Aske utzi dute Loiuko aireportuan atxikita zeukaten gazte sahararra

Hamahiru egunez egon da Loiuko onartu gabeen gelan atxikita, eta lagun baten etxean dago orain. «Pozik» dago Zehar elkartea, baina oraingoz «zuhur» jokatuko duela jakinarazi du.

Yusef Mahmudi gazte sahararra, Loiuko aireportuan atxikita egon ostean, aske geratu ondoren. @SPL_Saharara
Yusef Mahmudi gazte sahararra, Loiuko aireportuan atxikita egon ostean, aske geratu ondoren. @SPL_Saharara
Jon Ordoñez Garmendia - Olatz Silva Rodrigo
Bilbo
2024ko uztailaren 6a
08:21
Entzun

Aske utzi dute duela hamahiru egunetik Loiuko aireportuan (Bizkaia) atxikita zegoen gazte sahararra. Yusef Mahmudi izena du, eta aireportua utzi eta lagun baten etxean dago jada, «garaipena ospatzen». Europako kazetari sahararren elkarteak X sare sozialean jarri duen argazki batean, gaztea ageri da Loiuko aireportuaren kanpoaldean, Mendebaldeko Saharako bandera bat eskuan duela. Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak adierazi du «pozik» daudela, baina oraingoz «zuhur» jokatuko dutela.

Marokotik zetorren hegaldi batean heldu zen Saharako herritar hori, ekainaren 23an, eta egun horretan eraman zuen Espainiako Poliziak Loiuko aireportuko onartu gabeen gelara. Espainiako Poliziako eledun batek aitortu du ez duela deliturik egin, baina aireportutik ateratzeko baldintzak ez zituela betetzen argudiatuz atxiki dutela. 

Ostegunean Marokora deportatzekoak ziren, baina helegite bat aurkeztu zuen, eta erabakia atzeratzea lortu. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zituen aintzat hartu haren abokatuek kanporatzea eragozteko eskatutako kautelazko neurriak, eta atzo ziren berriro deportatzekoak. Gose greban zeramatzan bi egun. Horrek eragindako osasun egoeraren ondorioz, erietxera eraman zuten goizean. 

Bitartean, abokatuek Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordetzara jo zuten, «arrazoi humanitarioengatik sartzeko baimena» eskatzeko: «Atzerritarren Legeak jasotzen du baimen hori; adierazi genuen, besteak beste, Mahmudi gose greban zegoela, erietxera joan behar izan zuela eta edozer egiteko prest zegoela». Plataforma telematiko baten bidez egin zuten eskaera, hori baita aukera bakarra. Eta erantzuna helbide elektroniko baten bitartez jaso zuten. «Posta elektronikoa ez da abokatuen eta administrazioaren arteko komunikazio bide ofizial bat», argi adierazi du Galparsorok. Mezu horretan, ordezkariordetzak helarazi zien ez zela euren eskumena, Espainiako Poliziarena baizik, eta ezin zutela ezer ebatzi. 

Deportazioa, beraz, arratsaldean egitekoak izan ziren, baina Marokora eraman behar zuen hegazkineko pilotuak uko egin zion eramateari. Hainbat herritar babesa ematera joanak ziren aireportura, eta pozez hartu zuten erabakia. Onartu gabeen gelara eraman zuten berriro Mahmudi, eta Espainiako Poliziak eskaera bat bidali zion Bilboko epaitegiko guardiako epaileari: «Ikusita auzia aurreikusi baino gehiago luzatzen ari zela, askatasuna beste 48 orduz kentzeko eskatu zioten». Eskaera horretan, beraz, aitortu zuten «askatasuna kenduta» zegoela Mahmudi.

Epailearen aurrera eraman zuten gaztea, baita haren abokatua eta interpretea ere. Fiskala ez zen bertaratu, nahiz eta haren «betebeharra» izan. 02:00etan hartu zuen erabakia epaileak, eta aske utzi zuen. Gazte sahararra hainbat lagunekin itzuli zen aireportura, bere ondasunen bila. Lagun baten etxean dago orain. Galparsorok ohartarazi du erabaki horren aurkako helegitea jar daitekeela. Hiru egun ditu fiskalak horretarako: «Hala ere, atzo ez zenez bertaratu, ez dut uste orain helegitea jarriko duenik». 

Aske utzi duten arren, haren egoera oraindik ez dago erregularizatuta. Hain justu, aske utzi dute, baina horrek ez du aldatu haren egoera juridikoa. Hori dela eta, «estrategiak» lantzen jarraituko dute: «Zuhur jokatu behar dugu, egoera okertu egin daiteke eta». Galparsorok gogoratu du oraingoz ez dela errefuxiatu bat, ez baitiote eskaera onartu. «Are gehiago, ukatu egin diote», nabarmendu du. Eta erantsi du Mahmudi atxilotzen badute deportatu egin dezaketela. Hori gerta ez dadin, haren egoera aztertuko dute orain.

Eskaera gehiago

Asiloa eta arrazoi humanitarioengatik sartzeko baimena eskatzeaz gain, abokatuek beste eskaera bat egin zuten asteazkenean: aberrigabezia eskubidea aitor diezaiotela. Galparsorok egun horretan azaldu zuenez, aberrigabeziak ez du zerikusirik asiloarekin: «Alde batetik, aberrigabezia eskubidea onartzea lortzeko prozesua askoz ere luzeagoa da, eta, bestetik, estatutu desberdinak dituzte». Pertsona aberrigabea da ezein herrialdek bere legediaren arabera herritar moduan aitortzen ez duen pertsona. Hau da, pertsona aberrigabeak ez du herrialde bateko herritartasunik.

Espainiako Barne Ministerioari egin zioten eskaera, «asiloa ukatu zion ministerio berari». Gaur-gaurkoz, ez dute ebazpenik jaso. Eskaera hori UNHCRk ere babestu du, Galparsorok jakinarazi duenez. «UNHCRk Barne Ministerioari esan dio gazteak eskubidea duela herrialdean sartzeko, eta aberrigabezia eta asilo eskaerak onartzeko», zehaztu du. 

Sira Rego gazteen eta haurren gaietarako Espainiako ministroak, ordea, atzo gutun bat bidali zion Barne Ministerioari, Mahmudiri behin-behinean sartzeko baimena emateko eskatuz, «arrazoi humanitarioengatik». Regoren esanetan, baieztatuta dago Mahmudi Mendebaldeko Sahararen aldeko ekintzailea dela eta horregatik jazarria dela. Ministroa «beldur» da «arrisku handiak» izango dituela herrialdean sartzeko baimena ematen ez badiote. Regok Husein Amadurren kasua gogoratu du: unibertsitate ikasle saharar bat da, eta asilo eskubidea ukatu zioten; orduan, Marokora deportatu zuten, eta, deportatu orduko, Marokoko espetxe batean sartu zuten. Hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Eskaera horrek ere ez du erantzunik jaso oraingoz. 

Saharakoa izateak eragina izan du auzian, Zeharreko presidentearen iritziz. «Badakigu zein den egoera; ez da kasualitatea hainbeste tentsio eta presio egon izana», esan du. Eta erantsi du bidegabea dela hamalau egunez borrokatu behar izatea oinarrizko eskubide bat lortzeko, hau da, nazioarteko babesa lortzeko. Izan ere, 1951ko Genevako Konbentzioaren arabera, Mahmudiren egoeran dagoen pertsona orok, onartua izateaz gain, eskubidea du errekonozitua izateko. «UNHCRren arabera, munduan 118 milioi pertsona potentzialki errefuxiatuak izan daitezke, 79 biztanletik bat; gehienak ez dira Yusef: asilo eskubidea existitzen dela ez dakiten Gazako herritarrak dira, Zehar eta horrelako eragilerik ez dutenak, erailak izan daitezkeenak eta beldur ikaragarria dutenak».

Iritzi berekoa da Saharako Gazteria Aktiboa. Izan ere, elkarretaratze batera deitu zuen ostegunerako, eta bertan esan zuten Mahmudi Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan jasaten duen «jazarpen politikoaren froga» dela: Marokon espetxeratua izan da hainbatetan, eta haren anaiari asiloa eman dio Frantziako Gobernuak. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean bildu ziren Euskal Herrian bizi diren hainbat saharar, eta Maroko hiltzailea, Espainia sustatzailea lelopean, Mahmudi aske uzteko exijitu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.