Asiloa: ziurtasunik batere gabeko bidea

Nazioarteko babesa eskatzeko prozesua ez da «homogeneoa» Euskal Herrian. Burokraziaz eta zalantzaz betetako bidea izanik, asilo eskatzaileek kezkaz bizi dute prozesua. Orokorrean, gainera, eskaerak ezeztatu egiten dizkiete.

Haniya, Javier, Hakim eta Juba asilo eskatzaileak, Oñatiko Larraña Etxean. JON URBE / FOKU
Haniya, Javier, Hakim eta Juba asilo eskatzaileak, Oñatiko Larraña Etxean. JON URBE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Oñati
2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Astelehen arratsaldeak bereziak izaten dira Oñatiko Larraña Etxean, Gipuzkoan: asilo eskaera egiteko lehenengo hitzordua lortu nahi dutenek orduantxe deitu behar dute Espainiako Poliziara. Hori dela eta, Larraña Etxea zentroko asilo eskatzaileak elkartu egiten dira, deiak egiteko prest: hitzordua dutenak eta ez dutenak, denak elkarri laguntzeko prest. Horrela lortu zuten hitzordua Venezuelatik etorritako Zeulysek eta haren senarrak eta semeak. «Sei lagun inguru geunden, denok deika, eta horrela lortu genuen; zorte kontua da». Asiloa eskatzeko, Poliziarekin elkarrizketa bat izan behar dute. Lurralde bakoitzean diferentea da elkarrizketa hori lortzeko prozedura.

Hego Euskal Herrian, Espainiako Asilo eta Babes Bulegoak kudeatzen ditu asilo eskaerak. Ipar Euskal Herrian, berriz, Errefuxiatuak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoak. Zehar Errefuxiatuekin erakundeak argitaratutako Deserrotuak, bipiltze eta mugen arteko ibilbidea txostenaren arabera, egin beharreko burokraziak «izugarri zailtzen» du asiloa eskatzeko prozedura, migratzaileek ez dutelako bidea ezagutzen. Javier, esaterako, otsailean heldu zen Venezuelatik Euskal Herrira, «bizitza hobe baten bila». «Ez nekien ezta Zehar zer zen ere», gogoratu du. Ia zazpi hilabete eman zituen kalean bakarrik, Zehar ezagutu eta Larraña Etxera iritsi zen arte.

«Lehen, ilarak kalean sortzen ziren; orain, berriz, ilarak elektronikoak dira, eta ikusezin bihurtu dira»

JAVIER CANIVELLZehar Errefuxiatuekin elkarteko zuzendaria

«Asiloa eskatzeko prozesua ez da homogeneoa», dio txostenak. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, bakoitzak bere sistema du elkarrizketa horietarako. «Bat bera ere ez da eraginkorra», azpimarratu du txostenak. Eta Javier Canivell Zehar Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak erantsi du: «Lehen, ilarak kalean sortzen ziren; orain, berriz, ilarak elektronikoak dira, eta ikusezin bihurtu dira».

Gipuzkoan, Poliziak hogei hitzordu ematen ditu astelehenero. «Kexarik ohikoena da telefonoa kolapsatu egiten dela», jaso du txostenak. Herritarrek hainbat aste eman ditzakete deika, Poliziak telefonoa hartu arte. Javierrek, esaterako, lau astelehen behar izan zituen hitzordua lortzeko.

«Nik zortea izan nuen, lehenengoan lortu bainuen», adierazi du irailean Iraketik iritsitako beste asilo eskatzaile batek, Sarak. Haren aldamenean eserita daude Hakim eta Haniya senar-emazteak eta haren semea Juba; Aljeriatik heldu dira. Haiek hiru aste behar izan zituzten hitzordua lortzeko. Javier bezala, Larraña zentrora iritsi aurretik, kale gorrian zeuden.

Estualdia, baina giro polita

Horregatik laguntzen diote elkarri. «Astelehen arratsaldea estualdi momentua izan arren, giro polita sortzen da», esan du Nerea Maiztegi zentroko zuzendariak. Ehun asilo eskatzailerentzako tokia du Larraña Etxeak, eta Zeharrek kudeatzen du. Tolosako (Gipuzkoa) Zuloaga Txiki zentroko zuzendaria ere bada Maiztegi.

Hitzordua lortutakoan, asilo eskatzaileek polizia etxera joan behar dute hurrengo egunean. «‘Eskaera aurkezteko borondatearen adierazpena’ ematen diete, elkarrizketa noiz egingo duten zehaztua dutela», zehaztu du Maiztegik. «Hiru hilabetera izan ohi da». Elkarrizketa horretan, bere herrialdea zergatik utzi duen azaldu behar du iheslariak. Eta arrazoiak argudiatzeko dituen froga guztiak aurkeztu behar ditu; hori guztia Espainiako Asilo eta Babes Bulegora bidaltzen dute, hark ebazpen bat har dezan.

Elkarrizketa egin eta sei hilabetera, lan egiteko baimena ematen diete eskatzaileei. Bitartean, ebazpenaren zain geratzen dira. «Ni gaztelania ikasten ari naiz», esan du Sarak. Hizkuntzak ikasteaz gain, ikastaro batzuk egiteko aukera ematen diete Larraña Etxean, «beren beharren eta interesen arabera», zuzendariak azaldu duenez. Aisialdirako gune batzuk ere badituzte. Besteak beste, BERRIAri nola duden kontatzeko elkartu diren gelan telebista handi bat dago, eta kirola egiteko makinak ere badituzte.

Asilo eskatzaile batzuk bazkaltzen, Oñatiko Larraña Etxean. JON URBE / FOKU
Asilo eskatzaile batzuk bazkaltzen, Oñatiko Larraña Etxean. JON URBE / FOKU

Zeulys pozik dago zentrora iritsi zenetik. Esker oneko hitzek eta haren begiradak hori berresten dute. Euskal Herrira iritsi zenean, trasteleku batean bizi behar izan zuten, eta egun osoa kalean ematen zuten: «Gasteizen, izugarrizko hotzarekin, eta haur batekin». Ikastaro batzuk egin ditu Oñatin, eta lan egiteko baimenaren zain dago. Sarak ere ikasi eta lan egin nahi du, oraindik ez badaki ere zer ikasi nahi duen. Javierrek argi du lan egin nahi duela, baita Haniyak ere.

Gipuzkoan bezala, Araban ere adierazpen bat lortzea da asiloa lortzeko lehenengo urratsa. Han, baina, ez dago telefonorik: Internet bidez lortu behar dute hitzordua Poliziarekin. Zeharren arabera, zailtasun ugari sortzen ditu horrek: «Hitzordua lortzeko aplikazioa, normalean, kolapsatuta egoten da. Gainera, eskatzaile askok ez dute baliabide informatikorik eskaera egiteko, edo ez dira gai modu digitalean halakoak egiteko».

Bizkaian ez da adierazpenik lortu behar. Asilo eskatzaileek zuzenean jo behar dute Poliziara, pasaportearen fotokopia eta telefono bat ematera. Behin hori eginda, itxaron egin behar dute, elkarrizketarako hitzordua jaso arte. «Inork ez daki zenbat denbora igaroko den hurrengo hitzordua lortu arte», zehaztu du Zeharrek txostenean. Eta salatu du batzuetan errolda eskatzen dietela asilo eskatzaileei, nahiz eta legeak ez duen exijitzen erroldatuta egotea asiloa eskatzeko.

«Asilo eskatzaile batzuk karrikan bizi dira, eta lehen hilabeteetan ezin dute lan egin. Bizitzeko baldintzak ez dira errazak»

MAITE ETXEBERRICIMADE elkarteko langilea

Eskaera bat Internet bidez eginez hasten dute prozesua Nafarroan, Rafael Paredes SEI elkarteko boluntarioak azaldu duenez. Abokatua izandakoa da, baina erretiroa hartu du; beraz, aholku ematera besterik ez da joaten elkartera. «Eskaera hori egin behar dute, hitzordu bat emateko dei diezaieten». Dei horretan, Atzerritarren Bulegoan aurkezteko esaten diete, eta han ematen diete beste hitzordu bat, eskaera egin ahal izateko. «2026rako ematen dizkiete hitzorduak», kritikatu du Paredesek. «Egia da gero lehenago deitzen dietela, baina lehenengo data horrek gogoa kentzen die prozedurarekin jarraitzeko». Bigarren hitzordu horretan, asilo eskaera egin, eta ebazpenaren zain geratzen dira.

Ipar Euskal Herrira ailegatzen diren migratzaileek Bordelen (Okzitania) egin behar dute lehen urratsa, asilo eskatzaileen lehen harrerako egituran. «Txosten batean jasotzen dituzte beren datuak eta istorioa», azaldu du Maite Etxeberri CIMADE elkarteko langileak. Asilo eskatzaile batzuek aukera dute aterpe sarean sartzeko. Sare horrek, baina, ez du tokirik guztientzat.

Egitura horretan, prefeturara joateko hitzordu bat zehazten diete, asilo eskatzaileen leihatilara, hain zuzen. Bertan, txostena entregatu, eta beren asiloa aztertzen ari direla adierazten duen agiria jasotzen dute. Ebazpena iritsi arte, agiri horrekin adieraz dezakete beren egoera erregularra dela. Azkenik, Parisera joan behar izaten dute euren istorioa kontatzera, eta Errefuxiatuak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoak hartzen du erabakia. «Ez dute erantzunik ematen segidan», azaldu du Etxeberrik.

Ziurgabetasuna eta estutasuna

Asiloa eskatzeko prozesuak ez du iraupen jakinik, Zeharreko zuzendariak azaldu duenez. Horrek eta hitzorduak lortzeko zailtasunek ziurtasunik batere gabe uzten ditu asilo eskatzaileak, eta estutasunean jartzen ditu. Gainera, Canivellek gogora ekarri du kaltetuta datozela beren herrialdetik eta, sarri, tratu txar instituzionala jasaten dutela.

Kolonbiatik etorri da Jorge, eta oraindik ez du adierazpena lortzeko hitzordua lortu. Esan du horrek «angustia» eragiten diola. Hala ere, ez du amore emateko asmorik: «Jarraitu behar dugu deika. Ekin eta ekin, eta pazientzia izan, lortu arte». Iritzi berekoa da Zeulys; adierazi du pazientzia ezinbestekoa dela, eta prozesua zaila dela, baina ez ezinezkoa.

Etxeberriren arabera, emaitza jakin aurretik hasten dira asilo eskatzaileak bere bizitza eraikitzen Euskal Herrian: «Zalantzarekin daude beti, eta zaila da horrela bizitzea». Gainera, aterpe sarean leku gutxi daude: «Beraz, hainbat karrikan bizi dira, eta, gainera, lehen hilabeteetan ezin dute lan egin. Bizitzeko baldintzak ez dira errazak».

Eta lan horrek guztiak ere askotan ez du fruiturik ematen. «Ohikoena da eskaerak ukatzea», esplikatu du Maiztegik. Horretarako, Paredesen arabera, erakundeek erantzuten dute herritarrek ez dituztela arrazoizko argudioak ematen, eta jatorrizko herrialdeek sinatuak dituztela giza eskubideak errespetatzeko Nazio Batuen Erakundearen hitzarmen guztiak. «Askotan, ihesi ateratzen dira beren herrialdetik, korrika, eta ezin dute haien egoera egiaztatzeko frogarik hartu», gehitu du. Etxeberriren arabera, Ipar Euskal Herrian, jatorrizko herrialdearen arabera onartzen edo ukatzen dituzte ebazpenak.

Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Itun berriarekin —oraindik ez dago indarrean—, estatu kideek modua izango dute migratzaileen asilo eskubidea are gehiago murrizteko. Besteak beste, zerrenda bat osatuko dute, herrialde seguruak izendatzeko eta handik etorritakoei asiloa ez emateko.

Beti, baina, ez dituzte asilo eskaerak ukatzen. Azken urte hauetan, salbuespen bat egon da, Zeharrek gogoratu duenez: «Ikusi dugu harrera sistema nola egokitu den krisi oso jakin batera: Ukrainako gerraren hasieran sortutako errefuxiatuen krisira. Azkar erantzun zitzaion ukrainarrak hartzeko beharrari, eta Europako Batasun osoan zabaldu ziren horretarako baliabideak». Canivellen ustez, «praktika ona» da ukrainarrekin egindakoa, bi egunean egiten dituztelako dokumentazioari dagozkion tramiteak. Hortaz, Zeharrek bota du galdera: «Borondate politikorik eza da? Ala batzuk barruan eta besteak kanpoan uzteko borondatea?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.