Aske Antolakundeak Amnistia Eguna antolatu du ekainaren 15erako, Gasteizen

Bi mahai inguru antolatu dituzte, bata goizez eta bestea arratsaldez. 19:30ean, manifestazio bat irtengo da Aldabe Etxetik, jazarpen politikoa salatzeko.

ASKE Antolakundea
Aske Antolakundeak Amnistia Eguneko egitaraua aurkeztu du. ASKE
2024ko maiatzaren 7a
17:45
Entzun

Aske Antolakundearen arabera, «gero eta gehiago dira» hautu eta konpromiso politikoagatik atxilotuak. Beharrezkotzat jotzen dute jazarpen politikoari aurre egitea, eta, helburu horrekin, ekainaren 15erako antolatu dute aurten Amnistia Eguna, Gasteizen. «Beharrezkoa dugu jazarpenari aurre egingo dion antolakuntza politiko sendo bat, bai maila ideologikoan, baita baliabide politikoetan ere», dio Aske Antolakundeak.

Egitaraua aurkeztu dute. Bi mahai inguru antolatu dituzte, bata goizez eta bestea arratsaldez. Goizekoan, mugaren bi aldeetako estatuen jazarpen juridikoa aztertuko dute. Aritz Estonba AKAB kolektiboko abokatua, Garazi Aduriz Uztailak 14 kolektiboko kidea eta Julen Balda Jardun koordinakundeko kidea mintzatuko dira gai horri buruz Landatxo kiroldegian, 12:00etan hasita. Hori amaituta, herri bazkaria egingo dute.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Paul Rocher ikerlaria poliziek gizarte kapitalistan duten funtzioari buruz arituko da Aldabe gizarte etxean. «Azken hilabeteotan Poliziak aurrera eramandako bortizkeriaren ondorioz, haren funtzioaren eta izatearen inguruko eztabaida nagusitu da». Interesgarri deritzote Poliziaren jatorri eta bilakaera eta egun duen eginkizuna aztertzeari. 

Hitzaldia amaituta, manifestazioa egingo dute, Errepresioaren aurrean, amnistia osoa lelopean. Aldabe Etxetik irtengo da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.