Poliziak aske utzi du Baionan hildako emakumearen seme adingabea. Larunbatean atxilotu zuten 17 urteko mutila, amaren hilketarekin zerikusia zuelakoan, baina orduan susmagarri nagusia zena kargurik gabe libre utzi zuten igande arratsaldean. Gaur egingo diote autopsia emazteari Bordelen, eta espero da horrek gertatutakoa argitzea, inkestan dudan jarria baita hilketa bat izan zen.
Izan ere, informazio gutxi eta nahasmen handia dago Baionan asteburuan jazotakoaren inguruan. Larunbat goizean, 41 urteko emakumezko bat hilda agertu zen Baionako bere etxean, Zitadela auzoan; biktimaren bikotekide ohiak zuen gorpua aurkitu, eta hark zion Poliziari deitu. 17 urteko semeak ohartarazi zuen aita; elkarrekin bizi ziren ama-semeak.
Baionako auzi poliziaren hasierako hipotesia izan zen semeak ama hil zuela. Hainbat hedabidek zabaldu zuten Poliziak bazuela mutilaren berri, amari behin baino gehiagotan egin ziolako eraso, baina informazio hori ukatu egin zion atzo BERRIAri Baionako Auzitegiko prokuradoreorde Marc Marieek: «Delitu txikiak baino ez ditu egin».
Edonola ere, larunbatean atxilotuta eraman zuten gaztea, baina hasieran deklaratzeari uko egin zion. Igande goizean, ordea, 24 orduko atxiloketa luzatu ziotenean, inspektoreekin hitz egitea onartu zuen. Gaztearen deklarazioaren arabera, larunbat goizean altxatu zenean topatu zuen amaren gorpua lurrean; orduan abisatu zion aitari. Haren hitzei sinesgarritasuna eman, eta kargurik gabe aske uztea erabaki zuten poliziek. «Eman dituen azalpenak ez ziren kontrajartzen ahal», azaldu du Marieek.
Nola hil zen, argitzeke
Izatez, emaztea nola zendu zen ere argitzeko dago. Hasieran bortxaz hil zutela zabaldu bazen ere, orain ikertzaileek ez dute baztertzen emakumea berez hil izana. Marieek azaldutakoaren arabera, ezin da ziurtatu hilketa bat izan zen: «Gorpua ikustean, auzitegi medikuak ondorioztatu zuen kausa naturalez hil zela esateko elementu nahikorik ez zela, eta inkesta bat merezi zuela». Prokuradoreordeak gaineratu du oraindik ez dutela instrukziorik abiatu; hau da, ikerketa auzi poliziaren esku dago.
Hori guztia argitzeko, autopsiaren zain daude ikertzaileak. Gaur egingo diote azterketa emaztearen gorpuari, Bordelen; bi aste barrurako espero dira emaitzak.
Aske utzi dute Baionan larunbatean hildako emakumearen semea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu