Hizkuntz Eskubideen Behatokiko teknikaria

Garbiñe Petriati: «Askori erreparoa ematen die zerbitzuak euskaraz eskatzeak, badakitelako atzerapenak ekarriko dizkiela»

Behatokiaren txostenak ez du aldaketa nabarmenik izan urteetan, baina Petriatik uste du salaketa jartzeak balio duela, eragina dutelako kexa jasotzen duen entitatean.

Garbiñe Petriati, Behatokiko teknikaria. GORKA RUBIO / FOKU
Garbiñe Petriati, Behatokiko teknikaria. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
IRUÑEA
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiari helarazitako kexen balio aldarrikatzailea nabarmendu du erakunde horretako teknikari Garbiñe Petriatik (Arbizu, Nafarroa, 1962). Sinetsita dago eskubide urraketak irmo salatu ezean nekez eginen dela aurrera.

Balorazio aski mingotsa plazaratu duzue atzera ere.

Gure lanean oso zaila da aurrerapen nabarmenak erakutsi ahal izatea urte batetik bestera. Argazkia ez da asko aldatzen. Saiatzen gara irudi horri kolorea jartzen, baina normalean grisa izaten da. Egia esan, zeri behatzen diogun aintzat hartuta, ezinbestean gertatzen da horrela: euskaraz bizi nahi duenak topatzen dituenei erreparatzen diegu, dituen zailtasunei.

Aurten bereziki nabarmendu duzue herritarrek aurrez uko egiten diotela zenbait gauzatarako euskara erabiltzeari, hautu horren albo kalteen beldur. Zenbateraino da ohikoa hori?

Herritar askori ematen die erreparoa zerbitzu bat –zernahi izanik ere– euskaraz eskatzeak, badakitelako atzerapenak ekarriko dizkiela. Berdin administrazioan, berdin banketxeko ilaran. Eta zer esanik ez justiziaren arloan. Eman dezagun isun bat jarri dizutela: gaztelaniaz jaso duzu isuna, eta zuk euskaraz jaso nahi zenuke, baina ezin zara esperoan egon euskarazkoa noiz jasoko, epeak aurrera baitoaz. Halakoetan, zer egiten du jendeak? Ziurtasunarekin jokatu, ondoriorik ez sufritzeko. Ez baituzu horregatik isun osoa ordaindu nahi, ez baituzu nahi helegite bat aurkezteko epea iraungitzea. Edo, medikutara joatean zer? Esperoan egongo zara mediku euskaldun batek arreta noiz emango? Osasuna dago jokoan, eta herritar hori akaso oso egoera hauskorrean dago. Horrelakoetan, ez daukazu plegatu besterik. Zaila da munduaren kontra aritzea.

Neketsua ere bai, ezta?

Bai. Askotan, jendeak guregana jotzen duenerako, dozenaka aldiz pairatu du salaketan aipatzen duena. Eta bai, batzuetan indartsuago ateratzen zara kalera, eta esaten duzu zure kolkorako: «Gaur ez dut bakar bat ere pasatzen utziko». Eta, halakoetan, deitu egiten digute. Baina beti ez da izaten behar adina energiarik.

Joan den urtean baino kexa gutxiago erregistratu dituzue, baina zehaztu duzue horrek ez duela zertan esan nahi urraketa gutxiago direla.

Lagin bat baita. Gainera, aintzat hartu behar da kexa horietako bakoitzaren atzean pertsonak daudela, eta baliteke salaketa bakar batek egoera orokorrago bat islatzea. Hau da: litekeena da deskribatu den egoera horrek ez eragitea soilik pertsona bati. Nire herriko medikua ez bada euskalduna, eta salaketa bat baino ez badago, bakarra izanen da zerrendan, baina badakizu herri horretan bizi diren guztiei egiten diela kalte.

Euskarak aitortza legala duen eremuetan gehiago ausartzen dira salatzera?

Jendeak badaki  ez dela gauza bera zerbait Altsasun eskatzea eta hori bera Tafallan eskatzea. Batean, behintzat, baduzu helduleku bat; bestean, hori ere ez. Legeak hizkuntza ofiziala dela aitortzen duen tokietan ere ez dago ziurtatua hizkuntz eskubideak betetzea, baina herritarra seguruago sentitzen da bere ezinegona, atsekabea edo amorrua adierazteko.

Herritarrek horma beraren kontra egin behar izaten dute borrokan aldiro. Pareta horretan ba al da pitzadurarik sikiera?

Tira, kexa jartzearen zuzeneko ondorioa ez da izanen konponbidea, baina bultzada bat bai. Bistan da administrazioek edo zernahi erakunde eta entitatek ez dutela beren kabuz deus aldatuko. Eta badakigu salaketek eragina dutela etxe barrenetan. Balio dute abisu bat emateko, eta bazterrak aztoratzen dituzte behintzat , ez baita atsegina kexak jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.