Euskal presoak

Aske geratu da Iñaki Arakama euskal presoa

Arakama ETAko negoziazio taldeko kidea izan zen Aljerko negoziazioetan. Ondoren, zortzi urtez deportatuta egon zen Dominikar Errepublikan. Azken 24 urteak espetxean igaro ditu.

Iñaki Arakama Zaballako espetxearen kanpokaldean, gaur, bere senideekin batera. ETXERAT
2021eko apirilaren 25a
16:22
Entzun

Irten da espetxetik Iñaki Arakama euskal presoa. Etxerat-ek jakinarazi duenez, gaur goizean utzi du atzean Zaballako kartzela. 1989. urtean deportatu zuten Arakama, 1997ko abuztuan espainiaratu, eta ordutik Espainiako hainbat kartzelatatik igaro da; azkenekoa, Sevillan. 

Asparrenean (Araba) jaio zen, eta 1989aren hasieran ETAren negoziazio taldeko kidea izan zen Aljerko negoziazioetan. Elkarrizketa haiek, ordea, ez zuten fruiturik eman, eta parte hartu zutenak Dominikar Errepublikara deportatu zituzten: Arakama bera, Belen Gonzalez Peñalba eta Eugenio Etxebeste.

1997ko abuztuan, berriz, Dominikar Errepublikako gobernuak Espainiako Gobernuari entregatu zion Arakama, Etxebesterekin eta Peio Gantxegirekin batera.

Espainian, besteak beste, Zaragozako eta Logroñoko espetxeetan egon da Arakama, baina denbora gehien Sevillakoan igaro du; azken asteetan ekarri dute Euskal Herrira. 1980ko hamarkadaren hasieran egindako hainbat atentatugatik zigortu zuten.

Sevillan, bizilekutik 882 kilometrora zegoen preso. Hari bisitan zihoazela, 2017an, Arakamaren iloba batek, bikotekideak eta lagun batek auto istripua izan zuten, Bejarren (Espainia), asteburuko bisita egin eta etxera itzultzeko bidaian. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.