Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak adierazi duenez, Iruñeko Udalean aurkeztutako zentsura mozioa PSNk eta EH Bilduk Nafarroan egindako akordioaren ondorioa da, eta bi indar politikoek hiriaren egoeraz egiten duten diagnostikoa du oinarri. Haren hitzetan, bi alderdiak ados daude UPNren gobernuarekin hiriak «blokeoa» bizi duela, eta uste du horren erakusgarri dela azken bost urteetan aurrekonturik onartu ez izana. Halaber, uste du UPNk Nafarroako Gobernuaren aurka egiteko erabili duela Iruñeko Udala.
Hargatik, Zabaletak garrantzi handikotzat jo du PSNk emandako pausoa, eta balioa eman dio bi alderdiek aldaketa posible egiteko hartutako konpromisoari. EH Bilduko koordinatzaileak azpimarratu du akordio honek «garai berri bat» zabalduko duela Iruñean: «Iruñearen aldeko akordio bat da hau, adostasuna lehenesten duena».
EH Bilduk eta PSNk egindako itunak hiru puntu jasotzen ditu, eta hainbat konpromiso. Lehena memoriari eta bizikedetzari dagokio: Iruñea memoriaren eta erreparazioaren hiri izatea nahi dute. Bide horretan, EH Bilduk konpromisoa hartu du ETAren biktimak aitortzeko, «erreparatzeko eta ez umiliatzeko». Eta Iruñeko aurreneko elkarbizitza plana babestuko du.
Euskararen aldeko konpromisoa ere hitzartu dute, eta haren erabilera sustatzeko neurriak hartuko direla adierazi du. Baita indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak ere.
Bigarren puntuak hiria hobetzeko egitasmoei egiten die erreferentzia. UPNren gobernuak geldiaraziak zituen proiektuak aurrera eramateko konpromisoa hartu dute bi alderdiek. «Gure ustez, lehentasun hauek indar aurrerakoi guztien babesa jasoko dute», adierazi du Zabaletak.
Hirugarren ardatza, berriz, bi alderdien arteko ituna betetzeko bermeei lotuta dago. Jarraipen batzorde bat eratuko dute horretarako, zabaletak aurreratu duenez. EH Bilduk konpromisoa hartu du, halaber, udalaren 2024ko aurrekontuak onartzeko bidea lehenbailehen hasteko, bai eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko ere.
Abenduaren 28an bilkura
Joseba Asironen arabera, lehen harria jarri dute paralisia atzean uzteko. «Blokeoa» atzean utzi eta herritarren beharrei erantzuteko garaia dela adierazi du: «Eskuineko gobernuaren alternatiba lortzeko bidea abiatu dugu».
Asironek esan du Iruñea berriz «martxan» jarriko dutela, eta lan egingo duela baliabide guztiak erabilita Iruñea hobea izan dadin lortzeko. «Lehen eguneko ilusioa eta Iruñearekiko konpromisoa» duela azpimarratu du. «Gure onena emango dugu hirian elkarbizitza eta elkar ulertzea lehenesteko».
Azaldu du UPNren «ezgaitasunaren» ondorioz proiektuak atzeratu direla, eta hiriarentzat kaltegarria izan dela hori. Iruñeari begirako lehentasunak zeintzuk diren zerrendatu du. Horien artean dago, besteak beste, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean etxebizitza plan bat eratzea; Sarasate pasealekuko lanak egitea; Erorien Monumentuan esku hartzea, memoria demokratikoaren ikuspegitik proiektua garatzeko eta horretarako herritarren parte hartzea sustatzeko; eta Zangoza kaleko aparkalekuaren proiektua gelditzea.
Asironek eskerrak eman dizkie mozioa babestu duten gainerako indar politikoei, eta iragarri du bilera sail bat abiatuko duela bihar bertan gobernu programaz hitz egiten hasteko. «Egun trinkoak ditugu oraindik abenduaren 28ko osoko bilkurara arte», esan du. Egun horretan egingo baitute zentsura mozioa bozkatzeko osoko bilkura.
PSN-EH Bildu Akordioa
Ikurrak. Nafarroako ikurrei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean xedatutakoa erabat errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartu dute.
Memoria. Konpromisoa hartu dute «ETAren indarkeriak eragindako biktimen errekonozimendua eta erreparazioa beharrezkoa den uste politiko eta etikotik abiatuta, une oro umiliazio-egoerak sortzea saihestea, eta terrorismoaren biktimen oroitzapen eta omenaldi-elementuak egoera onean mantentzea». Halaber, motibazio politikoko biktimei buruzko 16/2019 Foru Legeak adierazten du gatazka-egoeretan sortutako biktimak aitortu eta erreparatzea adostu dute, «dauden tokian daudela».
Euskara. Euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute «borondatezkotasunaren eta aukera-berdintasunaren premisekin bat etorriz, une bakoitzean indarrean dauden foru eta udal araudien esparruan».
Elkarbizitza. Iruñeko I. Bizikidetza Plana sortzea adostu dute, Gobernuaren Bizikidetza Plana (2021-2024) oinarri hartuta.
Etxebizitza. Etxebizitza eskuragarriaren Udal Plana garatzea adostu dute, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidean oinarrituta, bereziki gazteen emantzipaziora eta familia ahulenetara bideratua.
Sarasate. Sarasate pasealekua berriz urbanizatzea, «anbizioz eta ahalik eta adostasun handienarekin».
Mugikortasun iraunkorra. Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak errazteko proiektuen bidez.
Parkina. Zangoza kaleko aparkaleku proiektua behin betiko geldituko dute.
Haur eskolak. 0-3 urteko plazen eskaintza handitzea, berdintasun eta ekitate irizpideei jarraituz.
Jarraipen batzordea. PSN ez da udal gobernuan egongo, baina adostutakoa betetzen dela bermatzeko jarraipen batzorde bat eratzea adostu dute.