Askapena erakunde internazionalistak «gerra inperialistari gerra» egitera deitu du. Nazioartean dauden askotariko «gerra inperialistak» salatu, eta «klase eta herri erantzun internazionalista aktibatzeko» asmoa hartu du. Horregatik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo ditu hilaren 12an; hain zuzen, «Euskal Herriak NATOri ezetz esan zion 39. urtemugan». Horrez gainera, topaketa internazionalistak antolatu ditu Bilbon, datorren astebururako.
Askapenak ohar bidez azaldu duenez, gerra ez da etorkizuneko hipotesi bat: «Gerra hemen da». Hain zuzen, horregatik uste dute ari direla areagotzen diskurtso belizistak, gerra industrian inbertitzeko mezuak eta gastu militarra. Uste dute «burgesia inperialistak» gerraren beharra duela, bi arrazoirengatik: «Munduko egungo banaketa inperialistari eusteko, eta sistema kapitalistaren krisiari erantzuteko».
Horri aurre egiteko, garrantzitsutzat jo dute herri erantzuna antolatzea: «Gerrari gerra egitea da burgesiaren gerratik desertatzea, uko eginez armetarako deiari, erasopean dauden herri langileekiko elkartasuna aktibatuz eta estrategia internazionalista berrantolatuz».
Mobilizazioak asteazkenean egingo dituzte, beraz: Bilbon (Eliptikan) eta Iruñean (Udaletxe plazan), 19:00etan abiatuko dira; Donostian (Bulebarrean) eta Gasteizen (Correos-en), 19:30ean.
Horrez gain, hurrengo asteburuan topaketak egingo dituzte. Martxoaren 15ean, gerra inperialistak eta erresistentziak izango dituzte hizpide. Hurrengo egunean, berriz, Euskal Herriko estrategia internazionalistei buruz hitz egingo dute.