Aske adierazteko aukera eskatu dute urriaren 12ko ikertuek

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen hasi dira Hispanitatearen Egunean koroaren aurka egitea leporatzen dieten hamabi gazteak

Adierazpen askatasunaren aldeko protesta, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
«Kritika politikoaren eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat da gu deklaratzera deitzea». Halaxe adierazi zuten atzo Lur Albizuk eta Unai Ekizak Iruñean egindako elkarretaratzean. Adierazpen askatasuna zioen pankarta baten gibelean elkartu ziren dozenaka herritar Albizuri, Ekizari eta bertze hamar gazteri elkartasuna adieraztera. Izan ere, atzo hasi ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen koroaren aurkako delitua leporatzen dieten hamabi gazteak, eta horisalatzeko protesta egin zuten Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, gazteek berek deituta eta eragile sozial, politiko eta sindikal ugarik babestuta.

Joan den urriaren 12an Iruñean egindako ekintza sinboliko bat dago auzibidearen oinarrian, eta horixe bera azpimarratu zuten atzo gazteek mobilizazioan: «ekitaldi sinboliko bat» baino ez zutela egin, «78ko erregimena botatzearen irudikapen bat». Ekitaldirako beren-beregi eraikitako Felipe VI.a Espainiako erregearen estatua bat eta Kristobal Kolonen bertze bat eraitsi zituzten egun hartan, hain zuzen, jendetza artean. «Oso gogorra da Espainiako Auzitegi Nazionalera joan behar izatea kritika politikoa egiten duen ekintza batengatik», adierazi zuen atzo Albizuk.

Nafarroako Auzitegi Nagusitik ari dira gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen, telematikoki, eta horregatik egin zuten han protesta. Gaur eta etzi segituko dute deklarazioekin.

Protestaren bukaeran gazteek eskerrak eman zizkieten atxikimendua adierazi duten eragile politiko, sozial eta sindikalei, anitz izan baitira babesa eman dietenak: «Oso polita izan da jaso dugun elkartasun guztia», erran zuen atzo Albizuk. Halaber, salatu zuten beren aurkako auzibidea «eskandalu» bat izan dela hasieratik, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abiatu baitzuten ikerketa, «inork eskatu gabe». Madrilen ere elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, gazteekiko elkartasunez.

«Aurrera jarraituko dugu»

Ikerturiko gazteek atzo adierazi zuten ez dakitela auzibideak zein norabide hartuko duen, baina gauza bat argi dute: «Artxiboa edo epaiketa izan, aurrera jarraituko dugu». Izan ere, ongi dakite, jakin, gazteei «beldurra eragitea» dela deklaratzera deitzearen helburua: «Baina guk jarraituko dugu adierazpen askatasuna defendatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.