Aske geratu da ertzain bati arma lapurtzeaz akusatutakoa

Bere burua entregatu zuen atzo arratsaldean, baina ez, ordea, ustez lapurtu duen pistola.

ertzaintza
Ertzainak, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 21a
09:15
Entzun

Epaiketa egin arte aske utzi du epaileak Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati arma lapurtzeaz akusatutako gizonezkoa. 19 urte ditu, eta, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta lapurretak egiteagatik.

Gazteak atzo arratsaldean entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), ertzainak bila baitzituen larunbataz geroztik. Ez zuen, ordea, ustez lapurtutako armarik eraman.

Ertzainek atxilotu egin zuten, bi delituz akusatuta: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Radio Euskadin azaldu zuenez, gizonezko bat ertzain baten etxean sartu zen larunbat eguerdian, eta bizkar zorro txiki bat eraman zuen. Haren barruan zegoen ertzainaren arma partikularra, Glock 19 modelokoa. Laneko arma komisarian utzi behar dute poliziek lanean ez dabiltzanean. 

Zorroa Barakaldoko Zubileta kalean aurkitu zuten ertzainek, baina pistola ez zegoen barruan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.