Askotariko (b)egietatik sortzen

Larunbatean aurkeztu zuten Bor-Bor (K) egitasmoa, Donostian egindako jardunaldietan. Joxemi Zumalabe fundazioak bultzatu du, eta herri jakintzen laborategia izan nahi du. «Hondar ale bat» gehiago jarri, formazio politikoa ulertzeko modua aldatu eta herri mugimenduak indartzeko.

BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Jakintza hartu-emanean sortzen da. Ez da batek eman eta besteak hartzea. Ez da soilik liburuetan dagoena, ez da soilik zerbait transmititzea, ez da soilik zerbait teorikoa. Hala ulertu dute Joxemi Zumalabe fundazioko kideek eta herri mugimenduetan diharduten hainbat lagunek. Intuizio batzuk zituzten. Formazio politikoa, edo hori ulertzeko modua, ez ote zegoen mugatuegia. Joan den larunbatean aurkeztu zuten hori aldatzeko «hondar ale bat» gehiago jartzeko egitasmoa: Bor-Bor (K). Prozesu ikuspegia du, dinamikoa. Herri jakintzen laborategia izan nahi du, jakintza herritar ezberdinak, mugimenduetatik sortzen direnak, elkar eraginean jartzeko espazio bat.

«Nahiz eta teorian formazioa lehentasun bezala kokatu kolektibo askotan, praktikan, bigarren mailan geratzen da sarri». Aitortzen zaiola garrantzia, alegia, baina eman ez behar beste. Unai Txurrukaren hitzak dira, baina beste askoren kezka ere islatzen dutenak. Hamaika arrazoi egon litezke hori gertatzeko.

Pare bat behintzat ikusi ditu egitasmoko kideak. Bat, denborarena. Eguneroko eginbeharrei erantzun beharrak ez duela uzten askotan norberarentzako tarterik. Urgentzia gailentzen dela, garrantzia gorabehera. Ikuspegi kontua dela dio Joxemi Zumalabeko kideak: «Nola antolatzen dugun denbora. Noski, formazioa modu klasikoan ulertuta, ez dago denborarik. Ez dago denborarik asteburu bat hartu eta mintegi bat egitera joateko». Eta nola ulertzen den formazioa: «Gauza batzuk formazioa dira, baina ez dira aitortzen: egunerokotasunean, bileretan, egiten duguna, ikasten duguna...». Ikuspegi, kontzientzia edo jarrera kontua dela, azken batean: egiten denaz pentsatuta, ikas litekeela egiten denetik ere.

Urtebetetik gorako bidea

Funtsean, han eta hemen lanean ari diren mugimenduak indartzea da helburua. «Patriarkatuak, kolonialismoak eta kapitalismoak ezarritako asimetria eta zapalkuntzak amaitzeko, klasearen, generoaren eta kultur aniztasunaren aldagaiak prozesu osoan txertatuko ditugu», azaldu du Txurrukak.

Hiru ikuspegitatik indartu nahi dute herri mugimenduen jarduna. Hasteko, elkar ezagututa, saretuta: «Kolektibo batean arazo jakin bat badute, gerta liteke beste batean ere horixe bera eduki izana lehenago, eta fase hori pasatu izana». Bigarrenik, hortik abiatuta, antolakuntza hobetu, eta gizartean eragiteko ahalmena areagotuta. Eta, horrela, jakintza trukatzeko ahalmena ez ezik, sortzekoa ere handituta, elkarrekin ikasita.

«Ikusten genuen formazioaren definizio itxi batetik abiatzen zela askotan: zera ideologiko gisa hartzen zela soilik, historikoaren transmisio gisa. Hori ere bada, baina horretara mugatzen zela», dio Txurrukak.

Intuizio horietatik abiatu zuten prozesua, 2014ko otsailean. Joxemi Zumalabe fundazioko lantalde batean hasi ziren gogoetan, «nahiko modu abstraktuan». Pixkanaka, hausnarketa horiek bestelako mugimenduekin partekatzen hasi ziren. Batez ere, formazio politikoa lantzen dutenekin: GITE-IPES taldearekin, Bilgune Feministako Emagin egitasmoko kideekin, EHNE sindikatuekin, Robles Arangiz eta Ipar-Hegoa fundazioekin, UEUrekin eta Urtxintxarekin. Argi utzi nahi izan dute ez dela ezer ordezkatzeko egitasmoa, osagarri izan nahi dutela.

Mugimendu eta pertsona gehiagorekin joan dira, hartu-emanean, buruan zeukaten azterketa osatzen. «Herri mugimenduetan bazegoen jende bat intuizio horiek zituena, behar horiek identifikatzen zituena. Sentitzen zituena». Indarguneak bai, baina hainbat hutsune ere antzeman dituzte. Besteak beste, egia batzuek ez ote zuten eragiten gatazka eta kontraesanei beldur izatea; ez ote den formazio modu bertikala nagusitzen sarri; esperientzia praktikoei edo metodologiari ez ote zaien behar beste balio ematen; formazio intelektualaren ondoan, gorputzari dagozkionak (sentimenduak, harremanak) ez ote diren ahaztuta geratzen; hierarkia bat ez ote den ezartzen gai ezberdinen artean...

Ahalduntzeko pedagogia

Hori aldatzeko bidean, bultzada bat eman nahi diete bestelako lan moduei. «Jabekuntzarako pedagogia emantzipatzailea» jarri nahi dute zutabe nagusi gisa. Ez edonola: funtsezkotzat dute metodologia, egitasmoa bera sortzeko prozesuan izan duten bezala. Esperientziatik eta praktikatik abiatuta egin nahi dute, herri eragile askotarikoen partaidetzatik, eta zapalkuntza guztien ikuspegitik. Elkarrekin, ahalduntzea eta autonomia indartzeko.

Larunbateko jardunaldiak pauso bat gehiago izan dira bide horretan. Orain, hori guztia gauzatzen hasiko dira, parte hartuko dutenekin; besteak beste, lantzeko gaiak zehaztuz. «Orain arte, barne antolakuntzari buruzkoak eta alternatibak eraikitzeko zalantzen ingurukoak izan dira atera diren behar nagusiak». Hogei bat laguneko taldea osatu, eta bi eguneko hiru bat saio egitea aurreikusi dute, asteburuetan; sarean ere jarraituko dute lanketarekin. hartu-emanean ikasi, eta zerbait berria sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.