EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek argibideak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko manifestazioan Ertzaintzak izandako jarreraren inguruan. Segurtasun Sailak azalpenak ematea nahi du koalizio abertzaleak, eta, horretarako, galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Josu Erkoreka sailburuak idatziz erantzun ditzan. Elkarrekin Podemosek ere ikerketa bat abiatzeko eskatu du Arabako Batzar Nagusietan, zer gertatu den argitzeko.
Igande eguerdian, istiluak izan ziren Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko manifestazioan. Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei, eta eten egin behar izan zuten milaka lagun elkartu zituen protesta. Poliziak lau lagun ere atxilotu zituen, desordena publikoak eragitea eta autoritatearen kontra egitea leporatuta. Atzo aske utzi zituzten, karguekin. Hain zuzen ere, gertatutakoa salatzeko eta atxilotuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur, Andre Maria Zuriaren plazan.
Atxilotuak askatu dituzten unea, babes oihu artean.
— Aske Antolakundea (@aske_eh) March 3, 2024
Bihar arratsaldeko 19.00etan atxiloketak salatzeko kontzentrazioa Andra Mari Zuriaren plazan.
INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU! pic.twitter.com/MT9LmeJsoS
Manifestazioaren antolatzaileek, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek salatu dute Ertzaintzaren operazioa neurriz kanpokoa izan zela, eta «dozenaka zauritu» eragin zituela oldarraldiak: «Ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotarekin: polizia furgoiekin ere oldartu dira manifestarien aurka». Gertakari hori Gasteizko Kontseilu Sozialistak ere gaitzetsi zuen, esanez nahita harrapatu zutela ospitaleratu zuten manifestari bat.
Horiek hala, Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek «agerraldi masiboa» antolatu dute asteazkenerako, Ertzaintzaren oldarraldia salatu eta atxilotuei elkartasuna adierazteko. Halaber, Ertzaintzaren borra baten edo foam jaurtigailuen kolpez zauritutako herritarrei dei egin diete sindikatuekin harremanetan jartzeko; haien osasun egoera zertan den eta min hartu zutenak zenbat izan ziren jakin nahi dute.
Ikerketa eske
Ertzaintzak zer erantzukizun izan duen argitzeko eskatu du, halaber, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ere, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du Segurtasun sailburuak azalpenak ematea. Kalez jantzitako ertzainen egitekoez eta foam jaurtigaien erabilerari buruz azalpenak emateko eskatu dio sailburuari. «Erkorekak ezin dio bizkarra eman, eta azalpenak eman behar ditu», gaitzetsi du, eta iragarri min hartu zuten zazpi ertzainen mediku txostenak ere eskatu dituztela.
Arzuagak gogorarazi du ganbera deseginda egon arren diputazio iraunkorra martxan dagoela. Beraz, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak erabakiko du orain ekinaldia onartu eta galderak Jaurlaritzari helaraziko ote dizkion. Nolanahi ere, Arzuagak uste du «interpelazio publiko bat» dagoela, eta Erkorekak azalpenak ematea «ezin saihestuzkoa» dela.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek Arabako Batzar Nagusietan egindako ekinaldi baten bidez eskatu du Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat abiarazteko Ertzaintzak Gasteizen egindako oldarraldiei buruz. David Rodriguez bozeramaileak esan du Ertzaintza «neurrigabe» aritu dela Gasteizen, eta egoera argitu beharra dela.
Erasoa eragozteko
Ertzaintzak ere eman du bere bertsioa. Lau atxilotuak eta beste batzuk Poliziari iseka egiten eta gauzak botatzen hasi zirela adierazi dute, eta zazpi ertzain zauritu zituztela. Poliziaren arabera, «beharrezkoa» izan zen defentsarako materiala erabiltzea «erasoa eragozteko».
Foam jaurtigaiak erabili zituzten, eta, hain zuzen, horiek zeresana eman dute azken asteetan: Tolosako inauterietan hiru gaztek salatu zuten horiekin aurpegian jo zituztela. Hala Bedi-ren arabera, atzo, besteak beste, 60 urteko emakume bat jo zuten ahoan jaurtigai batekin. Gedar langile kazeta-k, berriz, jakinarazi zuen Ertzaintzak debekatuta dauden gomazko pilotak ere erabili zituela manifestarien kontra. Jardun koordinakundeak berretsi egin zuen hori.