Aske mugimenduak Amnistia Eguna antolatu du ekainaren 3rako, Donostian

«Euskal Herriko nahiz mundu osoko langileek pairatzen duten zapalkuntza» salatu dute Iruñean eginiko agerraldian.

jarraia223517.jpg
2023ko urtarrilaren 24a
16:53
Entzun

Amnistia aldarrikatu du Aske antolakundeak, gaur Iruñeko Burgoen plazan eginiko agerraldian. «Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta errepresioa behingoz amaitzeko, amnistia eskuratu beharra dugu, amnistia dominazio egoera hori iraultzeko halabeharrezko baldintza baita. Amnistia gehiagorengatik borrokatu behar ez izateko, eta honengatik errepresio gehiago pairatu behar ez izateko ezinbesteko baldintza, alegia». Amnistia, funtsean, «Euskal Herri langileak erabateko askatasuna izango duen etorkizunerako mugarria» izanen dela esan dute antolakundeko bozeramaileek agerraldian. Hori aldarrikatzeko, Amnistia Eguna eginen dute Donostian, heldu den ekainaren 3an.

«Frantziako zein Espainiako estatu zapaltzaileen makineria errepresiboa» salatu dute aurkezpenean, baina ez dute Euskal Herrira mugatu, «kapitalismoaren atzaparren pean dagoen munduko edozein txokotan ezaguna den errealitate komuna baita». Horren barruan kokatu dituzte egungo egoera ekonomikoa eta gobernuen neurriak ere: «Burgesiak, errepresioaren bitartez unean uneko errealitatera moldatzeko gaitasuna duen bitartean, etorkizuna baldintzatu eta hori zehazteko ahalmena du. Gauzak horrela, azken hilabeteetan proposatzen eta indartzen ari diren neurriek etorkizun iluna iragartzen digute. Izan ere, krisi egoeran Euskal Herri langilearen bizi baldintzek okerrera egiten duten heinean, horren antolakuntzak eta mobilizazioak ere gora egiten dute, eta burgesiak horiek neutralizatzeko eta deuseztatzeko baldintzak ezartzeko beharra du».

Horren aurkako borrokan, amnistia «mugarria» dela uste du Aske antolakundeak, eta estrategia horren barruan kokatu dute ekainaren 3ko Amnistia Eguna, zeinean xedetzat izanen duten «nazioarteko zein Euskal Herriko errepresioaren inguruan hausnartzea eta Askek dituen erronkak mahaigaineratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.