Loiuko aireportuan (Bizkaia) aste eta erdi egon ondoren, Espainiako Barne Ministerioak eta Asilo eta Aterpe Bulegoak ez diote onartu asilo eskubidea Mendebaldeko Saharako herritar bati. Gizona hamar egunez egon da aireportuko ez-onartuen gelan bizitzen, haren dokumentazioa ez zutelako onartu, eta Marokora deportatua izateko arriskuan dago orain. Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin erakundeko presidenteak azaldu duenez, ordea, herritar sahararrak aurkeztutako pasaportea eta Espainian sartzea baimentzen dion zigilua eguneraturik daude. Egoeraren larritasuna ikusita, beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea jartzea erabaki du Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak; Saharako gizonaren deportazioa eragoztea eta Espainian sartzeko baimena ematea eskatzen diote justizia auzitegi horri. «Izan ere, Marokora bueltatzea arriskutsua izan daiteke berarentzat. Espetxeratuko duten beldur da, eta Poliziari eskatu dio Maroko ez den beste edonora itzularaz dezatela», adierazi du Galparsorok.
Hain zuzen, Marokotik zetorren hegaldi batean heldu zen Saharako herritarra, ekainaren 23an, eta egun horretan bertan eraman zuen Espainiako Poliziak Loiuko aireportuko ez-onartuen gelara. «Hegazkinen pisten ondoan dago, zerbitzariak eta pilotuak ibiltzen diren korridoreetatik gertu. Ez da batere erraza bertara heltzea». Bere egoeraren inguruan galdetu ziotenean, asiloa eskatzeko asmoa zuela erantzun zien Saharako gazteak poliziei. Hurrengo egunean, eta lortutako abokatuen bitartez, asilo eskaera egin zien Espainiako Barne Ministerioari eta Asilo eta Aterpe Bulegoari. «Dokumentu baten bitartez, bere kasua aurkeztu zien. Segurtasun kontuengatik ezin dut zehaztapen handirik eman, baina kasu zaila dela badakigu», azaldu du erakundeko presidenteak. Eman ahal izan dituen datuen arabera, hamar egunez atxikitako sahararrak 24 urte ditu, zuzenbidea ikasten ari da Agadirreko (Maroko) unibertsitatean, eta «aktibista nabarmena» da. «Haren familiak ihesean joan behar izan zuen Frantziara, eta errefuxiatu gisa bizi dira egun».
«Antzeko beste kasu bat izan genuen Kanaria uharteetan. Saharar bati asilo eskubidea ukatu zioten. Marokora itzularazi bezain laster, Poliziak espetxeratu egin zuen».
JAVIER GALPARSOROZehar-Errefuxiatuekin-eko presidentea
Asilo eskubidea ukatu ziotenean, kasua berriz aztertzeko helegitea aurkeztu zuen Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak, Saharako hainbat eragileren eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren babesarekin. Baina Espainiako Gobernuak ez zuen onartu. Ondorioz, Saharako herritarra deportatzeko ahalmena du egun Espainiako Poliziak: «Oraindik ez dakigu noiz eta nora itzularaziko duten. Bihar bertan deportatu dezakete, goizeko lehenengo hegaldian. Litekeena da Marokora bidaltzea, herrialde horretatik etorri baitzen». Deportazioa eragozteko, beste helegite bat aurkeztuko du erakunde horrek Espainiako Auzitegi Gorenean; aldiz, Galparsorok ezin du ziurtatu eraginkorra izango denik. «Antzeko beste kasu bat izan genuen Kanaria uharteetan. Saharako herritar bat heldu zen lurralde horretara, baina asilo eskubidea ukatu zioten. Marokora itzularazi bezain laster, Poliziak espetxeratu egin zuen». Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta zigorra betetzen ari da oraindik ere.
Aberrigabezia eskubidea
Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak, gizona Espainian sartzeko baimena eskatzeaz gainera, «pisuzko» eskubide bat aitortu dio UNHCRak Loiuko aireportuan atxikita dagoen sahararri: aberrigabezia eskubidea. Asilo eskubidearekin nahasten da maiz, baina, Galparsorok berak azaldu duenez, ez dute zerikusirik. «Alde batetik, aberrigabezia eskubidearen onarpena lortzeko prozesua askoz ere luzeagoa da, eta, bestetik, estatutu desberdinak dituzte». Hala ere, UNHCRk Saharako herritarraren aberrigabezia eskubidea onartzeko ere eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Ezin dugu itxaron horren inguruko ebazpenaren berri izan arte; ziurrenik, deportazio agindua edo Espainian sartzeko baimena askoz lehenago iragarriko dute», ziurtatu du Galparsorok.
Hain zuzen ere, deportazio agindua saihesteko gakoa bizkor lan egitea da. Hala adierazi du Zehar-Errefuxiatuekin-eko presidenteak: «Ahalik eta azkarrena ari gara lanean, baina aski zaila da. Baldintzak oso prekarioak dira: Saharako gazteak ez daki gazteleraz, eta interpreteen bitartez egin behar dugu lan». Ondorioz, istorioaren zehaztapen asko bidean galtzen dituzte, eta horrek galarazi egiten du kontakizun osatu bat eraikitzea. «Espainiako Gobernuak hamaika asilo eskaera jasotzen ditu egunean, eta herritar saharar horren egoera zein den badaki. Guk demostratu behar diogu Espainian sartzeko baimena merezi duela, eta hori lortzeko zehaztapenak behar ditugu».