Ez du zapirik eramaten Maya Amranek (Aljer, 1972). Aitortu du, ordea, behin baino gehiagotan izan duela tentazioa: andre musulman askok —haien fedearen erakusgarri— ohikoa duten zapia jantzi eta kalera irtetekoa. «Jendearen erreakzioa ikusteko». Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatuta hainbat udalerritan martxan diren Emakumeak islamofobiaren aurrean tailerrak zuzentzen ari da. Hainbat adibideren bidez, genero islamofobia zer den azaltzen die: «Emakume musulmanen kontrako arbuioa». Eta entzuten saiatzen da, haiei hitza ematen, gehienek beren larruan usu sentitu baitute bazterkeria mota hori.
Zer ondoriozta daiteke tailerretan jasotzen ari zaretenaz?
Aurrena, esango nuke andre horiek gauza asko dituztela esateko: asko hitz egiten da haietaz, baina gutxi egiten da haiekin, eta ia ez zaie entzun ere egiten. Tailerretan gauza asko agertzen dira: ez bizipenak bakarrik, gogoetak-eta ere bai, eta egoeraren inguruan egin daitezkeen urratsen inguruko ideiak. Gauza asko apuntatzen ari gara, aintzat hartzeko.
Emakumezko gehienak soslai jakin baten ingurukoak dira, edo estereotipo azalekoetan du oinarria uste horrek?
Taldeak orain arte heterogeneoak izan dira. Talde nagusia osatzen dute senarrekin bizitzera etorri diren andreek; aurrena gizonak iritsi ziren, eta gero emazteak heldu dira haiengana. Etxekoandreak dira horietako asko. Baina badira, era berean, lan egiten duten emakumeak, edo autonomo gisara dihardutenak... Euskal Herrian sortutako emakume musulmanak ere agertzen dira zenbaitetan. Oro har, nahiko talde heterogeneoak dira: denetik dago.
Erlijioa dute bereizgarri. Fedean ere heterogeneotasuna nagusi?
Islama denentzat da, oro har, erreferente garrantzitsua, baina erlijiozaletasuna bizitzeko era ezberdinak daude: pertsona bakoitzaren ezaugarriek eta testuinguruak eragina dute horretan.
Eta bizipen islamofoboen berri usu ematen dute guztiek?
Oro har, bai. Bat datoz: fenomeno bat dago hor. Eta bizipen zehatzak kontatzen dituzte, gainera, zenbaitetan. Horren aurrean zer egin? Ikuspegi ezberdinak dituzte horretan. Izan genuen andrazko bat, esaterako, argi esan zuena haren ustez deus ere ezin dela egin halako jokabideen aurka. Baina, oro har, gehienak bat datoz: gauzak egin behar dira. Gero militantziara hurbiltzeko garaian, ordea, jarrera ezberdinak dituzte emakumeek. Halakoetan lehendik esperientzia urriak izandako andreek, esaterako, sarri askotan, nahi dute, egin nahi dituzte gauzak, baina ez dira ausartzen. Esperientziadunek, berriz, aukerak ikusten dituzte.
Antzekoak dira, oro har, andre guztietan genero islamofobiarekin lotutako bizipen klaseak?
Zapia duten emakumeetan dira ohikoagoak halakoak: bizipen asko kontatzen dituzte. Askotan, aski da espazio publikoan zapia soinean eramatea, eraso eta antzekoak jasateko. Tailerretan jaso ditugun horrelako bizipen guztiak dira, hain zuzen ere, zapidun emakumeek kontatutakoak.
Ezberdintasuna agerikoa egitea da onartzen ez dena, beraz...
Bi gauza daude: ezberdintasuna, eta ezberdintasun ez-onartua. Zeren eta beste ezberdintasun mota batzuk onartu egiten dira.
Jasotzen ari zareten lekukotasunen arabera, zer ikusten da? Harrera on bat egiten zaie etorkinoi iristen diren une beretik?
Udalek, oro har, baliabide normalizatuak izan dituzte, etorkin guztientzat antolatutakoak, eta horietan ez da kolektiboen arteko ezberdintasunik egin: planak, ekintzak eta baliabideak berak izan dira guztientzat. Azken urteotan argi geratu da, ordea, baliabide horietan ez dutela parte hartzen sarritan andre musulmanek, ez direla agertzen, eta ulertu da akaso aparteko lan bat egin behar dela kolektibo horrekin: berezitua. Hainbat ezaugarri daude hori ulertzeko. Batetik, zenbaitetan formakuntza falta dakarte, eta kosta egiten zaie halako egitasmoetan parte hartzen hastea. Bestetik, hizkuntza ere eragozpen da zenbaitetan, eta bertako hizkuntzak ikasteko baliabideak ez dira egokiak haien premietarako. Azkenik, presioak izaten dituzte zenbaitetan komunitate barruan ere; badira gizonak kontrolatu egin nahi dituztenak andreak ez daitezen eremu mistoetara joan, eta abar. Beraz, bai, zailtasunak daude: andrazkook usu ez dira agertzen, ez dute parte hartzen. Horregatik, hainbat udal haientzako programa berezituekin hasi dira lanean; atariko lan bat egiten da horietan, gero andre horiek baliabide normalizatuetarako urratsa erosoago egin dezaten.
Garrantzitsua iruditzen zaizu halakoetan egiten den lana?
Uste dut baietz, lan garrantzitsua dela. Gainera, programa horietatik gehienetatik emakume elkarteak sortzen ari dira; batzen ari dira andreak, eta, horrela, interlokutore izaten hasi dira.
Halakoetan usu hitz egiten da estereotipoen zamaz. Tailerretan andreek esaten dituztenak entzunda, zenbateraino apurtuko lirateke estereotipo horiek?
Nik uste du apurtuko liratekeela batzuk, bai. Finean, ikusten duzu emakumeak direla denak. Tailerretan parte hartzen duen orok ikusiko du emakumeak direla denak, eta emakume gisara hitz egiten dutela. Beste edozein andrazkok dituen kezken antzekoak dituzte, jasaten duten bazterkeriak dakartzanak erantsita. Nire ustez, bertako emakume askorentzat benetako aurkikuntza izango litzateke tailerretan esaten direnak entzuteko era izatea; haiei aditzea, haiekin solastatzea. Gainera, tailerrotan, genero islamofobiaren aurrean eragile egin nahi ditugun bezalaxe, bultzatu nahi ditugu, bera berean, hainbat alorretan parte hartzera: berdintasunaren aldeko ekintzetan, kultur aniztasunaren aldekoetan, guraso elkarteetan, auzo mailakoetan... Protagonista izango dira era horretan;horrexek estereotipoak urratzea eta funtsik gabeko uste ustelak baztertzea ekarriko du.
Ezjakintasuna handia da. Ulertugabeak sentitzen dira andreok?
Oro har, denek sentitzen dute bazterkeria dagoela. Horren aurrean, batzuek sentitzen dute ezin dela deus egin. Beste batzuk, berriz, autokritikoagoak dira; bazterkeria dagoela onartzen dute, baina horren aurrean zenbaitetan autobazterkeria ere egiten dela pentsatzen dute, eta hori apurtu egin behar dela, irten egin behar dela alfer gurpil horretatik.
Zein dira autobazterkeria dakarren gurpil zoro horren motibo nagusiak, zure ustetan?
Hizkuntzaren faktorea da bat. Bestetik, zenbait soziologok herabetasun soziala deitzen dutena dago hor; gizartean gehiengoa dutenekin harremanetan jartzeko ohitura falta dakar. Komunitate musulmanei eragiten die, bereziki, Europako hainbat tokitan. Autokonfiantza falta dute, eta estigmatizazioan eta autoestigmatizazioan oinarritutako dinamika bat ere badago, sarri askotan.
Etorkinekiko estereotipoez usu hitz egiten da. Haiek harrera gizartearekiko dituzten estereotipoak zenbateraino dira eragozpen? Nola landu horiek?
Badituzte haiek ere estereotipoak, jakina. Hor ere lan handia egin behar da,estereotipo horiek eraisten. Norabide guztietan landu behar dira estereotipoak, baina hor atzean dagoen asimetria inoiz ahantzi gabe. Gehiengoa dago alde batetik, populazio autoktonoa: betikoa. Eta horien ondoan etorkinak daude, eta etorkin izateak zama handia du; etorri berriak dira, eta usu egoera ekonomiko eskasean daude. Beraz, bai, estereotipoak bi norabideetan landu behar dira, baina atzean dagoen egoera asimetriko hori inoiz ere ahantzi gabe. Bitartekaritzan beti esaten da bi aldeak orekatzera egin behar dela.
Maya Amrane. Tailerretako dinamizatzailea
«Asko hitz egiten da haietaz, gutxi haiekin; ia ez zaie entzun ere egiten»
Galderak proposatzen dizkie Amranek tailerretan ari diren andre musulmanei, gogoetarako akuiluak; islamofobiaren ertzak biluzten ahalegintzen da itaunen bitartez, eta komunitate barnean ere hausnarketak izateko bideak hasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu