EUSKAL PRESOAK

Asier Ezeiza euskal preso ohia berriz epaitzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Maiatzean gelditu zen aske, Frantziako zigorra bete ondoren. Urte hasieran Madrilera eraman zuten epaiketa bat egin ziezaioten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zion. Epaiketa hori errepikatzea nahi du Gorenak.

Asier Ezeiza, eskuinean, joan den maiatzean, aske geratu berritan. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 24a
12:03
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak agindu du berriro egin dadila Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Ezeiza euskal preso ohia absolbitzeko sententzia eman zuen epaiketa. 2003an Alicant eta Benidormeko (Herrialde Katalanak) hotel batzuen aurka egindako bi atentaturengatik epaitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Ezeiza, urte hasieran. Bertzeak bertze kalte «terroristak» egitea, polizien aurkako sei hilketa saiakera eta bertze zortzi hilketa «terrorista» saiakaera leporatzen zizkioten. Martxoaren 9ko sententzian absoluzioa agindu zuen epaileak Ezeizarentzat, ebatzita ez zegoela atentatu horietan zuzenean parte hartu zuela erakusten zuen frogarik.

Gorenak baliogabetu egin du orain epai hori, eta auzia berriro egitea galdegin du, leherketa horietan «lagundu izana» ez zuelako aztertu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gorenak oroitarazi du, bertzeak bertze, Auzitegi Nazionalak egiaztatutzat eman zuela Ezeiza ETAko kidea zela, eta 2003ko udan Herrialde Katalanetako kostaldean ETAren eskariz hainbat «kudeaketa» egin zituela: leherketak gertatu ziren inguruneko hoteletan gela batzuk erreserbatzea eta Valentzian etxe bat alokatzea, kasurako. Gorenaren ustez, Ezeizak atentatu horietan izan zuen parte hartzea zehazteko, aztertu behar da euskal preso ohia «kontziente ote zen erakundearen enkarguz egin zituen kudeaketa horiek kanpaina baten zerbitzura zeudela, eta kanpaina horretan, ziurrenik, pertsonen bizitzari edo osotasun fisikoari kalte egiteko eta eraso egiteko ekintzak sartzen zirela». 2003ko atentatuetako biktima baten helegiteari kasu eginez eskatu du Gorenak auzia errepikatzea —hamalau lagun zauritu ziren leherketen ondorioz—.

Maiatzean gelditu zen Ezeiza aske, Frantziako kondena beteta. Zigorra Euskal Herrian bukatu zuen, halere. Izan ere, urte hasieran Madrilera eraman zuten epaiketa hori egitera, eta COVID-19aren ondorioz Zaballako espetxean (Araba) egin zituen azken asteak. 2008an atxilotu zuten Hernaniko euskal preso ohia, Frantzian, ETArekin lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.