Genero indarkeria

Aske utzi dute adin txikiko emakume bat bortxatzeagatik atxilotutako 24 urteko gizona

Bart gauean izan da bortxaketa, Durangon (Bizkaia). Epailearen aurretik igarota, aske utzi dute arratsaldean. Aste honetan beste bi sexu eraso ere izan dira, Donostian eta Barakaldon (Bizkaia).

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat, iazko azaroan, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 13a
17:47
Entzun

Ertzaintzak 24 urteko gizon bat atxilotu du bart gauean, Durangon, adin txikiko emakume bat bortxatzeagatik. Durangoko epaitegitik igaro ondoren, aske utzi dute arratsaldean. Sexu erasoa egin izana egozten diote.

Udalak adierazpen bat kaleratu du esanez horrelako gertakariak ezin direla gertatu ez Durangon eta ez beste inon. "Nazkatuta gaude horrelako berriez, eta, kasu honetan, Durangon gertaturik, udalak eskain ditzakeen baliabide eta babes guztiak eskainiko dizkiogu biktimari", ziurtatu dute. Esan dutenez, dagoeneko martxan jarri dute halako gertaeretarako prestatuta daukaten protokoloa, eta hor jasotzen diren pausoak emango dituzte. "Horrelako gertakariek sorrarazten dizkiguten kezketatik abiatuta, udal gobernu honek bere esku dagoen guztia egingo du behingoz indarkeria matxista desagerrarazi eta gizarte hau gizaki guztiekiko errespetuan hezteko", nabarmendu dute. Horrez gain, gertakari honen harira sor daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Ez da aste honetako genero indarkeria kasu bakarra. Astelehen goizaldean, Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, bikotekideari sexu eraso bat egitea egotzita. Donostiako Udalak elkarretaratze bat egin zuen atzo, gertatutakoa salatzeko.

Barakaldon (Bizkaia) ere 20 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, bikotekideari sexu eraso bat egitea leporatuta. Emakumeak larrialdietara deitu zuen, eta Ertzaintzak etxebizitzaren patioan aurkitu zuen, lepoan eta aurpegian kolpeak zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.