Josu Lopez Gazpio. Kimikaria eta zientzia dibulgatzailea

«Asko ikasten dut artikuluak idatziz»

'Musikaren Zientzia' artikulu sortagatik irabazi du CAF-Elhuyar saria, zientzia kazetaritzako lanen arloan. Fisikaren bitartez azaldu du musika, hiru artikulutan: «Notak soinua arrazionalizatzeko modu bat dira».

ELHUYAR.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Duela urte pila bat» aurkeztu zuen lehen artikulua CAF-Elhuyar sarietara Josu Lopez Gazpiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). «Ez nuen irabazi, baina hortik hasi nintzen, eta orain hemen nago horri esker». Geroztik artikulu ugari idatzi ditu Tolosaldeko Atarian eta Zientzia Kaiera blogean, baita Euskadi Irratian kolaborazioak egin ere: «Oso ondo pasatzen dut».

Zer sentitu zenuen saria emanen zizutela erran zizutenean?

Poza. Artikulu pila idazten ditut, irratian kolaborazioak... Egindako lan hori aitortzea pila bat eskertzen da. Saria, parte batean, Zientzia Kaiera blogarena ere bada. Egunero argitaratzen dute artikulu zientifiko bat euskaraz, eta euskararen alde egiten duten lana izugarria da, balioa ematekoa.

Nolatan idatzi duzu musikaz?

Ez da nire gaia, baina pianoa jotzen ikasten ari naiz, eta... Musika esplikatu daiteke fisikaren legeekin, baina beste alde batetik badago zerbait zientzia ez dena. Musikak zerbait gehiago dauka: azaldu daitezke gauza batzuk, eta beste batzuk ez.

Hain justu, nola azaldu daiteke musika ikuspegi zientifikotik? Eta zer da azal ezin daitekeena?

Artikuluaren lehenengo zatian azaltzen dut zer den soinua. Parte zientifikoena da: soinua, azken batean, bibrazio uhin batzuk dira, eta partikulen mugimenduagatik sortutako presio diferentziak eragiten du soinua. Hari baten bibrazioak, adibidez, gitarra batenak edo txelo batenak, soinua sortzen du. Bigarren parteak musika notekin dauka lotura: fisikaren ikuspegitik soinuak infinitu izan daitezke, baina notak dira guk soinu hori arrazionalizatu ahal izateko dugun modu bat, sinplifikatzeko. Bestela, infinitu soinurekin, ezingo genuke partitura bat sortu. Azkeneko partean azaltzen dut zein lotura daukan musikak kulturarekin. Azken batean, ez dela bakarrik hari baten bibrazioak eduki dezakeen abiadura, baizik eta kulturak ere eragin handia daukala. Horretara ohituta gaudelako gustatzen zaigu entzuten dugun musika bat. Aipatzen dut ikerketa bat Amazoniako indigena batzuekin egindakoa, ez dutenak eduki mendebaldeko musikaren eraginik: ikusi dute guretzat gustukoak diren soinu batzuk haientzat ez direla.

Zu berez kimikaria zara, baina artikulu hauek ez dute zerikusirik kimikarekin...

Egia esan, oso gutxitan idazten dut kimikari buruz; noizean behin bai, baina... gai desberdinak lantzen ditut. Normalean beti hartzen ditut publiko orokorrarentzat interesekoak izan daitezkeen gaiak: elikadura, musika, sukaldaritza... Eta horren atzean egon daitekeen azalpen zientifikoa ematen saiatzen naiz.

Zein garrantzi du dibulgazio artikuluak idazteak zuretzat?

Zientzialari batentzat oso garrantzitsua da bigarren ikuspegi hori edukitzea: ez da bakarrik kontzeptu guztiak ulertzen dituen aditu bati zerbait azaltzea, baizik eta gaiari buruz kontzeptu teknikoak ez dakizkien norbaiti beste hitz batzuekin azaltzea, zerbait ulertzeko. Eta nik ere asko ikasten dut artikuluak idatziz: beste modu batera azaldu behar dira gauzak... Oso ondo pasatzen dut, bai idatziz, bai irratian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.