Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur Askabide klinikako hiru bozeramaile. Adierazi dute legeak erraten duela klinikatik distantzia jakin batera egin behar direla abortuaren kontrako protestak, eta hori Gasteiz eta Donostian dituzten guneetan ez dela bermatzen. Hortaz, eskatu dute legea betetzen dela ziurtatzeko: «Ganbera honek du legitimitatea emakumeen intimitatearen alde egiteko». Izan ere, klinika pribatua den arren, Osakidetzak bideratzen ditu bertara emakumeak; beraz, hein batean, zerbitzu publikoa ematen dute.
Bozeramaileek erran dute, 40 Días por la Vida elkarteak (40 egun bizitzarengatik) bi aldiz egiten dituela protestak urtean, 40 egunekoa bakoitza. Bigarren protestaldiaren hasiera otsailaren 22rako iragarri dute. Hala ere, nabarmendu dute zenbait mezu aurkitu dituztela sareetan, eta bertan iradokitzen dela protestak egunero egiten hasiko direla.
Adierazi dute ez direla eskubideen talka batez mintzatzen ari, asmoa ez dela inoren adierazpen askatasuna murriztea: «Pertsona horien asmoa ez da iritzia ematea: helburu jakin batekin egiten dute». Gehitu dute, gainera, protesta egiten dutenek ongi dakitela nola egin, oso zaila baita frogatzea zer kalte egiten dituen norbaitek isilpean errezatzen duenean. Eta horregatik dela garrantzitsua ekintza horiek klinikatik distantzia jakin batera egitea, legeak arautzen duen bezala.