ASKAPENAREN KONTRAKO POLIZIA OPERAZIOA

Askapeneko 7 kide atxilotu dituzte, ETAren nazioarteko sarearekin lotuta

ETAren eta nazioarteko erakunde armatuen arteko zubi lanak egitea egotzi die Espainiako Barne Ministerioak atxilotuei. Atxilotu guztiek «lan publiko eta gardena» egiten dutela azpimarratu du AAMk. Pausoetan atzerantz joatea egotzi dio ezker abertzaleak PSOEri, eta Aralarrek soka ez tenkatzeko eskatu dio

Oihana Elduaien. / Erredakzioa. Iruñea
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Askapeneko zazpi lagun atxilotu ditu, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, ETAren nazioarteko sareko kide izatea egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak agindu du operazioa -Baltasar Garzonen tokian dago-, eta, berri agentzien arabera, zazpi atxilotuak Madrilera eraman zituzten atzo bertan, inkomunikatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM) kezkaturik agertu da, atxilotuei denbora horretan zer tratu emango ote dieten: «Torturaren aurkako alarma guztiak piztera garamatza inkomunikazio egoerak».

Haritz Ganboa eta Aritz Soto atxilotu zituzten Nafarroan. Arruazun atxilotu zuten aurrena, eta Iruñeko Jarauta kalean bigarrena. AAMk jakinarazi duenez, bien etxebizitzak arakatu zituzten, baita Askapenak hirian duen egoitza ere. Bizkaian, Gabi Basañez atxilotu zuten Getxon, eta Unai Vazquez Barakaldon. Bi haien etxeak ere miatu zituzten. Araban, berriz, Walter Wendelin eta Ruben Sanchez atxilotu zituzten, Gasteizen, eta taldearen egoitza ere miatu zuten.

Errenterian (Gipuzkoa) beste bi lagun atxilotu zituzten, gauerdian: Itxaso Lekuona eta Josu Arruabarrena. Kalean zihoazela, burua estalitako bi lagun gerturatu, eta Lekuona eta Arruabarrena auto banatan sartu zituzten. Haien familiek bizilagun baten abisuarekin jakin zuten gertatutakoaren berri, eta, argibiderik inork ematen ez zienez, salaketa jarri zuten Ertzaintzan. Orduan jakin zuten Espainiako Poliziak atxilotu zituela. Nolanahi ere, Arruabarrena libre utzi zuten ordu batzuk geroago.

Atxilotu guztiek lan «erabat publikoa eta gardena» egiten dutela nabarmendu du AAMk: «Internazionalismoa lantzeaz gain, euskalgintzan, herriko jaien antolaketan, bertsogintzan edo gazte mugimenduan lanean aritu izan dira urte askoan». Nolanahi ere, ETAko kide izatea egotzi die atxilotuei Espainiako Barne Ministerioak. Haren arabera, Askapena da ETAren eta nazioarteko erakunde armatuen lotura.

Barne Ministerioak ohar batean zabaldu duenez, 2008an Javier Lopez Peña ustezko etakidea atxilotu zutenean atzemandako informaziotik jakin zuten «Askapenaren jarduerak ETAk nazioarteko harremanen inguruan egindako diseinu estrategikoaren barnean» zeudela, «aldarrikapenak zabaltzeko eta babesa lortzeko helburuarekin, Espainiako Estatuari zilegitasuna kentze aldera eta beste talde terroristekin harremana egiteko».

Diotenez, 2008tik zekiten arren, atzora arte ez zuten polizia operaziorik egin. Hain justu, ETAk «eraso ekintza armatuen» etena aldarrikatu zuenetik Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu duen bigarren polizia operazioa da hau. Nolanahi ere, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ez du operazioa ETAren azken urratsekin lotu nahi izan. Operazioa ez dela egoeraren araberakoa esan du, eta ez dela ETAk gatazka nazioartekotu nahi izateari emandako «erantzuna». Hala, berriro esan du ETAren adierazpenak adierazpen Espainiako Estatuak ez duela zipitzik ere aldatu «terrorismoaren kontrako estrategia».

Antzera hitz egin du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere. Poliziak ez daudela menian azpimarratu du, eta ETAk zein haren inguruak duten etorkizun bakarra justiziaren aurrean erantzutea dela ohartarazi du. Candido Conde Pumpido Espainiako fiskalburuak, berriz, Kolonbiako FARC erakundearekin lotu ditu zazpi atxilotuak, ETAren eta haren arteko harremana izatea egotzita.

Nazioarteko elkartasuna

Euskal Herriko «salbuespen egoeraren» berri nazioartean ematearen kontra Espainiako Gobernuak duen jarreraren barruan kokatu du operazioa AAMk. Izan ere, «ukatuak dauden herrien arteko elkartasuna» lantzen du erakunde horrek, AAMren esanetan.

«Munduaren aurrean demokraziaren etiketa erakusten saiatzen da Espainia, eta Euskal Herriko bestelako errealitatea erakusten dutenen aurkako jazarpena etengabe erabili du urteotan». Euskal Herriko oraingo egoera politikoan nazioarteko eragileek parte hartzea garrantzitsutzat jo du AAMk, eta, horregatik, «mundura eraiki diren zubiak» bota nahi izatea egotzi dio Espainiako Gobernuari.



«Espainiak egungo politika berraztertu eta distentsioa sendotu behar du bakea eta normalizazioa lagunduz»

ELA


Facebookek aste eta erdiz itxi zuen Askapenaren kontua

Martxan da berriz ere Askapenak Facebook Interneteko sare sozialean duen kontua. Erakundeak herenegun salatu zuen aste eta erdiz itxi zietela kontua inolako azalpenik eman gabe. Duela hamar hilabete ireki zuten kontua, eta denbora tarte horretan 2.100 pertsonaren atxikimendua jaso du.



2

Hiru astean bigarrena. ETAk «eraso ekintza armatuen» etena jakinarazi zuenetik Espainiako Auzitegi Nazionalak egin duen bigarren operazioa da atzokoa. Aurrena duela bi aste egin zuen, Ekineko ustezko 9 kideren kontra. Atzo Askapeneko zazpi lagun atxilotu zituzten.



Manifestariei gogor oldartu zaie Ertzaintza Hondarribian

Operazioa salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Bilbon eta Hondarribian. Hondarribian, manifestarien aurka gogor jo zuen Ertzaintzak, eta gazte bat zauritu eta atxilotu zuen, beste emakume batekin batera. Irungo polizia etxera eraman zuten gaztea. Familia kezkatuta dago, ez duelako informaziorik jaso.



Atxilotuen egoera dela eta, kezkatuta agertu da Askapena

«Euskal Herriko egungo prozesu honen aurkako beste eraso bat» da Espainiako Poliziak atzo goizaldean egindako operazioa, Askapenaren iritzian. Komunikabideetara igorritako oharrean erakundeko kideek salatu dute Espainiak «errepresio neurriak baino» ez dituela ezagutzen, «irtenbide politiko eta demokratiko bat eskaini ordez». Erakunde internazionalistaren iritzian, nazioarteko eragileen parte-hartzea arazo bihurtu zaio Espainiari, eta, horregatik, hura eten nahian ari da. Operazioa «elkartasuna kriminalizatzeko eraso bat» dela salatu du. Atxilotuei Poliziak inkomunikatuta dauzkan bitartean zer tratu emango ote dien kezkaturik agertu da erakunde internazionalista.



Internazionalista Eguna urriaren 16an egingo da

Gernika-Lumon egingo da aurtengo Internazionalista Eguna. Ziortza Bolivar auzoan omenaldia egingo diote Simon Bolivarri, 11:00etan, eta Gernikako merkatu plazan kultur gune bat zabalduko dute. 14:00etan, herri bazkaria egingo dute plaza berean; 18:30ean, kalejira, eta 21:00etan, kontzertuak.



Prozesuaren aurkako operazio bat dela salatu dute eragileek

Pausoetan atzerantz joatea egotzi dio ezker abertzaleak PSOEri,eta Aralarrek soka ez tenkatzeko eskatu dio
Erredakzioa. Iruñea

«Euskal Herrian irekitzen ari den garai berriaren aurkako erasoa da azken polizia operazioa». Ezker abertzaleak oharrean azaldutako ikuspuntu horrekin bat etorri dira beste hainbat eragile politiko eta sindikatu. Aralarrek, adibidez,ez dezala soka gehiago tenkatu eskatu dio Espainiako Gobernuari. ELAk gobernuari exijitu dio egungo politika berraztertzeko eta bakea eta normalizazio politiko sendotzen lagunduko duten beharrezko erabakiak har ditzala. LABek eta Alternatiba Eraikitzenek ere kutsu politikoa antzeman diote operazioari.

Ezker abertzaleak oharrean nabarmendu du fase berri bat haasten ari dela erakustenduten bi gertaera izan direla asteburuan. Bata Gernikan aurkeztutako agiria da, eta bestea, ETAk Gara egunkarian «indarkeriarik gabeko egoera berretsi eta ekintza armatuen etenaldiak datarik ez izateko nahia» erakutsi izana. Hori ikusita, «ezer berririk ez dagoela dioten horiek bortizki erantzun dute». PSOEri atzera egitea egotzi dio, «blokeo egoera iraunarazteko asmoz». EAJren jarrera ere larritzat jotzen du. «Euskal Herrian lor daitezkeen akordioen ordez, Madrilen lor ditzaketenak lehenestea» egotzi dio Urkulluri. Ondorioztatu du Espainian bakeari izua dion «kasta politiko bat» dagoela, eta «arduraz» jokatzeko garaia dela uste du.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen aburuz, «printzipioetan trinkotasuna» eta «jardunbidean malgutasuna» izatea eskatzen du egoerak. Gogor kritikatu du ETAren agiri bat dagoen bakoitzeko Estatuak soka tenkatu nahi izatea: «Ez da ulergarria 15 egunean izaera guztiz politikoa duten bi polizia operazio egitea eta eskubide guztien aldeko manifestazio bat debekatzea».

Abrilek Espainiako Gobernuari eskatu dio agiriko edukia bere egin dezala: «Demokrazian sinesten badute, euren burua demokratatzat baldin badaukate, sina dezatela agiria». «Giza eskubide guztien aitortza eta errespetua» eskatu die, eta atxilotuei polizia etxean tratu txarrak emateko eta haiek torturatzeko arrisku guztiak baztertuak izan daitezen bitartekoak jartzeko.

Alternatibak ere atxilotuak berehala aske uzteko eskatu du. «Dena ETA da» teoriaren pean segitzea egotzi dio Madrili. Bakerako bideak eskubide guztiak onartzea eskatzen duela uste du Oskar Matute eledunak, eta PSOEri arduraz aritzeko eskatu dio.

«Propaganda»

ELAk nabarmendu du atxiloketak «ezker abertzalearekin zerikusia duen oro kriminalizatzeko politikaren barruan» kokatzen direla, eta ez du zalantzarik «gatazkatik irteteko oztopoak jarri nahi dituztenen bultzada politikoari» erantzuten diola. Nabarmendu du hedabideak atxiloketetan lehen unetik egoteak «propaganda izaera» eman diola.

LABek azpimarratu du Askapenaren «delitu»bakarra herrien arteko elkartasunaren eta internazionalismoaren alde lan egiteaizan dela. Abian jarri nahi den prozesu demokratikoarisabotajea egitea egotzi dio Madrili.

ESK-k ere elkartasuna agertu die atxilotuei. «Justizia, testuinguru eta interes alderdikoien zerbitzura dauden lege batzuen erabilera salatu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.