Joan den urteko ekainean, Zaballako espetxera egindako martxa baten ondoren, desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zien Ertzaintzak Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legeaaplikatuta 1.200 euroko isuna jarri zioten bakoitzari, 153.600 euro guztira. Helegiteak aurkeztu zituzten isun horien aurka, baina antolakundeak salatu du ukatu egin dizkietela.
Erabakiak, ordea, ez ditu «harritu». Izan ere, ohar bidez azaldu dute helegitea onartzea ertzainen eginkizuna dela. «Eta nola espero daiteke bertaratu zirenen kontrako mehatxuak, jipoiak eta ukituak egin zituen poliziaren partetik elkartasuna eten eta aldi berean mugimendu iraultzailea ekonomikoki ito nahi duen isuna atzera botatzea?».
Salatu dute Mozal legeak «militantzia politikoa ezeztatzen» duela, eta Poliziari «inpunitate osoz» aritzea baimentzen diola. Poliziari egia osoaren boterea ematen diolako, eta horri esker «nahi duena asmatu eta bere neurrira egindako isunak» jartzeko ahalmena duelako. Eta gehitu dute isun horiek ondoren «disimulu handirik gabe» berresten dituztela beste ertzain batzuek, «polizien arteko kooperatibismoa» sustatuta.
Ikusi gehiago
Iragarri dute, halere, auzitara joko dutela eta isunen aurkako helegitea jarriko dutela. Era berean, adierazi dute euskal presoekiko elkartasuna adierazten segituko dutela, eta herritarrei dei egin diete ekintza horietan parte hartzeko.