Mikel Manzisidor. Irakaslea

«Askatasun gehiagoko sistema inperfektu hauek baloratu behar ditugu»

Eusko Ikaskuntza saria jasoko du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen garapenean NBEn egindako lanagatik. Munduaren konplexutasunari erreparatuta, «ñabardurak» nabarmendu ditu, eta «arrisku globalen» aurka, «gobernantza globalak» aldarrikatu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eguneroko moduko bat osatu du Mikel Manzisidorrek (Bilbo, 1970) bere blogean. 38 «gutun», guztira. Azken sarrera joan den apirilaren 23an argitaratu zuen, liburuaren egunean. Karmelo C. Iribarrenen «edozein» poema liburu aholkatu zuen. Hiru aste geroago, ez du «kexarik» konfinamenduaz. «12 eta 14 urteko seme-alabekin izan dudan bizikidetza esperientzia oso polita izan da». Izan ere, aintzat hartu behar da Manzisidorrek «asteka» antolatzen duela bere bizimodua. Batzuetan Genevan (Suitza), besteetan Washingtonen (AEB), baina baita Getxon (Bizkaia) ere. Han egon da itxialdiaren hasieratik, eta lehengo astean jakinarazi zioten Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien aurtengo saria emango diotela

NBE Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Batzordeko hemezortzi kideetako bat da 2013az geroztik, eta epaimahaiak baloratu ditu bai bere curriculum «bikaina» —besteak beste, UNESCO Etxearen zuzendaria izan zen 2004tik 2014ra—, bai nazioarteko zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean. «NBEren Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean euskal eragilerik garrantzitsuenetako bat da Renne Cassinez geroztik», nabarmendu du epaimahaiak. American Universityko irakaslea eta Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko kidea ere bada.

Zer esan nahi du zuretzat Eusko Ikaskuntzaren sariak?

Pertsonalki, ohore erraldoi bat da, eta poz oso sakon bat sentitzen dut. 25 urte bete dira saria ematen hasi zirenetik, eta, batek sarituen zerrenda begiratzen badu, txundituta geratzen da, noski; are, ia bertigoa ere sentitzen du. Gure herrialdeko erraldoietako batzuk daude sarituen artean.

Zure blogeko azaleko argazkianNBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko (1948) lehen artikuluan jasotakoa nabarmentzen duzu: «Gizaki guztiak aske eta berdin jaiotzen dira duintasunari eta eskubideei dagokienez». 70 urte geroago, ezin esan esaldiak aipatutakoa betetzen denik.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala da giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea jasotzen duen piramide instituzional eta normatibo baten erpina. Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea, beste edozein giza eraikuntza bezala, ezin da epaitua izan gizakiaren perfekziorantz edo ditugun arazo larrien konponbiderantz hurbildu gaituelako. Inozoa, bidegabea, litzateke hori, hor nonbait. Izan da-eta da tresna bat modua ematen diguna, egon daitezkeen zailtasun eta muga guztiak gorabehera, mundu justuago, askeago, berdinzaleago, baterantz pausoak emateko pixkanaka. Nire ustez, azken 70 urteotan bizi edo sufritu—nahi duzuna— dugunaren analisi bat egiten badugu, esango nuke gizakiek, gizarteek, herriek eta erakunde sozialek alde horretatik pixkanaka aurrerantz egiteko duten tresna indartsu eta baliagarri bat dela.

Agian topiko bat da, baina, halakorik ez bagenu, oso antzekoa den zerbait asmatu beharko genuke.

Aipatutako pauso horiek eman al dira?

Pauso oso garrantzitsuak eman dira. Ikuspegi historikotik, 70 urte istant bat besterik ez dira, eta duela 70 urte eskubideak, agian, agenda unibertsalean ere ez zeuden. Egun, babes sistema bat daukagu, hitzarmenak ditugu, instituzioak, baliabideak babeserako... Giza eskubideak urratzen direnean erreklamazioak egiteko barne zein nazioarteko sistemak ere baditugu. Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean gehien motibatzen nauena, gehien gustatzen zaidana da eraikitzen ari den zuzenbide bat dela.

Duela hamabost-hogei urte, esate baterako, ezinezkoa zen pentsatzea Nazio Batuetan egongo zenik sistema bat jasoko zituena norbanakoen erreklamazioak esparru ekonomiko, kultural eta sozialean gertatutako eskubideen urraketengatik.

Sariko epaimahaiaren arabera, baloratu dute nik ekarpena egin dudala bai gizakiak ura izateko duen eskubidearen garapenean, bai gizakiaren zientziarako eskubidearen garapenean. Horrek erakusten du bi eskubide horiei dagokienez aurrerapauso handiak eman direla azkeneko hamabost urteotan. Duela hamabost urte, ikuspuntu formal batetik, nazioarteko eremuan aitortuta ere ez zegoen gizakiak ura izateko duen eskubidea. Orduz geroztik, aitortua izan da, eta lege berriak egin dira; konstituzioek eskubide hori aitortu dute; arautegiak garatu dira; uraren bueltako gatazkak giza eskubideetan oinarrituta ebazten dituzten sententziak egon dira...

COVID-19ak eragindako krisia baliatuz, agintariek giza eskubideen esparruan murrizketak egiteko tentazioa eduki dezaketela planteatu dute hainbat pentsalarik azken asteotan. Bat zatoz kezka horrekin?

Koronabirusaren krisiak erakusten digu gardentasunaren eta askatasunaren garrantzia gisa honetako arazo bat kudeatzeko orduan. Hasieran jende asko zegoen Txinaren edo Errusiaren ustezko eraginkortasuna ospatzeko prest. Askatasunik gabeko erregimenak dira. Han zer gertatu den ere ezin dugu jakin, eta iristen zaigun informazio ofiziala ontzat ematea besterik ez dugu. Horren parean, gizarte irekietan, demokratikoetan, gertatutakoa, pilatutako hamaika arazoak kudeatzeko zailtasunak, dilemak, barne gatazkak eta beste ditugu.

Iruditzen zaidana da krisi honek balio beharko ligukeela askatasun gehiago dituzten sistema inperfektu hauek baloratzeko. Modu kritiko batean baloratu beharko genituzke, noski, baina baita eraikitzailean ere, gizarte eta instituzio geroz eta parte hartzaileagoak, gardenagoak, demokratikoak, eraikiz joateko.

Zuk aipatutako gizarte demokratikoetan, beraz, ez duzu giza eskubideak murrizteko saiakerarik antzematen?

Galdetzen badidazu ea askatasunak murriztearen arazo larria luzarorako etorri den, erantzungo nuke ez dugula elementurik hori esateko. Gure gizartean mahai gainean ditugun elementuek adierazten dute gure inguruko instituzio eta gobernu guztiek—izan estatala, autonomikoa, frantsesa, alemana edo italiarra, besteak beste— neurri ezohikoak hartu dituztela arrisku ezohikoei aurre egiteko; baina, hori dena, neurri horien kontrol politiko eta judizialerako berme handia eskaintzen duten sistema demokratikoen gainean.

Lehen adierazi duzun bezala, zu saritzeko orduan epaimahaiak oso kontuan hartu du NBEren barruan eragin izana gizakiak ura izateko duen eskubidean. Zeintzuk dira oztopo handienak ura lortzeko zailtasunak dituztenek eskubide hori gauzatu dezaten?

Eskubide hori lantzeko prozesuan ikasi dugun gauzetako bat izan da uraren arazoa ez dela hainbeste ur gutxi dagoela, baizik eta tartean sartzen direla beste elementu batzuk: pobrezia, ingurumenaren kudeaketa, politika, giza eskubideak... Horrenbestez, hirigintzaren, ingurumenaren, giza eskubideen, saneamenduaren ikuspegitik heldu behar diogu auziari.

Aipatu duzuna lotuta dago, nolabait, klima larrialdiarekin. Adituen arabera, estatuek askoz ere gehiago egin dezakete berotze globala murrizteko. COVID-19ak eragindako jokalekua onuragarria izan daiteke politikak aldatzeko? Edo kontrakoa?

Egunotan jende asko errazegi ari da hitz egiten etorkizunaz. Uste dut zorionez ez gaudela etorkizuna aurreikusteko moduan. Hori bai, uste dut krisi hau ikasteko aukera bat dela. Eta, klima aldaketarekin lotuta, badago ikasteko aukera bat. Batetik, arrisku globalak dauden mundu batean bizi garela; COVID-19aren pandemia da horren erakusgarri. Klima aldaketa ere arrisku global bat da, are dimentsio handiagokoa. Hortaz, lehen irakaspena litzateke arrisku edo krisi globalei soilik globalki aurre egin ahal zaiela. Beraz, gobernantza globala behar dugu, behar ditugu nazioarteko instituzio indartsuak. Krisi honetatik ateratzeak mugen ikuspegiarekin, non estatua den erreferente bakarra, ez digu balio. Krisi honetatik ateratzeak instituzio globalak ahulduta daudela, izan OME edo EB Europako Batasuna, ez digu balio.

Nazio-estatu kontzeptua guztiz zaharkituta geratu da, beraz?

Nazio-estatu kontzeptua aspaldi gelditu zen zaharkituta. Estatua da publikoa denaren kudeaketa eremu inportante, interesgarri, erabilgarri bat, baina gauza batzuetarako; beste batzuetarako, ez. Guk, gure herrialdean, ikusten dugu subiranotasunaren elementu klasikoak oso banatuta daudela. Bilatu behar ditugu eredu inteligenteak maila anitzeko gobernantza konplexuetarako.

Gobernantza globalaz ari zara. Azkeneko bost-hamar urteotan agertu dira molde hori mespretxatzen duten agintariak; kasurako, Donald Trump eta Jair Bolsonaro. Zer ekarpen egin diezaioke diplomaziak gobernantza global horri?

Diplomaziaren kontzeptuari ikuspegi zabala, hau da, soziala, kulturala, zientifikoa emateak modua ematen digu, neurri batean, agintari horietako batzuekin ditugun zailtasunei aurre egiteko. Haien ezaugarri nagusia da, nire ustez, gertakariengatik, ezagutzarengatik erakusten duten mespretxua; beraz, haien bozkatzaileen inteligentzia ere mespretxatzen ari dira. Guretzat oso erraza da Trumpen amarruak eta txorakeriak identifikatzea, urrun dagoelako, ez delako gure gustukoa. Baina gutako bakoitzak lagunartean, sare sozialetan-eta jasotzen ditugu mezuak, eta, beste ideologia batekin, baina erortzen dira sinplekeria beretan, onen eta gaiztoen teorietan, eta halakoetan. Irakaspen modura baliatu beharko genuke hori, gehiago fintzeko; ñabardurari, ezagutzari, errespetu gehiago edukitzeko. Denoi dagokigu lan hori.

Bai, batzuetan desesperatzeko modukoa da diplomaziaren moteltasuna; desesperatzeko modukoak izan daitezke diplomaziaren molde klasikoak, errespetuarenak, denborarenak, formalitatearenak... Baina beharrezkoak dira diferenteari ulertzeko eta denontzako onak izango diren akordioak bilatzeko.

Arnas luzeko prozesuak defendatzen dituzu. Horrek, ordea, talka egiten du zenbait agintariren errezetarekin: arazo oso konplexuei, irtenbide sinpleak.

Daniel Innerarityk bere azken liburuan esaten zidanez, demokraziaren etsai nagusia sinplismoa da. Erabat ados nago. Erreferentzia sozial bat den edonork, izan eskuinekoa edo ezkerrekoa, edozein politikarik, edozein pentsalarik, edozein hedabidek, saltzen badigu mundua oso erraza dela, eta, konponbiderako irizpide sinplistak erabiltzen baditu, gu engainatzen ari da. Mundu konplexu bat da hau; beraz, ñabardurak garrantzitsuak dira. Ezberdinen arteko akordioak lortu behar ditugu. Eta denok sartuko dugu hanka, eremu ezezagun batzuetarantz baikoaz. Eta ez naiz ari soilik COVID-19az.

Bestetik, hor badago auzi bat, jada balio ez digun protekzionismoaren eta erabateko globalizazioaren liberalizazioaren arteko orekarena. Liberalizazio horrek ingurumen arazo handiak eragiten dituela, laneko arazoak, baina orain ikusi dugu arazo logistiko handiak ere eragin dituela. Ikusten ari gara inportantea dela, esaterako, gure industria, maila lokalean ez bada, gutxienez Europa mailan edukitzea; baita giza eskubideen esparruan gure baliabide propioekin erreakzionatzeko gaitasuna edukitzea ere.

Zuk aipatzen duzun gobernantza global horretan, zer garrantzi izan dezakete euskal erakundeek honetan guztian?

Rol oso garrantzitsua jokatu dezake. Euskadik, tradizioagatik, historiagatik, badu erronka unibertsaletan parte hartzeko bokazio argia. Bakoitzak bere ideal instituzionala edukiko du horretarako, baina, oro har, partekatzen dugu parte hartu nahi duela.

Herrialde txikia gara. Horrenbestez, dimentsioaren borroka ez da gure erronka. Gure erronka da inteligentziagatik, zalutasunagatik, malgutasunagatik, erabilgarritasunagatik borrokatzea. Identifikatu behar dira zein espaziotan egin daitezkeen ekarpenak zintzotasunez. Agenteen arteko zintzotasunik ez badago, ezin da aurrerapausorik eman. Zintzotasuna gure artean; zintzotasuna Madrilekiko, Bruselarekiko, gobernantza globalaren eremu guztiekiko. Anbizioa ere behar da. Duela 40 urte dimentsioa dena zen; erraldoi bat ez bazinen, ezin zinen munduan egon. Ez dut esango egun inportantea ez denik, Txina, esaterako, Herbehereak baino garrantzitsuagoa baita. Baina ez da irizpide bakarra. Inteligentziak eta malgutasunak hutsuneak uzten dituzte gobernantza globalean ekarpena egin nahi dutenentzat. Orain 30 urte, diplomaziaren eta multilateralismoaren nazioarteko eremuak itxita zeuden estatua ez zen beste edozeinentzat. Egun, ez da hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.