Espetxe eskumena. Julen Guaresti. Salhaketako kidea

«Askatasunaz gabetzen ez duen eredu bat behar dugu»

Presoen aldeko Salhaketa elkarteak «gizarte orientaziorako justizia berrezartzaile eta antipunitiboaren euskal eredua» aldarrikatu du, espetxeen eskumen transferentziaren harira.

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Orain arteko espetxe ereduarekiko benetako haustura bat egin ezean euskal eredu propio batek lehengoaren hutsune berak izango dituela uste du Julen Guaresti (Baradio, 1957) Salhaketako kideak.

Transferentzia gauzatu da. Zer espero duzue hemendik aurrera?

Hasteko, esan beharra dago 41 urte pasatu direla estatutua onartu zenetik. Hau da, lau hamarkada behar izan dituzte transferentzia gauzatzeko, eta hor eredu propioa lantzeko denbora pila bat galdu dugu, Euskal Herriko Unibertsitateak gaian sakontzeko azterketak egin izan dituen arren. Hori esanda, eta espero daitekeenari erreparatuz, azpimarratu behar da legediak eta espetxe erregelamenduak estatuaren esku jarraitzen dutela. Baina uste dugu euskal espetxe eredu berria izeneko honek mugimendu tarte bat uzten diola Jaurlaritzari, betiere aplikazio orokorreko legediak uzten dionaren arabera. Horrek, noski, benetako borondatea eta esfortzua eskatzen du, baina benetako apustu bat egin gabe gauzek orain arte bezala jarraituko dute.

Espetxeen kudeaketa transferituta ere presoek estatuaren menpe jarraitzen dutelako diozu?

Jaurlaritzak lekualdatzeak egin ahal izango ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen artean, bai, baina Hego Euskal Herrian erroldatutako 800 preso baino gehiago daude Espainiako Estatuan, eta horiekin ezin du ezer egin. Ez da txantxetako zifra. Jaurlaritzak lan egin beharko luke estatuko espetxeetan dauden preso horiek guztiak hona ekartzeko eta haien egoera hemen kudeatzeko; eta berdin Europan eta Europatik kanpo daudenekin ere.

Hori gabe, ez diozue zentzurik ikusten eskumena jasotzeari?

Espetxe transferentziak badu zentzua guretzat, epe ertainerako helburu nagusiak egungo kartzelak ixteko plan estrategiko bati erantzuten badio. Gizarteratzea eta justizia berrezartzaile eta antipunitiboa oinarri dituen eredu bat behar dugu; makrokartzela eta espetxe zaharkituen ordez, tamaina txikiko gizarteratze zentro espezifikoak sortuta. Askatasunaz gabetzen ez duen eredu baten alde egin behar dugu, baina hori bateraezina da Zubietan [Gipuzkoa] eraikitzen ari diren espetxe berriarekin.

Zergatik?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presoen %60 baino gehiago jabetzaren eta osasun publikoaren aurkako delituengatik daude kartzelan, eta gehiengoak bestelako neurri batzuk behar ditu, askatasunaz gabetzearekin zerikusirik ez dutenak. Delituak normalean gizarte gatazkak dira, eta inor zigortu edo giltzapetu gabe konpon daitezke. Pobrezia da, funtsean, sakoneko arazoa, eta erantzuna ezin da espetxea izan. Gainera, delitu askok lotura zuzena dute kartzelarekin.

Espetxe zigor gutxiago eta gizarte laguntzako programa gehiago, beraz?

Hori da bidea, orain arteko ereduaren jarraipena huts egitera kondenatuta baitago. Ostegunean, legebiltzarrak Aukerak gizarteratze eta laneratze erakundearen sorrera onartu zuen, baina ikusi beharko da nola kudeatzen den hori. Izan ere, halako programek benetako esklabotza sistemak sortzen dituzte espetxeetan, eta hemendik dei egin nahi diet sindikatuei preso langileen kolektiboaren alde ere lan egin dezaten. Eta, horrekin batera, Salhaketan espetxeetan nazioarteko gomendioak betetzen direla ikuskatzeko behatoki baten sorrera ere proposatzen dugu. Kartzelak zulo ilunak izan baitira beti, barruan gertatzen dena ezkutuan gera dadin, eta bada garaia hori amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.