Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak 35 urte beteko ditu aurten. Azken bi urteetan, pandemiaren ondorioz, zailtasunak izan dituzte munduko hainbat herrialdetara brigadak bidaltzeko. Halere, bi urteren ostean, berriro hasiko dira brigadak antolatzen, eta erakundeko kideek jendea animatu dute horietan parte hartzera. «Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek», gogorarazi dute erakundeko kideek. Gaurtik aurrera, beraz, zabalik dago brigadetan izena emateko epea.
Askapenako kideen ustez, brigaden helburua herrien arteko «elkar ezagutza» da. Hau da, Euskal Herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaltzea, eta alderantziz: «Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten».
Azkenik, azaldu dute brigadak ez direla esperientzia pertsonal bat, baizik eta, «ondo antolatutako talde baten bidez» errealitatearen beste ikuspegi batez jabeturik, helburu hauxe dutela: «Euskal Herriak behar dituen irakaspenak lortzea da».