Gabi Daraspe GKSko kidea Martuteneko espetxetik atera da, arratsaldean. Gazte Koordinakunde Sozialistako kidea iragan ostegun gauean atxilotu zuten Itziarren (Gipuzkoa). Berehala, Martuteneko kartzelan (Donostia, Gipuzkoa) sartu zuen Ertzaintzak. Sei hilabeteko kondena zuen 2018tik, baina abokatuek eskaria jarri zuten atzo; goiz honetan, epaileak onartu du, eta aske utzi dute gazte lapurtarra. Defentsak BERRIAri adierazi dionez Daraspek sei hilabeteko kondena ukan zuen 2018an egindako epaiketa batean. 2016an Bilbon izandako ikasle greba baten harira desordena publikoa leporatu zioten. Orain, behin-behinean aske uztea onartu du epaileak.
Bestalde, Gedar hedabideak azaldu du gazteak bere kontrako bi auzi dituela irekiak oraindik, «jardun politikoarekin lotuta». Horiek horrela, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak erabaki du ostiralean antolatutako protesta mantentzea, «Darasperen absoluzioa eta amnistia osoa» aldarrikatzeko.