MADRIL. Jaione Jauregi euskal presoa aske geratu da, hiru urte baino gehiago behin-behineko espetxealdian igaro ostean. Alcalako espetxean (Espainia) egon da 2020ko azarotik; orduan utzi zuen Belgikak Espainiaren esku.
2004koa zen Jauregiren aurkako auzipetze autoa, eta orduan egin zion Espainiak haren aurkako lehen estradizio eskaera Belgikari. Estatu hark hiru bider eman zion ezezkoa Espainiaratzeari. 2019an, ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Belgika zigortu zuen erabaki haiengatik. Eskaera berri bat tarteko, 2020ko azaroan onartu zuen estradizioa, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil izana egotzita. Aurreko astean aztertu zuten Auzitegi Nazionalean ea Jauregi epaitu edo ez. Defentsak argudiatu zuen hura preskribatuta zegoela.