Talaia Feministak landutako urteroko txostenek badute helburu bat: «Hausnarketa kolektibo bat Euskal Herriaren egoera feminismotik irakurtzeko». Hala adierazi zuten iaz, 2023ko txostena aurkeztu zutenean. Gaur, 2024. urtea ikertu duen txostena aurkeztu dute, «Euskal Herriaren eraldaketa feministaren bidean aurrera edo atzera» doazen aztertzeko. Talaia Feministak lantzen duen bigarren txostena da. Besteak beste, ondorioztatu dute iaz areagotu egin zirela «askotariko indarkeriak». Txostenaren inguruan eztabaidatzeko, ariketa kolektibo bat egingo dute otsailaren 1ean, Bilbon.
Ikusi gehiago
«Egiaztatu dugu indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz», zehaztu dute gaur Begoña Zabalak eta Amaia P. Orozcok. Are, ondorioztatu dute indarkeria matxistaren aurkako borroka instituzionalizatzen ari dela, horrek «ondorio positiboak eta negatiboak» dituela, eta mugimendu feministak «inoiz ez bezalako mobilizazio gaitasuna» duela.
Egoera aztertu ez ezik, erronka batzuk ezarri ere egin dituzte. Besteak beste, sare sozialen erabilera sustatu nahi dute, eta segurtasunik ezaren sentsazioa areagotu. Era berean, «zerumugara begira», indarkeriaren kontzeptua konplexuago bihurtu nahi dute, eta intersekzionalitatean sakondu.
Indarkeria matxistaz gain, lurraldea, gerra eta eskuin muturra ere izan dituzte hizpide txostenean. Talaia Feministaren ustez, «2024a nekazaritza sektorean egindako mobilizazioek» markatu dute. «Krisi ekologikoari aurre egiteko modu bat finkatu da, megaproiektuetan oinarrituta demokratikoki erabaki ez dena eta lurralde indarkeria gisa har daitekeena», salatu dute. Hori dela eta, garrantzitsutzat jo dituzte, besteak beste, agroekologiatik eta ekofeminismotik antolatutako erresistentziak. «Lurra, bizitza eta gorputzak uztartuko dituen burujabetza ekofeminista baten alde» borrokatzeko beharra azpimarratu dute.
Gatazka armatuen hazkunde globala ere nabarmendu dute, baita gastu militarraren areagotzea eta diskurtso militaristen normalizazioa ere. Horri aurre egiteko, uste dute berriz heldu behar zaiela «Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioari eta aktibismo feministari». Horrela, erantzukizunak azalera daitezen nahi dute, «gerren, patriarkatuaren, kapitalismoaren eta kolonialismoaren arteko lotura» salatu, eta «feminismo internazionalista eta antimilitarista» gorpuztu.
Eskuin muturrak ere gorakada izan du, txostenean jaso dutenez. Hauteskundeetatik harago, «Europan izandako aurrerapen orokortua» aipatu dute. Premiazkotzat jo dute onartzea «eskuin muturra ekosistema gisa Euskal Herrian» dagoela jada, baina oraindik badagoela «arkitektura soziopolitiko bat, sistemari aurka egiteko sentimendua beste bide batzuetatik bideratzeko aukera ematen duena». Sare horiek zaintzea ezinbestekoa dela gehitu dute.
Erresistentziak indartu
Talaia Feministaren arabera, erresistentziak indartu eta metatu behar dira, Euskal Herria, feminismoa eta haien genealogiak eta jakintza ardatz hartuta. Horiek horrela, Emakumeen Mundu Martxak antolatutako topaketetan parte hartzera deitu dute; igande honetan Atarrabian (Nafarroan) elkartuko dira, indarkeria matxistaren inguruan hausnartu eta erresistentzia borrokak aztertzeko. «Feminismo arduratsua da aurkitzen dituen bidegurutzeei heltzeko gaitasuna duena», esan dute.
Era berean, otsailaren 1ean, «Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista orok» aukera izango du txostenean sakontzeko. Are gehiago, berdintasun politika eta egitura publikoen eta osasun mentalaren inguruan hausnartuko dute. Horretarako, egun horretan landuko dituzten galdera batzuk aurreratu ditu Kizkitza Gil de San Vicentek. Berdintasun politikei dagokienez, esate baterako: «Zer muga eta zer itsasargi atzeman dira berdintasun politiken garapenean? Zer behar dute politika eta egitura publiko horiek eraginkorrak eta eraldatzaileak izateko?». Osasun mentalari dagokionez, berriz: «Osasun mentala modu egokian ikusarazten ari al da? Nola politizatu eta ikertu dezakegu haren jatorri soziala?».
Ariketa kolektiboa egin eta gero, Talaia Feministaren helburua da dibulgazio eta interpelazio lanari ekitea, «urtearen azterketa feminista zorrotz bat egitea bezain garrantzitsua baita hura sozializatzea». Izan ere, Euskal Herriaren trantsizio feministan «akuilu» izan nahi du Talaia Feministak, «ikuspegi komunak eraikitzeko eta eragiteko tresna» izan, eta «eraldaketan ezinbestekoa den ortzi muga feminista edukiz bete».