Aske uzten duten arte kimioterapia hartzeari uko egin dio Troitiñok

Tratamendua espetxean hartzea ez da «bideragarria», Etxerat-ek salatu duenez. Gaitza «duintasunez» eta etxean tratatu ahal izatea eskatu du

Antton Troitiño, 2015eko irudi batean. DANIEL LEAL-OLIVAS / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, Antton Troitiño euskal presoak utzi egin dio bere gaixotasunari aurre egiteko «aringarri» gisa erabiltzen ari zen kimioterapia hartzeari. Izan ere, presoen senideen elkartearen arabera, tratamendua ez da bateragarria espetxeko baldintzekin: «Ez zaio batere bideragarri egiten tratamenduarekin jarraitzea, bai animoan, bai fisikoki espetxeratze baldintzak gaindiezinak direlako». Etxerat-ek ohartarazi du euskal presoaren osasun egoera «nabarmen okertu» dela azken egunotan: «Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioterapia hartzera, eta, ondoren, espetxera itzularazi dute». Elkartearen arabera, «baldintza desegoki eta gogorretan» dago presoa: ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko, bertze horrenbertze itzultzeko, ez du dieta egokirik hartzeko aukerarik, eta botikak falta zaizkio. Etxerat-en arabera, horregatik erabaki du kimioterapiari uko egitea aske uzten duten arte, «gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko, eta bere senideengandik hurbil».

Espainiako Auzitegi Nazionalak herenegun izenpetu zuen Troitiño baldintzapean aske uzteko autoa, baina oraindik Estremerako espetxean daukate (Espainia), eta baliteke heldu den astera arte ez libratzea, baldintzapean aske uztea agintzen duen autoa irmo egin arte—tartean fiskalak helegitea jartzeko aukera du, eta bortz eguneko tartea du horretarako—.

«Labirinto burokratikoa»

Etxerat-ek salatu du «larria eta onartezina» dela gertatzen ari den «labirinto burokratikoa», presoaren egoera «oso delikatua» dela kontuan hartuta. Izan ere, dagoeneko bi aste baino gehiago igaro dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Troitiño askatzeko lehen agindua eman zuenetik. Presoari hirugarren gradua ematea ebatzi zuen urtarrilaren 11n auzitegiak, eta, ondoren, espetxeko tratamendu batzordeak hala eskatuta, baldintzapean aske uzteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak, herenegun.

Baldintzapean aske uztea hobea da berez presoarentzat, baina aldaketak askatze eguna gibelatzea baino ez du eragin, eta Etxerat-ek salatu du auzitegiak ez direla kontuan hartzen ari presoaren osasun egoera. Larriki eri den euskal preso hori «berehala» aske uzteko eskatu du elkarteak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren bi autoetan adierazten den bezala. 2020ko apirilean sumatu zituen Troitiñok gaixotasunaren lehenbiziko sintomak, eta orduan ere ez zuen arta egokirik jaso, Etxerat-en arabera: irailera arte ez zuen «behar bezala zuzendutako asistentziarik» jaso, hau da, lehen sintomak sentitu eta bortz hilabete pasatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.