Asilo eskaera egin nahi duten etorkinak hartuko dituzte Bidarten

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Bidarteko (Lapurdi) aterpetxe bat migratzaileen eskuko ezarri du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Agiri baten bidez zehaztu dute 50 lagun aterpetzen ahalko dituztela bertan, gehienez ere otsailaren 20ra arte. Atherbea gizarte laguntzarako elkarteak kudeatuko du egitasmoa, eta prefeturaren aginduz jarriko dute martxan, datozen egunetan.

Prefeturak zehaztu du Calaiseko kanpalekutik (Frantzia) ekarriko dituztela migratzaileak, asilo eskaera bertatik egin ahal izateko, edo, beren, egoeraren arabera egitura «egokietara» bideratzeko. Prefeturak argudiatu du «Frantziako elkartasun nazionalaren izenean» plantan ezarri duten egitasmoa dela, «gainezka diren gune batzuk libratzeko». Segurtatu dute aterpetxearen barnean «joan eta etortzeko askatasuna» izango dutela, eta aterpea eta janaria eskainiko zaizkiela. Gehitu dute: «Gerretatik eta jazarpenetik ihesi datozen horiei harrera egitea helburu humanitario bati erantzutea da».

Ez da lehen aldia Frantziako Gobernuak halako egitasmo bat martxan ezartzen duela. Izan ere, 2015ean 49 errefuxiatu hartu zituzten Baigorrin (Nafarroa Beherea), Calaiseko «oihanetik» ekarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.