PPkoak salbu, legebiltzar talde guztietako ordezkariek parte hartu zuten atzo goizean Eusko Legebiltzarrak biktimen alde antolatutako ekitaldian. Memoriaren Eguna dela eta, askotariko biktimak gogoan izan zituzten ekitaldi instituzionalean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin batera, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak izan ziren biktimen aldeko omenaldi xumean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta gobernuko sailburu guztiek ere parte hartu zuten. PPko ordezkariek, ohi bezala, ez zuten parte hartu, biktimak parekatzen dituela iritzita. Aurten ere PPkoek beren kabuz omendu dituzte ETAren biktimak; astelehenean egin zuten, Gasteizen.
Atzo egin zuten Eusko Legebiltzarreko omenaldia, 09:00etan. Ateak zabalik egin zen, eta biktimen aldeko oroitarriaren inguruan bildu ziren ordezkari politikoak. Su ontzia piztuta, isilik eta lore zuriekin gogoratu zituzten biktima guztiak.
Ekitaldian ez zuten irakurri inolako adierazpenik, baina, amaitutakoan, EAJk ohar bat bidali zuen aldarrikatzeko biktima guztiek merezi dituztela oroimena eta duintasuna, «bazterketarik eta parekotasunik gabe».
Sakabanaketak hildakoak
Eusko Legebiltzarraren ekitalditik metro gutxi batzuetara, Etxerat elkarteak elkarretaratze bat egin zuen, sakabanaketa politikaren ondorioz hildako hamasei senide eta lagunen «memoria eta aitortza» aldarrikatzeko. EH Bilduko legebiltzarkideek ere parte hartu zuten bilkuran, hamasei hildakoen omenez paratutako panelaren aurrean beste hainbeste arrosa gorri jarrita. Etxerat-en elkarretaratzean parte hartu zutenek txalo artean eskertu zuten elkartasun keinua.
Askotariko biktimak omendu ditu legebiltzarrak
Memoriaren Egunean izan dira PP ez beste talde guztiak. Etxerat-ek elkarretaratzea egin du, sakabanaketaren biktimak gogorarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu