Joan den igandean bi sexu eraso salatu zituzten Getxon (Bizkaia), eta Algortako festetan gizon bat atxilotu zuten, hamazazpi urteko adingabe bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Bestetik, Aixerrotako Paella festan, uztailaren 25ean, 26 beste urteko gizon bat atxilotu zuten, sexu eraso bat egitea leporatuta. Epailaren aurrean deklaratu ostean, karguekin aske utzi dituzte biak.
Erasoak gaitzesteko, hainbat elkarretaratze antolatu dituzte Getxon. Atzo, Algortako mugimendu feministak bilkura bat egin zuen Telletxe kaleko puntu lilan. Gaurko, berriz, bi elkarretaratze daude antolatuta. Lehenik, udal ordezkariek eta Berdintasun Batzordeko kideek bilkura isila egin dute, eguerdiko 12:00etan, udaletxe aurreko eskaileretan. Bigarrena arratsaldeko 19:00etan egingo dute, Telletxe kaleko puntu lilan; herritarrentzako egin dute deialdi hori.
12:00etan egin den bilkura isilean, Amaia Agirre Getxoko alkateak esan du sexu erasoez «nekatuta» daudela, eta «gizartearen konpromisoa eta laguntza» eskatu ditu. Bost minutuko isilunearen ostean, bizitza lasai bat nahi dutela aldarrikatu du. «Biolentziarik gabeko festak nahi ditugu. Eraso hauek gaitzetsi nahi ditut, eta erasoak jasan behar izan dituzten emakumeei eta haien familiei nire elkartasuna erakutsi nahi diet», esan du Agirrek.
Argitu du prebentzioa dela «arma bakarra eta onena» falta diren festei aurre egiteko. Berriro ere denen konpromisoa eskatu du, eta azpimarratu du ezin dutela horrela segi. Azkenik, Getxoko alkateak herritarrei eskatu die 19:30ean Telletxe kaleko puntu lilan egingo den elkarretaratzera joateko.
Getxoko Udalak elkartasuna adierazi die erasoa pairatu duten emakumeei eta haien gertukoei. Udalak argi utzi du «eraso sexistak justifikatzen dituen testuingururik ez dagoela, jaiak barne». Gainera, sexu erasoen erruduna nor den argi utzi behar dela adierazi du adierazpen honekin: «Indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna da beti, eta erasoa jasan duten emakumeak erruduntzat jotzea saihestu behar da».