aralarko Adiskideak, eta "konbentzitu egin zuten ermitaren inaugurazio egunean Done Mikel santuaren irudia bertara eramateko".
Lagun arteko liskarra
Ermitatik oso gertu dago Igaratzako aterpea. Hura, Tolosako zenbait mendizaleren ekimenez eraiki zuten, eta Aralarko Adiskideak elkartea orduan sortu zuten, bertako bazkideei modu antolatuan laguntzeko. Pantxo Labaien izendatu zuten lehendakari, Jose Mari eta Franciscoren aita Francisco Tuduri idazkari, eta Domingo Mokoroa diruzain. Aterpea garai bateko Mikeleteen etxe zaharraren gainean eraiki zuten, erortzear baitzegoen. Egitasmoa Joakin Labaien arkitektoarena izan zen, Pantxoren anaiarena.
Ermitaren istorioan badu lekua beste mendizale elkarte baten aterpeak ere. Aralarko Adiskideak ermita eraikitzekotan zebiltzanean, Iruñeko Bustintza taldeko mendizaleek ere aterpe bat zuten egitekoa, eta tolosarrek iruindarren materiala aprobetxatu zuten. Franciscok azaldu duenez, "Desaoko aterpea egiteko hondarra igo zuten mendira Bustintzakoek, eta bide erdian utzi zuten, Igaratza inguruan. Aralarko Adiskideek hondar horretatik apur bat hartu zuten ermita egiteko, eta hortik etorri ziren lagun arteko liskarrak". Baina ez zuten luze iraun. Jose Marik gogora ekarri du Aralarko Adiskideen lehendakari Labaienen esana: "Latrocinium santum (lapurreta santua) izan zela esan zien Bustintzakoei, eta berehala adiskidetu ziren".
1947ko irailaz geroztik, abuztuko bigarren igandean urtero eramaten dute Done Mikelen irudia Igaratzara, urtero berritzen dute erritu bera. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, Errinagako lepoan itxaroten diote Ama Birjina Aralarkoarekin doazenek, eta hara bertaratzen dira Done Mikelen irudiarekin doazenak. Errinagako lepoan, bi irudiek elkarri muin ematen diotela irudikatzen dute, eta prozesioan jaisten dira ermitaraino. Tuduri anaien iritziz, garrantzi berezia du ospakizun horrek, "Done Mikel Aralarkoaren irudia Nafarroatik irteten den egun bakarra delako".