«Penatua naiz Pausun ezarri duten pankartarekin. Bizitzeko eta pentsatzeko dugun askatasunaren defentsan bizia galdu zuten soldaduei begira errespetu eta aitortza falta dira». Hitz horiekin salatu du Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kideak azaroaren 11n bere herrian agertu zen pankarta. I. Mundu Gerraren armistizio eguna da azaroaren 11, eta besta eguna da Frantziako Estatuan: «Frantziaren alde hildakoak» omentzeko zeremoniak antolatu ohi dituzte herrietan, gerlaren ondotik eraiki zituzten oroitarrietan. 1914-1918 Frantziak erailak zioen ezezagun batzuek ezarritako pankartak euskaraz; frantsesez, berriz, Morts pour la Patrie (aberriaren alde hildakoak) esaldi famatuari aspalditik egin izan zaion desbideraketa: «pour la patrie» marratu eta «par la France» (Frantziaren eskuetan) agerrarazita.
Joan den ostiralean bidali zuen Aramendik «hitz iraingarri» horien kontrako agiria, eta «salaketa jartzeko asmoa» duela jakinarazi zuen. «Azaroaren 11ren oroitzarrezko omenaldia egitea, gure herrietatik zetozen heroi arrunt horiei omenaldia egitea da, haien sakrifizioa debaldekoa ez izateko gisan», adierazi zuen. «Bakearen alde engaiatzea da, eta oroitzeko beharra iraunaraztea belaunaldiz belaunaldi». Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak ere salaketa jartzeko asmoa agertu du bere herrian agertu den gisa bereko margoketa baten harira. BERRIA Urruñako auzapezarekin eta herriko etxeko komunikazio zerbitzuarekin harremanetan jartzen entseatu da salaketaren asmoa baieztatzeko, baina ez du erantzunik jaso.
Ohiz kanpokoa gerta daiteke auzapez abertzale batek halako adierazpenak egitea, abertzaleek maiz salatu izan baitute I. Mundu Gerrako oroitarriak eta azaroaren 11ko zeremoniak frantziar nazionalismoa sustatzeko erabiliak direla. Ohiz kanpokoa ere auzapez abertzale batek salaketa jartzeko asmoa agertzea, itxura guzien arabera mugimendu abertzaleko gazte batzuek egindako ekintza baten harira. EH Baik ohar bat atera du, eta jakinarazi du ez duela bat egiten Aramendiren hitzekin: «EH Baik ez du inolako irainik ikusten banderola horren testuan. Ondorioz, horren kontrako salaketa pausatzeak ez luke zentzurik, banderola bat zintzilikatzea berez ez baita delitu bat, adierazpen eskubidearen molde bat baizik», adierazi dute. «EH Bairentzat, lehen gerla mundialeko euskal hildakoak, beste nazio eta herri guztietakoak bezala, nazionalismo konkistatzaileen agindupean bildurik, inperialismo eta Estatu desberdinen arteko etsaigoaren biktimak izan ziren. Ipar Euskal Herrian ehundaka gizon gazte intsumitu edo desertoreak izan ziren bainan gerla horrek sortu zuen trauma kolektiboaren ondorioz, eragin handia izan zuen frantses nazionalismoa eta Frantziarekiko identifikazioa sustraitzeko euskal jendartean».
U14 kolektiboak, bere aldetik, gogor salatu du bi auzapezen jarrera: «Salaketa hauek ematen badira, eta bide ematen badiote gazte abertzaleen aurkako errepresioari, Kotte Ezenarro eta Filipe Aramendi erantzule zuzenak izanen direla adierazi nahi dugu. Gisa berean, PS erantzule den manera berean, EH Bai eta hau sostengatzen duten antolakundeak ere hala izanen dira, ez bada salaketarik ez izateko neurririk hartzen». Urruñako Jalgi taldeak ere salatu du EH Baiko auzapezaren jarrera.
Sarraskia
Historiaren ikuspegitik ere zalantza sor dezakete Aramendiren hitzek. «Hola erranik egia da esaldi bitxia dela», adierazi du Peio Etxeberri-Aintxart historialari eta EH Baiko bozeramaile ohiak Twitterren galdera egin diotenean. «Adierazpen osoa irakurri ahal izan gabe ez dut esaldi puska baten komentatzeko usaiarik, are gutxiago lagun batena delarik», gehitu du. Txomin Hiriart-Urruti Baionako Estitxu Robles kolegioko historia irakasleak, berriz, ez du ontzat eman I. Mundu Gerran hildako soldaduak «bizitzeko eta pentsatzeko askatasunaren defentsan» hil zirenik. «Argiki, ez. Ez da horrelakorik erraten ahal». Eneko Bidegain kazetari eta ikerlariak erran du adierazpenak «sekulako mina» egin diola. Lehen mundu gerra eta Euskal Herria (Elkar, 2014) liburuaren egileak «auzapez frantses militarista baten ikuspegia» deritze Urruñako auzapezaren hitzei. «Auzapez abertzale batek kritikotasun gehiago erakutsi beharko luke Lehen Mundu Gerrari eta haren ospakizunei buruz», iritzi dio.
Hiriart-Urrutiren hitzetan, bai Euskal Herrian eta bai Frantzian, «sekulako hondamendia» izan zen 1914an hasitako gerla. «Landa eremuak hustu zituen bere gazteriaz, eta barnealdeko herri txiki anitz ez dira berriz jaiki sarraski hartatik. Gero, Frantziako Estatuak baliatu nahi izan du memoria ekintzekin, sakrifizio nazional gisa erakutsi eta sentimendu nazionala sustatzeko», esplikatu du. «Herrialde guzietan ez da horrela egin. Ez dute irakurketa memorial bera egiten; ez dute sakrifizio hori eraikuntza nazionalerako erabili». Bidegainek azpimarratu du Frantziako historialari anitzek zehazten dutela soldaduak onespenik gabe joan zirela gerlara: «Behartuak ziren; bestela, kartzela edo heriotza zigorra arriskatzen zituzten».
Bidegainen hitzetan, Frantziak «biktima rola» jokatzen badu ere, «gerla hauspotzean» ardura izan zuen. «Gerla Alemaniak abiatu zuen, baina Frantziak 40-50 urte pasatu zituen herritarrak mentalki prestatzen; eskoletan armak erabiltzen erakusten zieten». Hiriart-Urrutiren arabera, hasieran hirietan mugimendu militarista bat antzeman bazitekeen ere, «azkenean populazioaren zati txiki batek baizik ez zuen onartzen sakrifizio hori». Hainbat armadatan izandako matxinadak aipatu ditu, populazioaren haserrea, gerlaren baldintzen aurkako mugimenduak. «Argiki ikusten da populuek gerlaz aski zutela, eta ez ziela haien nahikeriei erantzuten, estatuen eta burgesiaren interesei baizik».
Frantziar nazionalismoa
Bidegainek zehaztu du garai hartako Ipar Euskal Herrian diskurtso abertzalea ez zela garatua, baina Frantziako ikuspegia ere ez. «Nazio kontzientziaren hastapenak ziren. Eskolaren bidez egin zuten batetik, baina baita I. Mundu Gerlarekin ere: herri txikietatik Frantzia iparraldera gerla egitera joateak eragin zuen». Gogorarazi du Ipar Euskal Herriko gazte anitz intsumisoak eta desertoreak izan zirela, eta baita Paueko prefetak Ipar Euskal Herriko soldaduei baimenak hartzeko debekua eman ziela ere. «Euskal Herrira itzultzean Nafarroara pasatzen ziren mendiz».
Hau da ikuspegi abertzale batetik egin beharko litzatekeen irakurketa, Bidegainen ustez: «Frantziako kontzientzia nazionalaren errotzea eragin zuen gerlak; dramatikoa izan zen Euskal Herriarentzat. Urteroko oroimen ekitaldiek eta garai hartan jarri zituzten oroitarriek segitzen dute ideia hori elikatzen». Ulertzen du «gai delikatua» dela, familia guzietan daudelako gerla hartan bizia galdu zutenak. «Frantziak asmatu zuen oroitarrietan izenak ematearekin. Zure aitatxiren izena bertan badago, gai minbera da». Herri zapaldu baten ikuspegitik irakurketa politikoa egin daitekeela dio. «Hau ez zen gure gerla izan: kaltetuak izan ginen onespenik gabeko ekintza batean. Auzapez abertzaleak lortzen baditugu, horrelako eztabaidak astintzeko ere izan behar du. Bestela, asimilatuak gara arrunt». Minetik hitz egin du Bidegainek: «Azken urteetan batzuek egin dugu ikerketa lan bat; badira lan kritikoak gerlari begira. Hori guziari egindako ukapen eta mespretxu bat da, debalde lan egiten aritu izan bagina bezala».
Aldarrikapen hori gazte mugimendu abertzaleek urteetan eraman dutela oroituta, Aramendiren adierazpenak itzulikatu ditu Hiriart-Urrutik: «Pentsatzeko askatasun hori ez ote da aurkitzen iritzi orokor eta onartu horretatik harago joaten den banderola horretan?». 2009ko azaroaren 11n Uztaritzeko hiru gazte atxilotu zituzten hilen oroitarritik Frantziako bandera lapurtzea leporatuta. Aramendi izan zen haien abokatua. Gazteen «motibazio politikoari begiratzeko» eskatu zuen epaitegiaren aitzinean: «Ez zuten gerlan hildakoen duintasunaren sinboloa hunki nahi».
«Askatasunaren defentsan» hilak?
Filipe Aramendi Urruñako auzapezak salaketa jartzeko asmoa agertu du I. Mundu Gerlako soldaduak «askatasunaren defentsan» hil zirela erran eta pankarta bat jarri zutenen kontra. Historiaren ikuspegitik okerra dela erantzun diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu