Aske geratu da Saenz Olarra euskal presoa, zigorrak ez batzeko erreformaren ondorioz lehena

Sarek azaldu du Espainiako Justizia Europako Batasuneko zuzentaraura egokitzeak eragin zuzena izango duela 52 euskal presoren egoeran.

Sareren manifestazio bat, Bilbon, euskal presoen alde. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sareren manifestazio bat, Bilbon, euskal presoen alde. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2025eko martxoaren 7a
19:45
Entzun

Balbino Saenz Olarra euskal presoa aske utzi dute gaur, eta Martuteneko espetxetik atera da (Donostia), zigorra bukatuta. Lehen aldia da euskal preso bat aske geratzen dena Espainiako Estatuak euskal presoei aplikatu dien zigorren batuketa baliogabetzeko erreforma baliatuta; arau aldaketa hori iazko urrian egin zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak aske uztea deliberatu du, dagoeneko ez dagoelako indarrean Frantzian betetako zigorrei Espainian ezarritakoak gehitzeko irizpidea. Berez, 2022ko abenduan bete zuen zigorra, Frantzian preso egon zen denbora aintzat hartuta. Araua aldatu izan ez balitz, 2029. urtera arte ez zuen beteko.

2008tik Europako justiziak ebatzita dauka delitu beragatik preso batek ez dituela bi zigor bete behar Europako Batasuneko bi herrialdetan, baina Espainiako Justiziak muzin egin dio irizpide horri urte askoan, harik eta espetxe zigorrak zenbatzeko araua aldatu zuen arte, iaz, erreforma baten bidez. Hura indarrean sartuta, Sare Herritarrak azaldu zuen, 2024ko urtarrilean, zazpi euskal presori berehala eragingo ziela, eta aske geratu beharko zutela; haietako bat Saenz Olarra zen. Gaur geratu da aske, iazko urrian zigor batuketa bertan behera geratu ondoren.

Edonola ere, Sarek azaldu duenez, dozenaka dira Espainian ezarritako kartzela zigorrak dioen baino lehenago aske geratu beharko luketen euskal presoak, zigor bikoitzik ez izateko egin duten irizpide aldaketa dela medio. Orain arte, Frantzian betetzen zituzten kartzela zigorrak ez dituzte aintzat hartu Espainiako epaileek beren erabakietan. 2014an hasi ziren aplikatzen zigor batuketa hori, PPk kodean egindako aldaketa baten ondotik. Hala, hamar urte baino gehiago igaro dituzte zigorren batuketak eginez, euskal presoei dagokienez, hau da, Frantzian betetako kartzela urteak kendu gabe.

Salbuespen neurria

Sarek sarritan salatu du salbuespen neurrien artean zigor zenbaketena izan dela nagusietako bat, Europako justiziaren aurkakoa betiere. Gaur egun ere, indarrean segitzen du Jose Maria Aznarren garaiko 7/2003 legea, zeinak ezartzen baitu 40 urte arteko kartzela zigorra bete dezaketela zigortuek.

«Berandu, baina amaiera eman zaio arbitrariotasunari», esan zuen Sare Herritarrak 2024ko urtearen hasieran, erreformaren berri eman zutenean. Plataformak haren ondorioei erreparatu zien, eta azaldu zuen Europako Batasuneko zuzentaraura egokitzeak eragin zuzena izango duela 52 euskal presoren egoeran; eta erantsi zuen haietako zazpik aske beharko luketela lehenbailehen, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartuz gero. Iritsi da lehena: Balbino Saenz Olarra.

Sare Herritarraren arabera, Espainiako Gorteek «euren zeregina» bete besterik ez dute egin araua aldatzean, eta hamar urtez eragindako kalteari erantzun zion aldaketak: «Pertsona asko urteak egon dira preso modu bidegabean». Beraz, erreformaren ondorioa ez da zigorrak «murriztea», baizik «modu bidegabean atzeratutako» kaleratzeak bideratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.