Lan eta bizi euskaraz (II)

Hamaika zio euskaraz aritzeko

Zerbitzua hobetzea, euskararekiko atxikimendua izatea, lan eremu egokiago bat eskaintzea... Asko dira enpresa eta entitate pribatuek euskararen aldeko urratsak egiteko dituzten arrazoibideak.

Bikain ziurtagiria, beste hainbat egiaztagiriren artean, Vicomtech fundazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bikain ziurtagiria, beste hainbat egiaztagiriren artean, Vicomtech fundazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Askotarikoak dira eremu sozioekonomikoan eragileek euskara hautatzeko dituzten zioak. Arta hobetzea, balio jakin batzuk sustatzea, bereizgarri bat izatea... Hona egindako bidea egiaztatzeko Bai Euskarari eta Bikain ziurtagiriak eta Harrobi diploma lortu dituztenen hainbat esperientzia:

 

Aner Garmendia (EGA Masterreko zuzendari nagusia): «Iruditzen zaigu honela enpresa erakargarriagoa dugula»

EGA Master enpresatik mintzo da Aner Garmendia. «Familia enpresa bat da; aitak sortu zuen, duela 50 urte». Jarduera industriala dute: erremintak egiten dituzte, energiaren eremurako bereziki. Mundu zabalera begirako lantoki bat dira: ekoizten dutenaren %85 esportatu egiten dute. Gasteizen dute egoitza nagusia, 85 langilerekin. Gainerakoak atzerrian daude. Hala ere, urteak daramatzate euskararen aldeko urratsak egiten, eta, besteak beste, Bai Euskarari ziurtagiri bat dute: hastapenekoa. Euskararen aldeko «sentimendu» batek bultzatu ditu horretara. Baina beste argudio bat ere badu Garmendiak: «Iruditzen zaigu honela enpresa erakargarriagoa dugula».

«Lanera hona datozenei eskaini nahi diegun aukera bat da euskara», erantsi du. Arabako errealitate soziolinguistikoa ondo ezagutzen dute; badakite euskara eskolan jasotzen dutela gazte askok, baina gero lan mundurako urratsa egitean galdu egiten dutela sarri euskaraz aritzeko era, eta ahuldu egiten dela horrela hizkuntza gaitasuna. Alde horretatik, langileei euskaraz jarduteko aukerak emateak enpresari aparteko izaera ematen diola uste dute, eta nolabait ere langileek enpresaren bidez jasotzen duten «soldata emozionalaren» parte bat dela hori.

Nora Gurrutxaga (Prozesu eta Kudeaketa burua Vicomtech fundazioan): «Lortzen dugu jendeak ikasteko grina izatea»

Irabazi asmorik gabeko zentro teknologikoa da Vicomtech. «Gure bokazioa da inguruko enpresen lehiakortasuna hobetzea», azaldu du zentroko Prozesu eta Kudeaketa buru Nora Gurrutxagak. 2001etik ari dira. Miramonen dute egoitza nagusia, Donostian. 250-300 ikertzaile ari dira zentroan, mundu osokoak. «Sortu ginenetik egon da antolamendu barruan euskararen presentzia», nabarmendu du Gurrutxagak. 2010ean ebatzi zituzten, era antolatuan, lehen politikak euskara sustatzeko bidean, eta  2014an lehen euskara plana egin zuten. 2021ean autodiagnostiko bat egin eta gero, Bikain ebaluazio prozesuan sartu ziren. «Interesgarria» iruditzen zaio «erreminta»  Gurrutxagari. Egindako lanaren «aitortza» gisara ere halakoek garrantzia dutela onartu du. Zilarrezko Bikain dute 2022tik.

Ingelesa zentroko hizkuntza nagusia izatea ez da arazo euskararen bidean sakontzeko. «Hemengo zentro teknologiko bat gara. Gure kultura eta hizkuntza sustatzea nahi dugu». Eta tresnak eskura dituzte euskara beti lehen lerroan izateko: «Gure kudeaketa erreminta guztiak euskaraz eta gaztelaniaz daude». Era berean, ikertzaileen karrera profesionala bideratzeko orduan eskatzen diren «gaitasunetan» aintzat hartzen dute euskara, eta ikasteko aukera ere ematen dute, lanorduetan. Eta ikertzaile askok egiten dute hautua. «Horietako asko atzerritarrak dira», azaldu du Gurrutxagak. Euskara ageriko eginda, gogoa pizten dietela uste du. «Lortzen dugu jendeak ikasteko grina izatea».

 

Izaskun Urrutia Apezetxea (Kide aholkularitzako arduraduna): «Euskaldun bezero asko guregana etortzen dira»

Kide aholkularitzatik ari da Izaskun Urrutia: «Kontabilitate fiskala eta laborala eskaintzen duen aholkularitza euskaldun bat gara, hots, enpresa eta partikularrei aholkularitza juridiko eta ekonomikoa eskaintzea da gure helburua». Abokatu, ekonomialari eta bestelako profesionalak ari dira lantaldean: bederatzi lagun. Leitzan dute bulego bat (Nafarroa), eta bestea Donostian. Bai Euskarari-ren ziurtagiri gorena dute: «Zerbitzua eta lana euskaraz».

Aholkularitza martxan jarri zutenetik euskararen aldeko hautua argia izan zela esan du Urrutiak. «Lankide euskaldunak gara, eta hasieratik oso argi genuen eman nahi genuen zerbitzua euskaraz izanen zela». Baina ez da lan samurra. «Administrazio publikoarekin harremanak euskaraz izatea oso zaila da, ogasunekin adibidez, edota Gizarte Segurantzarekin», azaldu du. Trabak dakartza horrek. «Dokumentuak euskara soilean edukitzea ia ezinezkoa da. Adibidez, kontratuak eta nominak. Ez dago aukerarik euskaraz inprimatzeko, eta guk programa berezi bat dugu, non euskaraz egin eta inprimatzen dugun eta horregatik gehigarri bat ordaintzen dugun; hau da, programak euskaraz inprimatzeagatik ordaindu egiten dugu! Izugarria da! ». Gipuzkoan «lan guztia» euskaraz egitea errazagoa dela onartu du. Zailtasunak zailtasun, negozioarentzat ona dela uste du: «Euskaldun bezero asko guregana etortzen dira».

 

Silvia Sesma Nazabal (Kaxeta liburu dendaren jabea): «Euskaldunak garelako egiten dugu»

Etxarri-Aranatzen dago Kaxeta liburu denda, Nafarroan. 2010ean hartu zuen Silvia Sesmak senarrarekin, eta hasieratik hasi ziren euskararen aldeko hautuan. «Ez da erraza, baina ari gara gauza garrantzitsuak lortzen». Beste etxe askotan bezala, haienean ere gaztelaniaz egiteko joera zuztartua zutela aitortu du, baina hori «aldatzen» ari direla. Bai Euskarari-ren ziurtagiri gorena dute. 

Dendan «lehen hitza» beti euskaraz da. «Telefonoa hartzean ere bai», azaldu du Sesmak. Eta jartzen dituzten «kartelak-eta» ere euskaraz dira. Hornitzaileak bertakoak direnean, euskaraz aritzen dira. Saltzen dituzten liburu asko euskarazkoak dira, halaber. «Batez ere, haurrentzako liburuak: pila bat». Bide berean segitu nahi dute. «Ez dugu ikusten ona edo txarra den. Gu horrelakoak gara. Herria ere nahiko euskalduna da. Eta guk ere hobetu nahi dugu horregatik, euskaldunak garelako. Euskaldunak garelako egiten dugu, merezi duelako». Eta prozesu bat dela azaldu du: dena hartzen duena. «Nik neuk nabaritzen dut euskara gero eta gehiago erabiltzen dudala».

 

Brice Morin (Atabal aretoko kultur ekintzen arduraduna): «Zailena da sare sozialetan egunerokoan euskaraz aritzea»

Atabal 2005en sortu zuten, Biarritzen, Lapurdin. Kontzertuak-eta emateko eremu zabal bat da. «Musika eskola bat ere badugu, 450 ikaslerekin», azaldu du Brice Morinek bertatik. 11 langile ari dira, eta 11 irakasle. «Euskara du bihotzean», azaldu du Morinek: «Hastapenetik, euskara beti izan da Atabalen». Egitaraua-eta antolatzeko orduan kontuan hartzen dutela esan du. Euskararen normalizazioaren bidean ari dira Bai Euskarari elkarteari esker, besteak beste. Hastapeneko ziurtagiria dute gaur egun: Bidean. Langile denak ez dira euskaldunak, eta horrek zailtzen du prozesua. Ostatua dute, eta han egoten den langileak badaki. Txarteldegikoak ere bai. Jendearekin harremana duten postu horiei erreparatzen saiatzen dira, bereziki. Ikastetxe elebidunekin-eta harremanak dituzte, eta ikastolekin ere bai. 

Itzulpenak-eta egiteko Bai Euskarari-rekin lanean jarduten dutela esan du Morinek, eta  laguntza handia ematen diela horrek. Askotan, unean uneko erantzunak ematea, ordea, ez da erraza. «Zailena da, adibidez, sare sozialetan egunerokoa euskaraz egitea», azaldu du. «Lan bat da».

 

Alex Santiso (Gaimaz enpresako erosketa arduraduna): «Ikusi genuen konpetentzian batzuk bazutela ziurtagiria»

Gaimaz enpresan bi urte daramatza Alex Santisok, erosketen arduradun. Eraikuntza enpresa bat dira, Bizkaikoa: Markinan dute egoitza. «Eta negozioaren %90 Bizkaian egiten dugu». Lan publikoak izaten dira gehienak: %90. «Gure eskualdean euskaraz egiten dugu gehienok». Hein batean, horrek bultzatu zituen Bai Euskarari ziurtagiria lortzera. «Bulegoetan %80k euskaraz egiten dute». Ziurtagiriaren bigarren maila lortua dute: zerbitzua euskaraz ematen dutela egiaztatzen duena. Esperientzia «ona» izan  dela esan du Santisok. Hutsuneei erreparatzeko era izan zuten aurrez egin zuten ebaluazioan, eta hilabete eta erdian lortua zuten egiaztagiria. «Ez da izan esfortzua. Euskaraz aritzen gara. Dokumentazio aldetik gabezia batzuk genituen, eta helburua izan zen ele bitan jartzea». Horra egin behar izan zutenen zerrenda: «Aurrekontua, faktura eta gogobetetasun inkesta ele bitan jarri, eta katalogoa euskaraz».

Herri lanetan jarduten dute, batez ere, eta etorkizunera begira ziurtagiriak ekar ditzakeen onuretan ere pentsatu dute. «Gure ustez mesedegarria izango da; ez gaur, baina urte batzuetan lehiaketetan-eta mesede izango da ziurtagiria izatea», iragarri du. Beste ziurtagiri batzuk eskatzen diren eran, euskara ere «baloratuko» dela uste dute. «Eta ikusi genuen konpetentzian batzuek bazutela ziurtagiri hau, edo Bikain». Hortik egin zuten galdera: «Zergatik ez dugu hori lantzen?».

 

Izaskun Landaida Larizgoitia (Eragintza fundazioko zuzendaria): «Sistematizazioan aurrera egiteko hainbat pauso eman ditugu»

Eragintza fundazio pribatu bat da, eta helburu nagusia du buruko osasunaren esparruan arazoak dituztenen gizarteratze eta laneratze prozesuetan laguntzea. Bilbon du egoitza, eta hamasei behargin ditu. Jaurlaritzak abian jarri duen Harrobi diploma lortu dute. Oraindik Bikain ziurtagiria lortzeko aski gaitasun ez izan arren euskararen normalizaziorako bidean aurrera egin nahi duten entitateentzat dago pentsatuta propio diploma hori, eta berentzat aski baliagarria izan dela esan du fundazioko zuzendari Izaskun Landaidak: «Euskararen esparruan konpromisoa beti egon da, baina diploma lortze aldera sistematizazioan aurrera egiteko hainbat pauso eman ditugu».

Lanerako abiapuntu antzeko bat izan dela esplikatu du: «Bikain ziurtagiria oso urrun ikusten genuen, eta diploma guretzat hauspoa izan da, eta aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Pizgarria izan da benetan». Bidean aurrera segitzeak berebiziko garrantzia duela argi du. Erabiltzaileak dira horretarako motibo bat: «Erabiltzaile askok euskara dute ama hizkuntza, eta benetan eskertzen dute jasotzen duten arreta euskaraz denean». Eta «kalitatezko kudeaketaren» bidean aurrera egitea da euskararen aldeko beste arrazoi funtsezko bat: «Euskararen kudeaketan aurrera egiteak erakunde hobea egiten gaituela argi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.