Pastor
Darwin eta gu

Asimov eta biok

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Europako Batasunak nabarmen handituko ditu zergak Txinako auto elektrikoentzat. Ez ahal die halakorik egingo bertan egiten dituzten robotei! Izan ere, makina horiek beharrezkoak izango ditugu etorkizunean geure bakardadea leuntzeko, antza. Humanizatzeko, bai. Itxuraz edo.

Datuak ikusi besterik ez dago. Bizkaitarren %20k sentitzen dute desiratu bako bakardadea. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, datua «oso larria» da. Gaitzak ez du adin mugarik. Denak jotzen ditu, zahar eta gazte. Teresa Laespadak, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun Sailaren zuzendariak, gordin azaldu du egoeraren latza: «Bost lagunetik bat desiratu bako bakardadean bizi izatea izugarria da».

Gero eta hedatuago dugu gura ez den bakardadea. Gero eta sarriago bizitzen dugu, gero eta bortitzago pairatzen. Fenomenoa ez da lurralde jakin batekoa. Pandemia bihurtzen ari zaigu lehen mundua delakoaren gizartean. Batez ere, inguru hauetan hedatzen ari da. Konponbide bila ari dira erakundeak. Nolakoa izango da konponbidea, baina? Herritar sareak garatu, belaunaldien arteko harremanak sustatu, hurbiltasun fisiko eta emozionala bultzatu… Besterik? Adinak, ohiturek, kulturak, maila sozioekonomikoak batzen eta bereizten gaituzte. Ez dirudi joera epe laburrean aldatuko denik. Belaunaldien arteko komunikazio eskasa ere ez. Inoiz ez da erraza izan, baina orain are zailagoa dugu. Geure burua gotortua dugu. Nor bere zokoan dago. Denok ditugu esperientziak eta bizipenak, baina interesa pizten diogu elkarri? Gazteek stories kontatzen dituzte Instagramen; zaharrek, istorioak Patxi tabernan.

Bakartu egin gaituzte eta burbuilatik irteteko asmakaria saldu. Kapitalak bakardadea ere bihurtu digu negozio.

Robotak prest dituzte Txinan guri saltzen hasteko. Robot humanoideak. Ex-Robots enpresak sortu dituen makinak gai izango omen dira emozioak ezagutu eta espresatzeko. Antza denez, sentimenduak transmititzen dakite robot horiek, Reuters berri agentziak jakitera eman duenez. Robot humanoideen sortzaileen helburu nagusia ez da edonolakoa: errealismoa lortu nahi dute, hain handia, non ia ezinezkoa izango den makina baten eta gizaki baten artean desberdintasunik nabaritzea. Norbera robot horren aurrean paratu, irribarre egin eta makinak ere hori egingo du. Triste bazaude, hura ere triste ikusiko omen duzu. Zeinen ondo. Ez zara gaixo goibel bakarra izango besteen munduan; robota eta zu triste egongo zarete zeuen ustezko zeruan. Eta poztu egingo zara. Iraultza nahi genuen eta hementxe dugu iraultza. Ordea, ez da guk amesten genuena. Lagunekin eskuak poltsikoan buelta bat emateak ez du etekin ekonomikorik sortzen. Hobe robot dirdiratsu bat erosten baduzu. Bakartu egin gaituzte eta burbuilatik irteteko asmakaria saldu. Kapitalak bakardadea ere bihurtu digu negozio.

Aspaldi hasi ginen robotak hainbat arlotan erabiltzen: teknologian, industrian, medikuntzan... Lehen bizimodua errazteko bidea omen zirenak gure bizitza nahasteko modua izan litezke geroan. Izan ere, gero eta gutxiago komunikatzen gara haragizko aurrez aurrekoan. Pantailak ondo daude urruntasunean elkarrengana gerturatzeko, baina hurbilean aldentzeko erabiltzen ari gara. Fisikoki aurrez aurre egoteari utziz gero, nolako erlazioak izango ditugu? Haragizko zer ezpainek xuxurlatuko digute «gabon» negu minean? Nork musukatuko gaitu «egun on» esanez udaberrian? Pantaila ezinbesteko bitartekaria izango dugu elkarrekin egoteko? Sozialak gara. Ahaztu egiten dugu, baina besteen beharra dugu bizirik irauteko. Libertario indibidualista sutsuenak ere norbait behar du bere produktu miresgarriaren beharra sorrarazteko. Robot bat erosarazteko.

Nik ez nituzke txinatarrak gehiegi haserrearaziko zerga, arantzel eta besterekin. Badaezpada. Izan ere, haiexek izango dira gure robot hornitzaileak. Haiexek ekarriko dizkigute humanoideak bakardadea izutzeko, egoerari buelta ematen ez badiogu. Gure bakardadearen lotsak desagerraraziko ditu makina motzak? Gure bizimoduaren ilunak argituko ditu haren jardunak? Gure bihotzak berotuko ditu robot hotzak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.