Progresiboa, eta interesatua. Halakoa izan da Frantziako hizkuntz politika iraultzaz geroztik. Gaia aztergai izan zuten asteazkenean Baionan, UEUk eta Iratzar fundazioak antolatu ikastaroan. Goizeko saioan, Egoitz Urrutikoetxea Iratzarreko kideak, Eneritz Zabaleta zuzenbide irakasleak eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak hartu zuten hitza, Frantziako estatu nazioa eta asimilazio politikak nola egin ziren azaltzeko.
Frantziako Iraultza garaiko hizkuntza politika eta euskara izenburupean ikerketa lana burutu du Urrutikoetxeak. «Orain arte, Paristik landu da, eta errealitate bat ukatzea zuen xede, hizkuntzaren ikuspegitik euskal probintziak basamortu bat zirela erranez. Edo, bestela, hemen landu da, baina Elizaren aldetik, eta euskal lurraldeetan iraultzailerik izan ez zela erratea zuen xede». Biak dira gezurrak bere arabera, eta «ezinbestekoa» deritzo garai hartan zer zegoen jokoan eta zer gertatu zen ulertzea.
Kontzientzia kolektiboan, nazio kontzientzia aspalditik heldu denaren ustea hedatua dela adierazi zuen: «Alta, sinesmen hutsa da; eraikuntza ideologiko baten emaitza». Garaiko hizkuntza politikaz dugun ikuspegia interpretazio baten emaitza dela uste du. «Euskal Herrian ere, hizkuntza politika uniformizatzailea eta jakobinoa aipatzen ditugu, ustez eta, garaian jakobino guziak iritzi berekoak zirela; laburbideak egiten ditugu». Bere ikerketa lanean, garaian ere eztabaidak izan zirela erakustera eman du Urrutikoetxeak. Beste jakobino batzuek kontrako ikuspegia garatu bazuten ere, garrantzitsua deritzo hizkuntza eta kultura aniztasuna defendatu zuenik ere bazela azpimarratzea.
Halaber, bere ikerketan, garaian dokumentu ofizial batzuk euskarara itzuliak izan zirela ere aurkitu du, iraultzaren aldeko eta kontrakoengandik, bakoitzak bere interesekin. Baina Ahetzeko (Lapurdi) Herriko Etxeko aktak euskaraz ere idatzi zituela aipatu zuen. «Herriko etxean hautu hori egiteak erakusten du bazutela beren nortasuna markatzeko xede bat».
Zuzenbidean hutsunea
Iraultzaren ondorengo hizkuntza politika landu zuen Zabaletak, zuzenbidearen ikuspegitik: 1789tik izan diren hamabost konstituzioetan ez dute hizkuntzaren estatusa arautu. 1992ko konstituzio aldaketan agertu zen lehen aldiz hizkuntzaren gaia, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dion 2. artikuluarekin. «Alta, juridikoki deus gutxi egon bada ere, egon a hizkuntza politika biziki argia. Zentralismo politikoa gailendu da, eta hizkuntza ere ideologia horren hari bat izan da», Zabaletaren hitzetan.
Oinarrizko bi testu aipatu zituen, XX. mende bukaera arte, erabaki juridikoetan erreferentzia gisa hartu direnak frantsesa inposatzeko orduan. Lehena Villers Cotteretseko ordenantza, latinaren aurrean Frantziako ama hizkuntzak hobestea agintzen zuena: «Praktikan frantsesa inposatu zuen». 1794ko dekretua ere ekarri zuen gogora: agiri ofizialak frantsesez idaztera behartu zuen. Gaur egun, oraindik bi testu horiek aipatzen dituzte erabaki juridikoetan. «Epaileek rol garrantzitsua jokatu dute, frantsesa inposatzearen doktrina indartuz. Printzipio juridikoak asmatu behar izan dituzte». 1994an, Toubon legeak, frantsesaren erabilpena behartu zuen eremu publikoan. Beste hizkuntzen erabilpena onartua da, adierazpen askatasunaren izenean, beti ere, hautazkoa bada eta eskubiderik sortzen ez badu. 1951tik nolazpaiteko irekidura hasi zen, lehenik hezkuntzan eta ondoren eremu publikoan tokiko hizkuntzei lekua utzita, eta deszentralizazio politikarekin hori indartu dela azaldu zuen Zabaletak.
III. Errepublika
Frantziako III. Errepublika eta asimilazio politikak aztertu zituen Bidegainek. «1870ean Frantziak Prusiaren kontra galtzea porrot politiko eta diplomatikoa izan zen». Frantziako herritar anitzek ez zekien frantsesez, eta horrek ondorio batera eraman zituen: «Ez zegoen nazio kontzientziarik. Nazio estatutik nazio hiritarretara pasatu beharra azpimarratu zuten». Jules Ferry, garaiko irakaskuntza publikoaren ministroak, derrigorrezko eskola ezarri zuen; derrigorrezko armada ere bai. «Jendea formatzeko beharraz gain helburu politikoak ere baziren: herritarrak frantsestea». Bidegainen hitzetan, frantsesaren inposizioa progresiboa izan zen eskolan. Ez daki neurri «errepresiboak» noiz hasi ziren: «Batzuk oldartu ziren, baina besteek uko egin zioten bere hizkuntzari». Frantzia zer zen irakatsi zietela azaldu zuen, maitatu behar zutela, eta noizbait haren alde gerla egin beharko zutela. «Lanketa politikoa zen, nazio kontzientzia bat eraikitzeko».
Prentsaren garapena ere nazio eraikuntzarako tresna izan zen. «Prentsa irakurtzea sozialki mailaz igotzea zen; frantsesaren bidez zibilizatzea; norbait izateko bidea zen frantsesa». Baserri munduan ez zen lan aski, eta anitz hirira joan ziren, han frantsesa jasoz. «Uste zuten horri esker gehiago zirela». Euskal kantagintza herrikoian erreferentzia anitz ditu joera horrek. 1841ean Espainiak aduana aldatu zuen Ebrotik Pirinioetara krisi ekonomiko larria eraginez; euskaldun anitzek alde egin zuen. «Exodoa modu antolatuan egin zen, emigrazio agenteak baziren. Aldi berean, kostaldera jende anitz iritsi zen Frantziatik». Horrek, aitzineko joerak indartu zituen.
Giro horretan iritsi zen Lehen Mundu Gerra: «25.000 euskaldunek egin zuten gerla, frantses gisa. Teorian ikasitako nazioa odolez praktikan eman zuten». Gerla bukaeran, hildakoen izenekin oroitarriak jarri zituzten herri guzietan. «Herri horiek Frantziako direla errateko modu bat da; frantses kontzientzia eratzeko funtzio ezinbestekoa dute».
Asimilazio politikari begira
Nazio kontzientzia eraiki eta frantsesa zabaltzeko mekanismo anitz erabili ditu Frantziak, iraultza garaitik gaur arte. Horiek aztertu dituzte Baionan, UEUk eta Iratzar fundazioak antolatu ikastaroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu