Desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi diete Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legea aplikatuta, 1.200 euroko isuna jarri diote bakoitzari, 153.600 euro guztira: «Isunok ez dira gertakari bakana. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari jazartzeko [Espainiako eta Frantziako] estatuek darabilten estrategiaren pean kokatu beharreko pauso kualitatibo gisa ulertu behar dugu», erran du antolakundeak.
Erlazionatuta
Gertatutakoaren xehetasunak emateko agerraldia egin dute Gasteizen. Eta, azaldu dutenez, isunak 2023ko abenduaren 30ean egindako ekintza batengatik jarri dizkiete: euskal presoei elkartasuna adierazteko Zaballako espetxera egindako martxa batengatik. Antolakundeak salatu du ekinaldian parte hartu zutenei «heriotza mehatxuak egin» zizkietela poliziek, eta «jipoitu, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak egin» zizkietela. Adierazi dute isun horiek Poliziaren «jazarpena eta gehiegikeria zilegi egiten» dutela. Izan ere, azpimarratu dute zigor ekonomiko horiek mugimenduaren «gaitasun politikoa indargabetu eta etorkizuneko praktika politikoa baldintzatuko» dutela.
Azaldu dute isun horiek guztiak «Euskal Herri langilearen eskubide politikoen aurkakoak» direla, eta, hortaz, bi modutara egin ahal zaiola aurre: «Xantaiari men egin eta inposatutako mugak onartuz; edo antolakuntzaren eta borrokaren bitartez oztopoak gainditzeko bitartekariak sortu eta aurre eginez». Azpimarratu dute bigarrena hautatuko dutela, eta ez direla isilik geldituko «jazarpenaren aurrean».
Egoerari nola aurre eginen dioten ere azaldu dute: urriaren 5ean ekinaldi bat eginen dute, eta Euskal Herri osoari elkartasun deia egin diote. Gainera, laguntza ekonomikoa jasotzeko kontu korronte bat ere martxan jarri dute, eta herritarrei ekarpenak egiteko eskatu diete. «Jartzen dituzten oztopoak jartzen dituztela, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan jarraituko dugu, horretarako borondate politikoa dugulako. 153.600 arrazoi baino gehiago ditugulako borrokan jarraitzeko. Eta ez dago borondatea itoko duen isunik. Elkartasuna ez da delitua», borobildu dute.