David Urdin aske da. Auzitegi Nazionalean aurkeztu da, eta, Fiskaltzarekin akordioa lortu ostean, etxera bueltan da. 2007tik 2009ra hamabost hilabete bete zituen kartzelan, trenbide sarearen aurkako sabotaje batzuen harira Auzitegi Nazionalean irekitako auzi batengatik. Fiskaltzak 27 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen haren aurka, baina akordioa egin dute, eta, bi urteko zigorra onartuta, ez du kartzelara joan beharko Urdinek. Burlatara itzultzeko moduan da, Nafarroara.
Xabier eta David Urdin, Iñigo Gulina, Aitor Torrea, Iker Gorriz eta Jose Javier Oses atxilotu zituzten 2007an, Auzitegi Nazionalak aginduta. Torturak salatu zituzten. Urdinek, espetxetik atera ostean, ihes egin zuen.
Sortuk ohar bidez esan du pozez hartu duela «zigor larri baten arriskua saihestuta» Urdin libre izatea, eta iheslarien eta deportatuen auzia ere lehenbailehen konpondu beharrekoa iruditzen zaio. Lege arruntean oinarrituz gero, auziek konponduta beharko luketelakoan dago Sortu; horregatik, dei egin dio Auzitegi Nazionalari «itzuli nahi duten iheslariei oztopoak jartzeari utz diezaion». Gainera, Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die eurek indarrean jarritako «deportatuen figura» indargabetzeko. 28 iheslari eta 8 deportatu daudela esan du Sortuk.