Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro dira gaur Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz euskal preso ohiak, eta Imanol Jaio iheslari ohia, eta hark baldintzapean aske uztea erabaki du, atxilotuetako baten sendiak BERRIAri baieztatu dionez. Ismael Moreno epaileak egotzi die «helburu terroristekin lehergailuak edukitzea», eta neurri batzuk ezarri dizkie: ezingo dute Espainiako Estatutik atera, pasaportea kendu die, eta astero joan beharko dute Auzitegi Nazionalera edo beren bizilekuetatik gertuen duten epaitegietara.
Hirurek uko egin diote epailearen nahiz fiskalaren galderei erantzuteari. Epaileak baldintzapean aske uztea erabaki du, besteak beste, ez duelako hirurek ihes egiteko arriskurik ikusten, «Espainiako naziotasuna» dutelako eta beren bizilekuekiko eta inguruarekiko duten lotura dela eta.
Hirurak herenegun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Ertzaintzak 2019an atzemandako lehergai batzuekin lotura izan dezaketelakoan. Arraia-Maeztun (Araba) aurkitutako «zulo» hark hamar urte baino gehiago ditu, Poliziaren esanetan.
Atzo Urruñan (Lapurdi) atxilotutako Igor Uriarte euskal preso ohia ere gaur igaro da prokuradorearen aurretik, eta bihar epailearen aitzinean igaroko da,14:00etan. Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dio Frantziako lurraldean egoteko debekua duela, eta galdeketa egin ondotik epaitua egingo dutela. Uriarte, Eizagirre eta Arkauz 2013ko maiatzean atxilotu zituzten, Montpellierren (Frantzia), ETAko kide izatea egotzita. Uriarteren kasuan, 2017ko irailean epaitu zuten beste bost presorekin batera, eta 2018ko martxoan utzi zuten aske, espetxe zigorra bete ostean, Frantzian. Espainiak eginiko euroagindu baten eraginez Espainiaratu zuten orduan, baina aske geratu zen Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero. Espetxe zigorraz gain, Frantziaren menpeko lurraldeetan egoteko debekua ezarri zioten, eta horregatik atxilotu zuten atzo.
Eizagirrek eta Arkauzek ere Frantziako kartzeletan bete zituzten espetxe zigorrak, eta 2017an utzi zituzten libre. Eizagirreren kasuan, Espainiaratu egin zuten euskal preso ohia, baina Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, Uriarte bezala. Herenegun atxilotutako hirugarrena, Imanol Jaio, 2017an itzuli zen Hego Euskal Herrira.