Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Iruretagoiena euskal presoa aske geratu da, hamasei urteko espetxe zigorra bete ostean. Tolosakoa (Gipuzkoa) Lannemezango espetxean zegoen preso, Okzitanian, Euskal Herritik 290 kilometrora.
2007an atxilotu zuten Iruretagoiena, Cahorsen (Frantzia). Alençongo espetxean egin zituen zigor urte gehienak —Frantzian, 832 kilometrora—, 2018ko maiatzean Mont de Marsanera lekualdatu zuten arte —Okzitanian, 215 kilometrora—. Gerora, Lannemezanera mugitu zuten. Iruretagoiena aske geratu ostean, zortzi dira Frantziako espetxeetan dauden euskal presoak: sei Lannemezanen eta bi Reaun —890 kilometrora—.