Mariano Ferrer

Askatasuna uhinetan

Gaur egingo diote azken agurra Ferrer kazetariari. Urteetako lana goraipatu diote: «independentziaz» aritu izana. Kazetaritzan ez ezik, giza eskubideen eta askatasunaren eragile jardun zen.

Epaiketan, auzipetuak babesten. A. CANELLADA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Kazetaritzaren norabideari buruzko iruzkin kritiko bat: «Kazetaria jada ez da erredakziotik ateratzen, ohar ofizialen eta informazio agentzien artean hondoratuta dago... Albisteak jada ez dira bilatzen. Informazio instituzionala argitaratzeak inoiz ez dizu arazorik sortzen, eta horrek dakar lanbide gero eta moldaerrazagoa izatea». Ikuspegi kritikoa zainetan zeukan Mariano Ferrerrek (Donostia, 1939), eta horri eusten saiatu zen kazetaritza ibilbide luzean; besteak beste, Herri Irratian jardun zuen urteetan, hainbat hedabidetan izan zen iritzi emaile, eta bakearen aldeko egitasmoetan laguntzaile. Askatasunaren eta giza eskubideen alde egindako lana goratu dute. Herenegun hil zen. Gaur egingo diote agurra.

Seminariotik pasatuta iritsi zen kazetaritzara Ferrer. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilen, eta Kazetaritza. 1965ean, AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen; Teologia ikasi zuen jesuiten unibertsitatean. Handik itzulita, Donostiako Herri Irratian hasi zen 1971n —jesuitekin lotutako irratia zen—. Zentsura garai biziak ziren artean; Ferrerrek ere jasan zituen.

1977an prentsara jo zuen: Egin egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta lehen zuzendaria. Ez zuen asko iraun, halere: 1978an irten zen Egin-etik. ETAren hilketa bat kritikatu zuen egunkariko editorial batean. Hain justu, Ferrerren «osotasun profesionala» nabarmendu du Mirentxu Purroik —Egin-eko zuzendaria izan zen 1978tik aurrera—: «Pertsona deserosoa zen politikarientzat, alde guztietako politikarientzat. Ez zen inorekin ezkontzen. Justizia puntua bilatzen zuen». Egin-en ildo editorialarekin kritikoa zen.

Herri Irratira bueltatu zen 1978an, eta urte luzeetako bidea urratu zuen. Saio batek egin zuen ezagun: El kiosko de la Rosi. Goizeko irratsaioa zen, eta 2004ra arte eman zuten, Ferrerrek erretiroa hartu zuen arte.30 urtetik gorako bidea egin zuen.

Iritzi emaile

Herri Irratiaz haragoko kazetaritza jarduna izan da Ferrerrena, hala ere. Iritzi emaile aritu zen beste hainbat hedabidetan. Hain justu ere, argitaratutako zutabeen bilduma bat kaleratu zuen 2011n, Imanol Murua Uriaren laguntzaz: Mariano Ferrer: lo que dije y digo (Mariano Ferrer: esan nuena eta diodana). «Gaitasun analitiko itzela zuen», azaldu du Murua Uriak. «Auzien konplexutasuna aintzat hartu, zintzoen eta gaiztoen zuri-beltzeko eskemak guztiz alboratu, ikuspegi guztiak ulertzen eta ulerrarazten saiatu, eta, epaia eman behar bazen, eman egiten zuen». Iritzi emaile modura zituen dohainak goraipatu ditu Purroik: «Ikuspegiak bateratzeko gai zen. Sakon informatzen zen iritzia eman bainio lehen: ez zen tertulialaria, pentsalaria zen».

Abendukoak dira Ferrerrek kazetaritzari buruz egindako azken gogoeta argitaratuak. ELA sindikatuaren Alda aldizkarian elkarrizketatu zituzten Purroi eta biak. Politikarien adierazpenek hedabideetan duten oihartzunarekin kexu azaldu zen Ferrer: «Puntu bat iristen da non ezin diren bereizi adierazpenak eta gertaerak».

Haren jokabidearekin bat dator ikuspegi hori. Murua Uriak azaldu du iturriekin distantzia zuela. «Ez zegoen iturrien zerbitzurako, entzuleen eta irakurleen zerbitzurako baizik. Kazetaritza, beste ezeren gainetik, zerbitzu publikotzat zuen». Ez zen informazioa ezkutatu zalea: «Zekien guztia kontatzen zuen, argi eta garden. Eta, urteen poderioz, kazetari batek jaso dezakeen saririk handiena eskuratu du horrela: sinesgarritasuna». Adierazpen askatasunaren aldeko defentsan lehen lerroan aritu zen; besteak beste, 18/98 auziaren kontrako mugimenduan eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren aurkakoan.

Bakearen aldeko taldeen alboan ere jardun zen. Besteak beste, Elkarrirekin. «Formalki ez zen kidea, baina laguntzaile aritu zen», azaldu du Jonan Fernandezek. Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaria da, eta Elkarriko koordinatzaile izandakoa. Besteak beste, Elkarrik 1995ean antolatutako konferentzian Ferrer izan zen moderatzaile. «Gaitasun profesional eta humano handia zuen, eta hori konpromiso etikoarekin lotzen zuen». Fernandezek nabarmendu du Ferrerrek urteetan lortu zuela «independentziari» eustea. «Gauzak esateko ausardia zuen: argi hitz egin zuen beti».

Azken hilabeteetan, besteak beste, Euskaraldia bultzatzen aritu da. Belarriprest rolarekin, Donostiako hamaikakoko kidea zen.

Gaixoaldi baten ostean hil zen herenegun, eta gaur egingo diote agurra. Ekitaldi zibila izango da: Donostiako Cristina Enea parkean egingo diote agurra, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.