Aitor Telleria EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohiaren eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohiaren txanda izan zen atzo epailearen aurrean. De Miguel auziko inputatu nagusietarikoak dira, eta, Alfredo de Miguelek egin moduan, ukatu egin zituzten fiskalak egotzitako akusazio guztiak. Areago, atzoko saioan beren abokatuen galderak soilik erantzun zituzten, ez fiskalarenak. Honela esan du Telleriak: «De Miguel auzia asmakeria hutsa da». Hala ere, 32 urteko eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute bientzat.
Fiskalak eta akusatuek negoziatzeko hilabeteko etenaldia egin zuten epaiketan, baina astelehenean hasi ziren berriz deklarazioekin. Hain justu, De Miguel izan zen epailearen aurrean esertzen lehena, hura baita auziko inputatu nagusia. Fiskalaren arabera, ia akusatu guztiekin lotu du akordioa, baina, ez De Miguelek, ez Telleriak eta ez Otxandianok ere ez dute hitzarmenik egin, eta delitu guztiak ukatu dituzte epaiketako lehen egunotan.
Urtarrilean hasi zen Euskal Herrian inoiz ikertutako ustelkeria auzirik handiena, 26 akusaturekin. Guztira 439 urteko espetxe zigorrari eta 16,5 milioi euroko isunari egin beharko diete aurre; besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea leporatuta. Gaineratu du «egiazko zifra bakarra» Kataia enpresak zuen 30.000 euroko zorrarena dela, eta gainontzekoa ez dela egia.
Aitortu du, halaber, berak sortu zuela Kataia Consulting, De Miguelekin eta Koldo Otxandianorekin batera. Azken hori ere EAJko kide izan zen, eta auzi berean dago inputatuta. Telleriaren arabera, soilik enpresa horrekin izan zuen harremana, eta, hala, ukatu egin du auzian sartutako Errexal eta Ortzi Muga taldeekin lotura izatea. Gainera, ukatu egin du «diru beltza zuritzeko» enpresa izan zela Kataia. Baieztatu du, ordea, bere emazte eta inputatu Araceli Bajo sartu zuela enpresaren administrazioan, «langabeziagatik jasotako diru laguntzak» ez eteteko.
Otxandianok ere, aurreko bi inputatuen modura, ukatu egin ditu akusazio guztiak, nahiz eta 32 urteko espetxe zigorrari aurre egiteko arriskua duen. Are, esan du ez dagoela «dokumentuen babesik», legez kanpoko komisioak jaso zituztela frogatzeko. Eta esan du Ertzaintzak bere etxean aurkitutako koadernoa ez litzatekeela froga gisa onartu beharko. Bertan ordainketa irregularrak izan daitezkeen zenbait datu azaltzen dira. Epaimahaiko lehendakari Jaime Tapiaren galderak ere erantzun zituen.
Ainhoa Alberdiren aurka
De Miguelek eta Telleriak egin moduan, Otxandianok ere ukatu egin du Ainhoa Alberdi Urbanorma enpresako arduradun ohia estu hartu izana legez kanpoko komisioak eta adjudikazioak egiteko. Telleriak gaineratu du 30.000 euro horien berri bazuela Alberdik; izan ere, Loizate enpresa horren arduradun Jon Iñaki Etxaburu ere akusatuetako bat da zen Kataiari diru hori ordaindu ez ziona, eta Alberdirekin adostu zuen Urbanorma izango zela zor horren kargu egingo zena.
Alberdi izan zen, hain zuzen, 2009an fiskalaren aurrean auzia salatu zuena. Haren esanetan, De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok behartu zuten 100.000 euroko legez kanpoko komisioa ematera Arabako Parke Teknologikoa handitzeko. Telleriak ukatu egin du komisio horiek eskatu izana, eta esan du inoiz ez duela parte hartu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko edo Arabako Parke Teknologikoko lanen adjudikazioetan. Akusatuek erantsi dute Kataiaren lana beti izan dela «garbia», eta «inoiz» ez dutela parte hartu halako sareetan.
Orain arte, hiru akusatu nagusiek ukatu dituzte fiskalak egotzitako delituak. Astelehenean segituko dute inputatuek deklaratzen, eta ikusteko dago ea akordiorik lortu ote duten.
«Asmakeria hutsa» da 'De Miguel auzia', Aitor Telleriaren esanetan
Telleria eta Otxandiano EAJko kide ohiek akusazio guztiak ukatu dituzte. Falta den diru bakarra 30.000 euroko zorra dela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu